Solasaldia

Elkarri lotutako errealitateak

Edurne Azkarate eta Itziar Ituño sorkuntzaz eta feminismoaz aritu dira hizketan ‘Urdin elektrikoa’ solasaldian. 'Pikara Magazine'-k eta Bira kulturguneak elkarlanean antolatu dute, eta June Fernandez kazetaria aritu da gidari.

Edurne Azkarate eta Itziar Ituño aktoreak, atzo iluntzean, Bilboko Bira kulturgunean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko maiatzaren 24a
13:23
Entzun

Bilboko Bira kulturguneko bozgorailuetan Irati filmeko soinu banda entzuten dela igo dira oholtza gainera Itziar Ituño eta Edurne Azkarate. Bi aktoreek Paul Urkijoren pelikula horretan ezagutu zuten elkar, eta, orduko eztanda pixka bat baretu dela aprobetxatuz, berriro ere elkartu dira orain Urdin elektrikoa solasaldian. «Egin dezakegu elkarrizketa osoa musika honekin?», esan du June Fernandez kazetari eta saioaren gidariak. «Ederra da, bai», erantzun dio Ituñok. Musika eten, eta abiatu da solasaldia. Ordu eta laurden inguruko saioa osatu zuten atzo iluntzean, eta publikoa gustura egon zen bien arteko bizipenak entzuten. Pikara Magazine-k eta Bira kulturguneak elkarlanean antolatzen dute Urdin elektrikoa proiektua. Feminismoa da saio guztien ardatza, eta sortzaile andanak parte hartu dute.

Bien arteko elkarrizketari hasiera emateko, bi aktoreak aurkeztu ditu Fernandezek. Ituño izan da lehenengoa. Aktorea Goenkale eta La casa de papel telesailetan aritu zen, besteak beste, eta horietako bakoitzean interpretatu izan dituen rol feministen inguruan galdegin dio kazetariak. Honela erantzun dio: «Emakume naizen heinean, eta feminista naizen heinean, halako gaiak nigana datozenean ez dut zalantzarik izaten. Niretzako interesgarriak diren istorioak kontatzea da nire helburua, eta horretan nabil. Telesail txiki batek niretzat asko esan dezake. Garrantzia dauka non inplikatu».

Azkarate betidanik ibili izan da antzerkigintzan, eta Irati izan da egin duen lehen filma: «Egia esan, badut lana eta gustatzen zait gauza txikietan aritzea. Zinemari dagokionez, behatz potoloarekin ukitu izanaren sentsazioa daukat. Asko ikasi dut, baina oso mundu hauskorra da, eta ez dakit hemendik aurrera zer gertatuko den. Simulakro bat bezalakoa izan da, eta oraindik ez dut ikusi nola tratatuko nauen». Ituñok ere sentsazio bera izan zuen Loreak filma amaitutakoan: «Filmak sekulako boom-a izan zuen, baina eztanda amaitu, eta langabezian igaro nuen hurrengo urtea. Norberak berrasmatu behar izaten du. Nire kasuan, ipuin kontalari aritu nintzen eskolaz eskola».

Ikusgaitasuna ere izan dute hizpide bi aktoreek. «Nik orain irudipena dut leku guztietan nagoela, baina gero Itziar ikusten dut, eta lasaitzen naiz», Azkaratek. Barre egin du publikoak, baina serio jarraitu du gero: «Indartsu egon behar duzu hemen egoteko».

Emakumeen artean borrokatu baino gehiago autoritatea partekatu behar dela esan zuen saioetako batean Ines Osinagak, eta, hain zuzen, horri heldu diote hurrengo galderan: batak bestearen aurkezpena egin behar izan du. Ituño hasi da: «Edurne da neska bat ahots fina duena, baina oso indartsua». Irati-ren filmaketan egun gutxitan aritu ziren elkarrekin, baina, denbora laburrean lortu zuten konexioa nabarmendu du aktoreak. Mariren pertsonaia interpretatu zuen Ituñok, eta Irati izan zen Azkarate. «Performancea egingo dugu», esan du Azkaratek. Eserlekutik altxa, eta Ituñoren oinetan eseri da, Ituñok ilea orrazten dion bitartean. Azkarateren txanda izan da gero: «Borroka txikien eta kolektibo zaurgarrien defendatzailea eta maitalea da Itziar. Maitasunetik, sentimendutik eta egiatik lan egitea gustatzen zaio».

Filmeko pertsonaia bakoitzaren lanketa ere aztertu nahi izan dute. «Ni, lehenengo eta behin, crossfit-era apuntatu nintzen», esan du Azkaratek. Barre egin du publikoak, eta segidan eman du azalpena: «Beharra nuen gorputzera eta psikologiara ekartzeko filmaketa prozesuak ekarriko zuena». Gerora, pertsonaia lurrera ekartzea izan da haren helburu nagusia: «Pentsatzen nuen pertsonaiari gehiegi ematen banion suntsitu egin nezakeela. Irati pertsonaia zen, baina izaki bat zen; beraz, pertsonen aldaerak ekartzen ahalegindu nintzen. Euskara mota horrek ere asko lagundu ninduen pertsonaia prestatzen». Ituñoren hitzetan, «opari bat» izan zen Mariren pertsonaia interpretatzea, baina nondik hasi?: «Pila bat landu nuen testua, baina ez dakizu ondo nola interpretatu. Ez daukazu jantzirik, eta halako gauzek laguntzen dute pertsonaia osatzen. Pertsonaian sartu nintzela konturatu nintzen gorputz osoa hennaz tatuatu zidatenean: jainkosa bat nintzen! Gerora, kobazulora sartu nintzenean, arropek… lagundu zidaten pertsonaian barneratzen». «Itziar Mari da. Ez da pertsonaiatik irten», gaineratu du, barrez, Azkaratek.

Filma ikuspegi feminista batetik landu dutela uste du Azkaratek: «Alde horretatik kontuz ibiltzen ginen; harreman horizontal bat eraiki nahi izan genuen: nola elkar lagundu, baina pasatu gabe. Paulek une oro onartzen zituen gure berrikusketak».

Halaber, filmean erabilitako euskarak ere eman zuen zeresana. Euskararen harira, gainera, polemika piztu zen duela hilabete batzuk Azkaraterekin. «Benetan elkarrizketa hori aipatuko duzula?», esan du aktoreak. Hala Bedi irratian egindako elkarrizketaz ari da. Jendea «bigarren mailako euskaldun» izateaz «nazkatu» egiten dela aipatu zuen bertan, eta adierazpen horrek hautsak harrotu zituen Twitterren. Ituñok ere bizi izan zuen polemikaren erdian egote hori. Euskal presoen eskubideak bermatzearen alde agertu zen aktorea bideo batean, eta, horren harira, La casa de papel telesaila boikotatzeko deia egin zuten: «Ateak itxi egiten zaizkizu; proiektu asko geratzen dira bertan behera bat-batean; baina, trukean, maitasun pila bat jaso nuen Euskal Herritik. Gaur egun ere sorgin ehizak egunero gertatzen dira, eta krudela da. Halako boikot potente baten ostean, ukituta geratzen zara, baina haiek nahi dutena egiten baduzu, ez zoaz aurrera». Txalo zaparrada izugarria jo dio publikoak Ituñori: «Emozionatu egingo naiz».

Euskal filmen politika ere izan dute hizpide. «Hau meloia», bota du Ituñok: «Nik uste dut euskara indartzeko beharra badugula. Gaztelaniaz eginez gero, badakizu lan gehiago egingo duzula, gehiago kontratatuko zaituztela… Halako gauzak mingarriak dira niretzat, euskararen militantea naizelako». Azkaratek ere bat egin du Ituñorekin: «Errealitate bat hainbat hizkuntzatan islatuko baduzu ondo. Paul, egia esan, oso burugogorra da, eta erabaki zuen Irati euskaraz egitea, baina tentazio asko iritsi zitzaizkion. Posizionatzen den jendea behar da».

Antzerkigintza

Solasaldiaren amaieran, antzerkigintza arnasgune bat ote den galdetu die Fernandezek bi aktoreei. Ituñok «sekulako lana» dela nabarmendu du: «Ezberdina da: zuzenean da, behin gertatzen da, eta magia hori dauka, baina, era berean, era prekarioan bizitzera kondenatzen zaitu». Azkarateren kasuan, «leku aske bat» da antzerkia: «Zinema munduan edo ikus-entzunezkoetan ez dudan ahalmena ematen dit antzerkiak: neure buruaren zuzendari izateko aukera. Beste leku batzuetan ez dut eskumenik edo ahalmenik; hortaz, antzerkia leku aske bat da niretzat. Prekarioa izango da, eta lan gehiago eskatuko dit, baina garrantzitsua da niretzat leku hori mantentzea».

Solasaldia borobiltzeko, Itziar Ituñok Joseba Sarrionandiaren Kiromantzidxa olerkia irakurri du ahots goran. Txalo eta txistu artean, pozik irten da publikoa Bira kulturgunetik. «Amaitu da sufrikarioa», esanez borobildu du saioa Fernandezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.