Ultzama, Anue eta Odietako zenbait eremu «premiaz» desjabetuko dituzte, edateko uraren horniketa hobetzeko

Herri batzuetan ur horniketaren sarea hobetzea planteatzen dute, eta bertze batzuetan biltegiak berritzea

Herrietako obrek uraren kalitatea hobetuko dute. ANDONI CANELLADA / FOKU
2023ko maiatzaren 24a
17:08
Entzun

Iraizozko (Ultzama, Nafarroa), Leazkueko, Burutaingo (Anue, Nafarroa) eta Gelbentzuko (Odieta, Nafarroa) edateko uraren horniketa hobetzeko obrak egiten dabiltza. Nafarroako Gobernuak gaur adierazi du lan horiek «bizkortzeko» zenbait lur «premiaz» desjabetu behar direla.

Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatea da Ultzamako, Anueko eta Odietako udalei ur zerbitzua eskaintzen diena. Mankomunitate horrek joan den urtearen bukaeran onartu zituen obra proiektu guztiak eta desjabetzeak «premiaz» egiteko Nafarroako Gobernuari eginiko adierazpenak.

Iraizotzen eta bertako urbanizazioan horniketa sarea berritu nahi dute. Izan ere, herriko iturrietatik kontsumitzen dute ura, eta biltegia dagoen lekutik ura erabiltzen den lekua bitarte berritze lanak egiten badira, «aldian aldiko eskasia ekidinen da, eta kontsumitzen den uraren kalitatea hobetuko da». Leazkuen ere herriko iturriak darabiltzate, eta obrek «uraren erregulartasuna eta osasungarritasuna» hobetuko dute.

Gelbentzun, ordea, edateko ura erregulatuko duen biltegi berri bat eginen dute. Izan ere, egun duten ur zerbitzuak «osasungarritasun eta kantitate arazoak ditu». Beraz, obrak «lehenbailehen» hasteko eskatzen dute. Burutainen ere antzeko lanak egitea planteatzen dute. «Herritarren kontsumoari erantzuteko beste» ur izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.