Bi enpresari atxilotu dituzte Bilbon, bost langile esplotatzeagatik

Hilean 200 euro irabazten zituzten asteko egun guztietan bederatzi ordu lan egiteagatik, arropa josteko lantegi batean. Espainiako Poliziak egin du operazioa.

Espainiako Poliziak Bilboko lantegian egindako operazioa. ESPAINIAKO GOBERNUAREN EAEKO ORDEZKARITZA.
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 24a
12:18
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Poliziak bi enpresari atxilotu ditu Bilbon, arropa josteko lantegi batean jarduten zuten bost langile esplotatzeagatik. Langileek ez zuten ez bizileku baimenik, ezta lan baimenik ere, eta asteko zazpi egunetan egiten zuten lan, 07:00etatik 16:00etara, hilean 200 euroren truke. Espainiako Poliziaren Atzerri eta Muga Brigadak egin du operazioa, Bizkaiko Lan Ikuskaritzarekin batera.

Bilboko Ametzola auzoan dago arropa lantegia, eta, Poliziak ikuskapena egitean, sei langile aurkitu dituzte, horietako bost egoera irregularrean. Langileek beraiek adierazi diote Poliziari zeintzuk diren beren lan baldintzak. Langileen eskubideen aurkako delitu penalez gain, esplotatutako langile bakoitzeko 13.000 euroko zigorra ordainduko dute, delituak demostratzen badira: 10.000 euro baimenik gabeko langileak izateagatik, eta 3.000 euro Gizarte Segurantzari iruzur egiteagatik.

Langileen arabera, baldintza horietan lan egiten jarraitzeko mehatxu egiten zieten enpresariek, esanez Poliziari abisua emango zietela eta herrialdetik botako zituztela. Horrez gain, atea barrutik ixten zuten, ikuskapenak saihesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.