Leire Martinez

«Oraindik ez naiz guztiz ohitu ospe handiko bizimodu honetara»

La Oreja de Van Gogh taldearekin abenduan bi urte eta erdiko bira erraldoia bukatuta, atseden hartu eta senideekin egoteko tarte bat hartu du Leire Martinezek. Aitortu du «oso natural» daramala ospearen zama.

Leire Martinez, La Oreja de Van Gogh musika taldeko abeslaria. IDOIA ZABALETA / FOKU
Imanol Saiz Gomez de Segura, Gipuzkoako Hitza
2023ko maiatzaren 26a
10:16
Entzun

2008tik arrakastaz beteriko ibilbidea izan du Leire Martinezek (Errenteria, 1979). Gaztetan, Errenteriako Ostadar taldean hasi zen kantuan, eta Euskal Herriko hainbat kale, plaza eta ezkontza girotzen ibili ondoren, La Oreja de Van Gogh taldearekin heldu zitzaion ospea. 2008tik, mundu osoko oholtzatara igo da. Egun, telebistarekin nahiz heziketarekin uztartzen du musika.

Urte asko pasatu dira jadanik 2007ko Espainiako Cuatro telebista kateko Factor X saio hartatik. Inoiz espero izan duzu ibilbide luze eta oparo hau?

Egia esan, ez. Sekula ez nuen pentsatu edo imajinatu nire lanbidea abestea izango zenik. Abesten nuen, berbena eta orkestretan ibiltzen nintzen Factor X programara joan aurretik, baina niretzako egiten nuen, gustuko nuelako. Etxetik goiz joan nintzen, oso gazte, eta fakturak ordaindu behar nituen, nolabait esatearren. Niretzako erraza zen abestea, erraz irabazten nuen dirua. Horregatik hasi nintzen musikaren munduan, eta, ondorioz, horregatik hasi nintzen profesionalki abesten. Baina, berez, ez nuen ikusten nire behin betiko lanbide gisa; garai hartan ez, behintzat. Garai hartan irakasle izateko ikasten ari nintzen, eta gauza gehiago ere bazeuden neure buruan.

Noiz eta nolatan hasi zinen kantuan?

Nire amaren familian beti egon izan da presente musika eta abestearena. Gauza arrunta zen guretzat; etxean abestu egiten zen. Musikak bazuen bere lekua etxean. Txikitatik abestu izan dut; niretzako naturala izan da beti, familia artean egiten genuen zerbait zelako. Horrela hasi nintzen abesten, amarekin.

Oholtzara igo aurretik, baina, kalean aritu zinela esan duzu.

1997an-edo hasi nintzen profesionalki abesten. Berbena taldeetan hasieran, Errenteriako Ostadar taldean gero, beste hainbatetan ondoren… Ezkontzetan eta horrelakoetan ere aritu izan naiz; denetik egin dut.

Ospe handiko talde batean hasi zinen, ordea, egun batetik bestera: La Orega de Van Goghen. Nola ohitu edo egokitu zinen bizitza berri horretara?

Egia esan, oraindik ez naiz ohitu [barrez], eta pentsatzen dut inoiz ez naizela bene-benetan ohituko. Gauza batzuetara ohitu naiz, edo arrunt ikusten ditut. Baina beste hainbat gauzatara ez naiz ohituko sekula. Kalean zoazela jendea zuri begira dagoela ikustea, ezagutu zaituztela nabaritzea… Niretzako horrelakoek beti izango dute arroztasun puntu bat. Ohitu naiz, baina egia da batzuetan, oso deskonektatuta nabilenean, bat-batean esaten dudala: «Zergatik ari dira niri begira? Zer gertatzen da?». Egia da oraindik ez naizela horretara guztiz ohitu. Baina bizitza asko aldatu zait, gauza asko ikasi behar izan ditut, eta ohitu ere egin naiz beste gauza askotara.

Errenteriatik mundura egin duzu jauzia. Hamabost urtean zortzi disko kaleratu dituzu taldearekin, arrakasta handikoak guztiak. Zer moduz daramazu ospearen zama?

Oso natural bizi izan dut. Horretan ari zarenean, horretan ari zara; ez zara ari pentsatzen jendeak kanpotik dena nola ikusten duen. Barnean nago ni, eta barnetik bizi dut. Gauza arrunt bat da niretzat, normala; nire lanbidea da. Beste gauza asko egin ditut, dendetan lan egin dut, tabernetan ere ibili izan naiz… Tabernan edo dendan banekien zein zen nire zeregina; taldean ere badut nire zeregina, eta saiatzen naiz zeregin hori egiten eta horretan zentratzen. Barrutik nahiko pisu kentzen diogu ospe, arrakasta edo fama horri guztiari. Pertsona guztiak ezberdinak gara; taldekideak ezberdinak gara, baina pertsona normalak gara.

Egia da kanpotik begiratzean, gehiago antzematen edo konturatzen naizela non nagoen edo zertan ari naizen. Telebista piztu eta bertan zerbait ikusten dudanean ohartzen naiz, agian, edo aldizkari edo egunkarietan zerbait agertzen denean. Horrek ematen dizu erreferentzia bat. Oso pozgarria da gustuko duzun hori egin ahal izatea, halako erantzunarekin edo ondorioekin, gainera. Oso pozik nago lortutako guztiarekin.

Ospeaz hizketan ari zarela, sare sozialak erabiltzera «behartuta» zaudela esan izan duzu. Lanbidearen parte da hori ere?

Famatua naizen heinean, bai. Uste dut gaur egun geure burua behartu dugula edozein lanbidetan geure gauzak erakustera beti. Besteei erakutsi egin behar diegu zer egiten ari garen, noiz, nola… Denbora guztian ari gara informazio hori bidaltzen. Eta, egia esan, gustuko-gustuko ez dut, uste dut beharrezkoa ere ez dela, baina egia da botere hori eman diegula. Lanbide honetan eta beste askotan gertatzen da sare sozialak beste baliabide bat direla, hori ere lana dela, horrek ere dirua ekartzen duela. Dirua sartzeko eta ateratzeko beste sistema bat sortu dugu; hor barnean zaude edo kanpoan zaude. Baina gure lanbidearen parte da, bai. Hori da gehien kostatzen zaidana.

Gustuko dut nire bizitza pribatua izatea, eta ez denbora guztian non eta norekin nagoen eta zertan ari naizen jakinaraztea. Maite dut jarraitzaileekin hartu-eman hori izatea, hori ulertzen dut, eta saiatzen naiz harreman horiek mantentzen, baina gero badago beste teletienda moduko bat, eta horretan gehiago kostatzen zait neure burua ikustea. Egiten ditut gauzak, baina benetan nirekin bat datozen proiektuak bakarrik lantzen ditut. Ekologiaren alde banago, ez naiz aterako ez dakit zein produktu partekatzen, produktu horiek ez badira ekologikoak, adibidez. Horrelako liskarretan ez sartzen saiatzen naiz; gauza horiek asko zaintzen ditut.

Leire Martinez eta La Oreja de Van Gogh taldeko abeslaria. Badago alderik?

Bai, badago. Egia da pertsona bera garela, eta Leire dela La Oreja de Van Gogheko abeslaria. Oholtza batera igotzean, ordea, gauza asko utzi behar dira kanpoan edo azpian. Denok izaten ditugu egun txarrak eta onak, eta egia da lan honetan eta beste askotan, kontratua sinatzen duzunean, konpromiso bat hartzen duzula. Hainbat egunetan, agian, ez zaude ondo, baina egun horietan ere oholtzara igo behar izaten da, berdin-berdin. Kasu horietan saiatzen naiz Leire pertsona eta Leire profesionala nolabait pixka bat aldentzen; momentu horretan hala-nolako proiekzio bat egiten eta Leire kanpoan uzten. Profesionala edo abeslaria bakarrik izaten naiz momentu horietan. Askotan ez da erraza izaten, baina saiatzen naiz biak bereizten.

Zer sentitzen da milaka lagunen aurrean abesten duzunean?

Ikaragarria da. Oso txiki sentitzen zara halakoetan, eta horrek ematen dizu bestelako perspektiba bat. Oso txikiak gara, berez, eta horretara ohitu naiz. Gauza asko lor ditzakegu, gauza asko lortzen saiatzen gara, baina oso txikiak gara izatez.

Musikatik harago ere jardun zara. Besteak beste, ETB1eko Biba zuek! saioko kolaboratzaile ere bazara. Zer moduz sentitzen zara kameren aurrean?

Ohartu naiz ez dagoela hainbesteko alderik. Beti esan izan dut komunikatzea gustatzen zaidala niri. Istorioak kontatzen ditut nik, eta istorio horiek konta ditzaket abestuz, idatziz edo ahoz. Askotan egon naiz kamera baten aurrean, nahiz eta kasu guztietan ez naizen aritu abesten. Telebista saio askotara joan izan gara taldekideok edo edozein aretotan beti egoten da kameraren bat begira. Aurretik ere oso ohituta nengoen horretara. Komunikatzeko beste modu bat da telebista, baina berdina da, berez. Bigarren sasoia dut jada Biba zuek! saioan. Asteroko lana egiten dut, astean behin joaten naiz, eta Euskal Herri osoko taldeak aurkeztu eta haiekin solasaldiak izaten ditut.

Talde ugari ezagutu dituzu, beraz, gertutik. Zein da gaur egungo egoera? Badago harrobirik?

Euskal musika asko dago, eta talde pila bat dago. Beharbada, ez dira ezagunak, baina talde asko daude, asko. Euskal Herria ez da oso handia, baina sekulako taldeak daude, oso onak. Edonon daude musikari eta talde oso finak. Telebistari esker izan ez balitz, horietako asko ez nituzkeen ezagutuko.

Musikari izan ez bazina, zein lanbidetan ikusiko zenukeen zeure burua?

Heziketa bereziko ikasketak egin nituen irakasle eskolan. Beti egon izan naiz psikologiaren munduarekin oso lotuta. Nik ere izan ditut nire behar pertsonalak, eta urte askotan eskatu izan dut laguntza; konexio handia sentitu izan dut beti psikologiarekin edo buru osasunaren filosofia horrekin. Hainbat ikastaro, master eta formakuntza egin ditut gai horren inguruan, eta trebakuntza eta laguntza pertsonalen inguruan ikasten ere aritu naiz azken urteotan.

Zein duzu hurrengo asmoa?

Bi urte eta erdian gelditu ere egin gabe ibili gara biran, taldearekin, eta joan den abenduan bukatu genuen bira hori. Senideekin eta lagunekin egoteko probestu ditut hilabete hauek. Pare bat formakuntza ikastaro ere egin dut tarte honetan, denbora neukalako, nahiz eta normalean ez dudan horrelako aukerarik izaten. Trebatzen jarraitzeko baliatu nahi dut tarte hau, eta familiarekin denbora berreskuratzeko. Hori da ideia. Baina beste biraren batekin hasiko gara aurrerago. Noiz egin erabaki behar dugu oraindik, baina beste bira bat egingo dut La Oreja de Van Gogh taldearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.