KOLERA
Astebetean hamabost lagun hil dira Hegoafrikan koleragatik
Ia ehun lagun erietxera eraman dituzte, artatuak izan daitezen. Arduragabekeriaz jokatzea egotzi diote herritarrek gobernuari, ura garbitzeko borondaterik ez izategatik.

Koleraren oldarraldia gogor ari da jotzen Hegoafrikako Gauteng eskualdea, herrialdeko probintziarik populatuena. Izan ere, Gautengeko osasun sailak iragan igandean kolera agerraldi baten berri eman zuen Hammanskraalen (Tshwane), Pretoria hiriburu administratibotik 50 bat kilometrora, eta gutxienez hamabost pertsona hil dira izurriagatik aste honetan, hiriko gobernuak emandako azken datuen arabera. Hildakoez gain, ia ehun lagun erietxera eraman dituzte artatzera, eta iturriko ura ez edateko eskatu diete biztanleei. Herritar gehienek, ordea, ur hornidura falta dute etxeetan.
Orotara, 41 kasu atzeman dituzte dagoeneko herrialde osoan; horietatik 34 Gautengen, sei Free Staten eta bat Limpopon, Osasun saileko bozeramaile baten arabera. Hori bai, erantsi du Free State eskualdean identifikatutako kasua ez dagoela gainerakoekin lotuta.
Gautengeko biztanle askok gobernuari leporatu diote ur edangarriaren eta etxeko beste erabilera batzuetarako faltaren errua. Hammanskraalen, herritar batek Al-Jazeera hedabideari azaldu dio ez dela oroitzen hirian iturriko ura kontsumorako «egokia» zen garairik. «Mundu guztiak du ur garbia izateko eskubidea». Herritar horren esanetan, 53 urteko bere lehengusu bat koleragatik gaixotu eta astebetera hil zen. «Iturriko ura marroia da, eta zikina dago», esan dio beste herritar batek Ekialde Hurbileko komunikabide horri. «Arduragabekeriaz» jokatzea ere egotzi diete agintariei, ura garbitzeko borondaterik ez izategatik.
Udalak, berriz, kaleratutako ohar batean adierazi du Hammanskraalgo ura ez dela edangarria. Arazo horri aurre egiteko, hiria ur kamioiak erabiltzen ari da azken egunotan herritarrei ura eramateko. «Tshwaneko uraren auzia arazo bat izaten ari da azken urteetan», aitortu du Ur eta Saneamendu ministrorde David Mahlobok hedabideen aurrean egindako agerraldi batean.
Kolerak beherakoa, goragalea eta ahulezia eragin ditzake, besteak beste, eta, batez ere, kutsatutako jakien edota uraren bidez hedatzen da. Hegoafrikan otsailean atzeman zituzten aurtengo lehen bi kolera kasuak. Bestalde, Mozambike eta Malawi dira izurriak aurten gehien jo dituen Afrikako herrialdeak, Nazio Batuen Erakundearen arabera.
Goranzko joera
Unicefek berak ohartarazi du azkenaldian mundu osoan izan diren kolera agerraldien «tamaina» inoiz ez bezalakoa dela. Hori nabarmendu zuen Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtseko Osasun Larrialdien zuzendari Jerome Pfaffmanek, lehengo astean. Izan ere, aurten 23 herrialdek jakinarazi dute agerraldiak izan direla, eta, Unicefeko buruzagiaren esanetan, beste 22 horiek nozitzeko arriskuan daude.
Azkeneko hamarkadan, modu esanguratsuan jaitsi dira kolera agerraldiak, baina Unicefek azpimarratu du 2021ean irauli egin zela joera hori.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.