Albistea entzun

Analisia

Itunen onurak (eta ajeak)

 

Gotzon Hermosilla -

2023ko maiatzak 27 18:41

EAJk erabaki zuenetik PSE-EE lehentasunezko bazkidetzat hartuko zuela erakundeetan gobernatzeko, bi alderdi horien arteko itunen dinamika nagusitu da EAEko instituzio maila guztietan, Jaurlaritzatik udaletaraino. Bizkaian ere bai. Salbuespen txiki batzuk egon dira; adibidez, bolada batean Barakaldoko PSEk muzin egin zion Amaia del Campo alkate jeltzalea babesteari. Baina, oro har, itunak funtzionatu egin du, eta Bizkaiko Batzar Nagusietan indarrean egon da, 2015eko uztailean Unai Rementeria ahaldun nagusi izendatu zutenetik bere alderdiaren eta batzarkide sozialisten botoekin.

Koalizioan gobernatzeak baditu bere onurak, begien bistakoa denez, baina ajeak ere baditu, eta horietako batzuk hauteskunde kanpainan agertzen dira, alderdi bakoitzak zer mezu gizarteratu nahi duen erabaki behar duenean. Elkarrekin gobernatu dute jeltzaleek eta sozialistek Bizkaian azken bi agintaldietan, nork bere esparruan baina, teorian, gobernu bakar bat osatuz eta erantzukizunak partekatuz. Eta orain, kanpaina iritsi delarik, norberaren lorpenak saldu eta lehiakidearenak kritikatzeko abagunea da.

Eta, jakina, elkarrekin gobernatu dutenentzat egoera bitxiak eta zenbaitetan deserosoak ere gertatzen dira. Zilegi al da gobernuko bazkide batek bestearen jarduna kritikatzea, ordura arte elkarrekin jardun dutela ahaztuta? Noraino eraman daiteke kritika hori norbera nabarmen gelditu gabe? Hor ez al dago kontraesanik?

Ataka horretan, EAJ egoera erosoagoan dago. Hura da koalizioko bazkide nagusia, badaki herritarrek jeltzaleekin identifikatzen dutela aldundiaren jarduera, eta, horregatik, kanpainako mezuetan ez du indar askorik xahutu sozialistei kritika egiten, eta, kritikatu duenean, PSOE, Pedro Sanchez eta Moncloa izan dira kritiken jomuga, bertoko sozialisten jarduera baino gehiago. Bestalde, EAJk argi du hauteskunde hauetan EH Bildu duela arerio nagusi, eta koalizioari egin dizkio kritikarik zorrotzenak.

Ataka zailagoan dago PSE-EE. Kanpaina hasi aurretik, ematen zuen tentu handiz neurtzen zituela EAJri egin beharreko kritikak, baina kanpainak aurrera egin ahala, kritika horiek areagotu egin dituzte. Barakaldoren adibidera itzulita, sozialisten orain arteko mezua izan da herria zikin dagoela, indarra galdu duela, Ezkerraldeko hiri nagusia izateari utzi diola. Eta horiek guztiak egia izan daitezke, baina horrelakoak entzunda, kanpoko begirale batek ez luke sinetsiko azken lau urteotan sozialistak ere udal gobernuan egon direla, jeltzaleekin elkar hartuta.

Pentsa daiteke Elkarrekin Podemosen kasua ere antzekoa dela: Ahal Dugu PSOErekin bat eginda dago Espainiako Gobernuan, eta, hala ere, kanpainan ahoan legarrik gabe aritu dira sozialisten kontra. Baina abantaila batekin jokatzen du EPk: haien mezua da sozialistak mugiarazteko lan egiten dutela, eta errazago zaie Etxebizitza Legea eta halako neurriak lorpen propiotzat aurkeztea, gogoko ez dituzten beste neurri batzuk sozialistei egozten dizkieten bitartean. Hala ere, bitxia izan zen Ione Belarrari Bilbon egindako mitinean Espejo teniente jeneralaren izendapenari buruzko kritikak entzutea, bera Espainiako Ministroen Kontseiluan Fernando Grande-Marlaskaren ondoan eseriko ez balitz bezala.

«Amaia del Campok ez du merezi Barakaldoko alkatea izatea», esan zuen Eneko Anduezak joan den astean, Barakaldon egindako mitin batean. Kanpaina amaituko da, hauteskundeak pasatuko dira, EAJk eta PSE-EEk ituna egingo dute berriro, eta sozialistek Del Camporen aldeko botoa emango dute, euren ustez merezi ez duen ardura baterako. Bai, itunen jokoak horrelako ajeak ditu.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Epaitegiaren aurrean egindako elkarretaratzea. ©Oskar Matxin Edesa / Foku

Fiskalak urtebetera jaitsi du zigor eskaera 'Leioako bosten' kontrako epaiketan

Gotzon Hermosilla

Orotara, ia berrogei urteko espetxe zigorra eta 45.000 euroren isunak eskatzen zituen lehen. Bost gazteek akusazioak onartu dituzte. Seigarrenaren kontrako akusazioa erretiratu du fiskaltzak.

Mertxe Aizpurua, gaur, Espainiako Diputatuen Kongresuan. ©JUAN CARLOS HIGALDO / EFE

EH Bilduk eta EAJk nazio auziari heldu diote Feijooren inbestidura zapuztuan

Mikel Elkoroberezibar Beloki

PPko presidentegaiak aldeko 172 boto jaso ditu, eta aurkako 178. Ostiralean bozkatuko dute berriz. EH Bilduk «agenda plurinazionalari» eman dio lehentasuna, eta EAJk esan du «Euskadi estatuan egokitzeko modua» bilatu behar dela.

Tindaketa faxisten kontrako manifestazioa, Kanbon ©Guilaume Fauveau

Baionan eskuorri faxista bat banatu dutela salatu dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Musulmanen eta arabiarren kontrako mehatxu bortitzak irakur daitezke paper horretan; are gehiago, Baionako okindegi baten kontra egin dute langile batek beloa duelako. Besteak beste, Etorkinekin federazioak, EH Baik eta LAB sindikatuak salatu dute gertatutakoa.

Noain ©Iñigo Uriz / Foku

Nafarroako 77 kontzejutan ere hauteskundeak egingo dituzte azaroaren 26an

Joxerra Senar

Nafarroako Gobernuak sinatu du deialdia, maiatzaren 28an ez zelako hautagairik aurkeztu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...