Albistea entzun

GERRA UKRAINAN

Errusiak bukatutzat eman ditu mugan miliziekin izandako liskarrak

Kremlinek jakinarazi duenez, azkeneko bi egunetan Errusiako Belgorod eskualdean Moskuko soldaduen aurka borrokatu diren «70 terrorista ukrainar» baino gehiago «ezereztu» ditu

Ukrainako armadako soldadu batzuk mortero bat jaurtitzen, atzo, Donetsk eskualdean
Ukrainako armadako soldadu batzuk mortero bat jaurtitzen, atzo, Donetsk eskualdean EFE

Igor Susaeta -

2023ko maiatzak 23 09:16

Kremlinek amaitutzat eman ditu azken bi egunetan Ukraina ekialdearekin muga egiten duen Errusiako Belgorod eskualdean piztutako borrokak, eta lurralde horren kontrola atzera bereganatu duela nabarmendu du. Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi zuenez, «ezereztu» egin ditu atzo arratsaldean hara sartu ziren «70 terrorista ukrainar baino gehiago». Kieven arabera, baina, horiek ez dute zerikusirik Ukrainako armadarekin, eta Kremlinen kontra borrokatzen direla dioten erbesteratu errusiarrez osatutako miliziak dira Belgoroden borrokatu direnak. Boluntario Errusiarren Taldea eta Errusiaren Askatasuna Legioa miliziek, hain zuzen, gertatutakoaren erantzuleak direla nabarmendu dute.

Eta gaur arratsaldean, Errusiak «talde armatu nazionalistak deuseztatu» zituela adierazi baino apur bat lehenago, bi milizia horiek sare sozialetan azpimarratu dute Errusiako armadak ezin izan ziela aurre egin. Zabaldu dituzten bideoetan ikusten da ibilgailu militarren gainean doazela eta Errusiako lurretan daudela.

Atzo sartu ziren, eta adierazi zuten Kozinka herri mugakidea hartu zutela. Errusiako agintariek erabaki zuten alerta «antiterrorista» ezartzea eta bederatzi herritako zibilak ebakuatzea. Viatxeslav Gladkov Belgorodeko gobernadoreak gaur azaldu duenez, goizaldean eskualdeko Graivoron herriko bi etxebizitza blokeri eraso egin diete droneekin. Jakinarazi du, bide batez, erasoen ondorioz hamar pertsona zauritu direla eta adineko emakume bat zendu dela ebakuatzen ari ziren bitartean. Behin krisia bukatutzat emanda, gaur arratsaldean, Errusiak bertan behera utzi du alerta «antiterrorista».

Ez da molde horretako milizia bat Errusiako lurretan sartzen den lehendabiziko aldia. Errusiako zenbait hedabide independentek kaleratu dutenez, Errusiako Briansk eskualdean oraingoaren antzeko sartu-irten bat egin zuela aldarrikatu zuen Boluntario Errusiarren Taldeak, duela zenbait aste. Denis Kapustin du buru, eta, komunikabide horien arabera, neonazi bat da. Iazko abuztuan sortu zuten taldea, baina 2014an Donbassko gatazka hasi zenetik, horren kide gehienak Azov batailoi paramilitarrarekin —eskuin muturreko talde armatu bat da— borrokatu ziren Errusiak babestutako indarren kontra.

Errusiaren Askatasuna Legioa, bestalde, iazko martxoan sortu zuten, eta, hedabide independenteek diotenez, nagusiki Errusiako armadatik ihes egin dutenak eta eskarmentu militarrik gabeko herritar errusiarrak eta bielorrusiarrak ditu kide. Sare sozialetan diotenez, «Vladimir Putinen erregimena erauztea» dute helburu.

Bestalde, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea frontean egon da gaur, Ukrainako Marinako Kideen Eguna ospatzen dutela baliatuz. Iturri ofizialek esan dute Donetsk eskualdean izan dela, baina ez dute zehaztu non.

F-16ekin entrenatzen

Mendebaldeak baieztatu du babestuko duela Ukrainako armadako pilotuak F-16 gerra abioiak gidatzeko entrenatzea, eta Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak erabaki hori txalotu du gaur. Jakinarazi du formakuntza hori hasia dutela zenbait herrialdetan; «esaterako, Polonian». Varsoviak esan du, baina, oraindik ez direla hasi.

EBko estatu kideetako Defentsa ministroak Bruselan bildu aurretik mintzatu da, eta azaldu denbora beharko dela formazio hori gauzatzeko. Nabarmendu du, bide batez, horrek ateak irekitzen dizkiola Ukrainari berari gerra abioi horiek emateari. Aliatuen artean ez dago adostasunik horren inguruan.

Eta horrekin lotuta, gaur Bruselan Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak adierazi du F-16ak gidatzeko pilotu ukrainarrei emango zaien trebakuntzak erakusten duela aliatuak prest daudela epe luzera ere Ukrainari laguntzeko.

Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileari horri buruz galdetu diote gaur, egunero egiten duen agerraldian, eta erantzun du Kievek F-16ak edukita ere gerra fronteko egoera ez dela «nabarmen» aldatuko. «Argi ikusten dena da arma eta ekipamendu militar gero eta sofistikatuagoa entregatzen jarraitzen dutela».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, Miguel Diaz-Canel Kubakoa eta Antonio Garcia ELNren lehen komandantea, gaur, Habanako agerraldian ©Kolonbiako Presidentetza

ELNk eta Kolonbiako Gobernuak aldebiko su etena adostu dute

Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor

Menia abuztuaren 3an sartuko da indarrean, eta urte erdi iraun beharko luke. Akordioak gizarte zibilaren parte hartzea jasotzen du negoziaturikoak arrakasta izateko.

Gerhard Kraner Austriako Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, atzoko bilkuran, Luxenburgon ©JULIEN WARNAND / EFE

EBko estatu kideek 30.000 asilo eskatzaile banatzea adostu dute

Ander Perez Zala

Barne ministroek migrazio eta asilo legeak erreformatzea lortu dute. Zigorrak gogorragoak dira: ukaturiko iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte.

Donald Trump, duela hiru asteko argazki batean ©EFE

Trump inputatu dute, Mar-a-Lagoko sekretupeko dokumentuengatik

Igor Susaeta

AEBetako presidente ohiaren defentsaren arabera, zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea

Belarra eta Diaz elkarrekin, iazko ekainean. ©EFE

Podemos ere Sumarren barruan aurkeztuko da hauteskundeetara

Igor Susaeta

Ione Belarrak nabarmendu du Montero «sakrifikatzeko» eskatu diela Diazek, eta «bidezko akordio bat» galdegin du. Koalizioak erregistratzeko epea bukatu baino ordu batzuk lehenago aurkeztu dute. Podemosek zortzi diputatu eskuratzeko aukera izango du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...