Senpereko jabetza bat 1,3 milioi euroan jarri dute salgai, eta herritarrek espekulazioa salatu dute

Saferrek estimatu baino hiru aldiz garestiago dago jabetza salgai. Herritarrek, botere publikoen ezaxolakeria salatu, eta natura defendatzeko deia egin dute.

Senpereko herritar kolektiboaren elkarretaratzea sagai den jabetzaren aurrean. GUILLAUME FAUVEAU
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko maiatzaren 24a
16:08
Entzun

Senpereko (Lapurdi) eta inguruetako herritar kolektiboak elkarretaratzea antolatu du gaur etxe baten salmenta espekulatiboa salatzeko. Senperen da etxea, eta 1,3 milioi euroan dago salgai. Herritarrek kezka adierazi dute laborantza eta naturagunearekiko «interes pribatu espekulatiboek» ukaiten ahalko lituzketen interesez. Botere publikoen «ezaxolakeria» ere salatu dute.

Salmentan sartzen dira: etxebizitza bat, 7 hektareako laborantza lur bat, 2 hektareako urmael bat eta oihan eremu zabal bat. Guztira jabetzak 50 hektarea baino gehiago dituela azaldu dute kolektiboko kideek. Saferrek estimatu baino hiru aldiz garestiago dago salgai, 1,3 milioi euroan. Ekainaren 5era arte du egiturak jabetza erosi nahi duen adierazteko. Alta, kolektiboaren arabera «begi bistakoa» da Saferrek erosketari uko eginen diola, prezio horretan erostea «bere printzipioen kontrakoa baita».

Jabetza hori laborantzara bideratuko denik ez dute uste. Izan ere, herritarren arabera, nahiz eta gaur egun laborantzarako lur eta naturagune izendatuak diren, ezerk ezin du ziurtatu hemendik 10 urtera han eraikitzeko baimena emango ez dutenik: «Ez dezagula geure burua engaina: prezio horretan, ez dira izango lurrak laborantzara bideratuko dituzten erosleak, baizik lur espekulatzaileak».

Kezka adierazi dute gaur egungo «krisi sozial» eta «ekologikoaren» inguruan, eta, «ondasun natural amankomun hori defendatzeko deia» egin dute. Bide beretik, botere publikoen «ezaxolakeria» salatu dute; besteak beste, salmenta honen aurrean Senpereko Herriko Etxea eta Euskal Hirigune Elkargoa posizionatu ez izana. Botere publikoen erantzukizuna ekarri dute gogora, eta, «lurrak bere bokazio naturala atxiki dezan», salmenta ezeztatzeko eskatu diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.