Siria

Salatu dute Siriak bereganatu egin dituela iheslarien jabetzetako asko

2012az geroztik, Al-Assaden gobernuak hainbat lege onartu ditu pribatuak ziren jabetzak eskuratzeko.

Errefuxiatu siriarrak Libanoko Arsal barrutia utzi eta Siriara itzultzeko prestatzen, iaz. WAEL HANZEH, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko maiatzaren 25a
17:30
Entzun

Badira hamabi urte Siriako gerra zibila piztu zela eta milaka herritarrek etxea utzi behar izan zutela, beste eskualde batera edo atzerrira joateko —2015ean milioi batetik gora siriar heldu ziren Europara—. Iheslari haiek hartu zituzten herrialdeetako asko, baina, hasiak dira pentsatzen nola itzularazi errefuxiatuak Siriara. Horietako bat da Turkia; presidentetzarako kanpaina betean, bi hautagaiek iragarri dute «berehala» hasiko direla desplazatu siriarrak kanporatzen. Izan dira etxera beren kabuz itzuli direnak ere, eta, hori egin dutenean, asko ohartu dira eurenak ziren lurrak eta etxeak estatuarenak direla orain. Hala salatu du egoitza Erresuma Batuan duen Siriako Giza Eskubideen Behatokiak.

Gobernuz kanpoko erakundeak atzo plazaratutako ikerketaren arabera, Baxar al-Assaden gobernuak hainbat lege onartu ditu 2012az geroztik, gerra zibila amaitu eta urtebetera, estatuari modua ematen diotenak jabetza pribatuak bereganatzeko. Behatokiko zuzendari Fadel Abdul Ghanyren esanetan, itzultzeko «beldur» da jendea, jabetzak berreskuratzeko beharrezko dokumentazioa duten arren onartutako legeek haien gaineko eskubiderik gabe utzi dituztelako. «Legeak nahierara baliatzen ditu Siriako erregimenak herrialdeko gune estrategiko eta eremu garrantzitsu guztiak bereganatzeko», salatu du Ghanyk.

Oposizioa ere jomugan

Ikerketaren arabera, 115.000 desagerturi eragiten die legediak: hildako gisa erregistratuta ez dauden baina desagertutzat joak izan diren 500.000 siriarren familiei —Damaskori egozten dizkio erakundeak hilketa horiek—, eta 12,3 milioi desplazatu eta iheslariri ere bai. Baina oposizioari ere eragiten diote arauek. 2012an, esaterako, 66. legea onartu zuten. Gobernuaren esanetan, haren helburua zen Damasko inguruko behin-behineko kokalekuak «berrantolatzea»; baina Behatokiak salatu du soilik oposizioaren gotorlekuak ziren barrutiak «berrantolatu» zituztela.

2018an onartutako beste lege batek eskumena ematen dio gobernuari Damaskon ezarritako «berrantolaketa» bera baliatzeko herrialde osoan. Hala, hasieran, desjabetutakoei 30 eguneko epea eman zieten jabetza dokumentuak aurkeztu eta erabakiari helegitea jartzeko. Gerora, protesten eraginez, Damaskok aldatu egin behar izan zuen araua, eta epea urtebetera luzatu zuen. «Desplazatutako batentzat, 30 egun ez dira nahikoak eskatzen zaizkion tramite guztiak betetzeko; urtebete ere gutxiegi da askorentzat», azaldu du Ghanyk.

Gobernuz kanpoko erakundeak eskatu dio Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariari salatu dezala egoera eta adierazpen ofizial bat egin dezala esanez lege sorta hori dela errefuxiatuak Siriara itzultzeko oztopo nagusietako bat. Behatokiak une erabakigarrian plazaratu du ikerketa, Al-Assaden gobernuari joan den astean zabaldu baitzizkioten nazioarteko diplomaziaren ateak, hamabi urteko erbestealdiaren ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.