Zerbitzuak

Avanza-Pesako gidariek planto egin dute, «autobusen segurtasun faltarengatik»

Gaur, bihar eta astelehenean, gutxieneko zerbitzuekin ariko dira Donostia-Bilbo, Donostia-Gasteiz eta Donostia-Arrasateko joan-etorrian dabiltzan autobusak. Pesako gidariek salatu dute «edozein momentuan istripu bat» gerta daitekeela, «gurpilen, balazten eta beste pieza batzuen mantentze lanak ez direlako egiten behar bezala».

Avanza-Pesko gidarien protesta, gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrealdean. XABIER MARTIN
xabier martin
2023ko maiatzaren 26a
12:43
Entzun

Donostia-Bilbo, Donostia-Bilboko aireportua, Donostia-Gasteiz eta Donostia-Arrasate ibilbideetan dabiltzan autobusetako erabiltzaileek gutxieneko zerbitzuekin moldatu beharko dute gaur, bihar eta astelehenean. Gidariek planto egin dute, eta grebara deitu dute egun horietarako, gidatzen dituzten autobusetan «ez dagoelako segurtasuna bermaturik». Avanza-Pesa multinazionalak dauka ibilbide horien adjudikazioa 2025. urtera arte, eta gidariek salatu dute enpresa horrek ez dituela «behar bezala» egiten bere autobusen mantentze lanak; «beldur» dira beren eta bidaiarien segurtasunarengatik.

«Lan gatazka honen funtsa segurtasuna da. Duela bi urte eta erdi hasi ginen nabaritzen mekanikari eskasia zegoela tailerretan, eta, tarte horretan, autobusen segurtasunak behera egin du, ez direlako mantentze lanak behar bezala egiten», azaldu du Ekaitz Telleria LABeko ordezkariak. «Iritsi da momentu bat non gurpilak ez diren garaiz aldatzen. Motor matxura ere ematen digu askotan kontrolean, eta, balazten diskoak hautsita daukatela ere, Bilboraino bidaltzen gaituzte». Avanza mantentze lanen gastuan «aurrezten» ari dela dio LABeko ordezkariak.

Avanzaren autobus batek su hartu zuen Arrasaten aurten, eta Telleriak oso argi dauka mantentze lanekin daukala zerikusia gertaera horrek. Mexikoko multinazionalak Pesa konpainia erosi zuen 2019an, eta, ordutik, haren esku dago Donostia-Bilbo, Donostia-Gasteiz eta Donostia-Arrasate ibilbideen zerbitzua. Hirurehun langile inguru aritzen dira Avanza-Pesan, eta sindikatu deitzaileek ziurtatu dute gaur «gehienek» egin dutela bat grebarekin.

Bat-bateko azterketa geltokian

Autobusen segurtasun arazoak direla eta, salaketa asko egin ditu Lan Ikuskaritzan langile batzordeak; «baina ez digute jaramonik egin, nahiz eta argazkiak eta bideoak eman dizkiegun», dio LABeko ordezkariak. Atzo Donostiako geltokian azaldu ziren ikuskariak, ibilgailuak arinki aztertzeko. «Hauteskundeak datozen honetan, kolpetik azaldu dira».

ELAk (lau ordezkari), CCOOk (hiru), LABek (bat) eta Aurrerak (bat) osatzen dute langile batzordea. ELAko ordezkari Aitor Iturainek ziurtatu du autobusak «gero eta okerrago» daudela. «Hasieran akats arinak zirenak larrituz joan dira, mantentze lana ez delako egiten kasik. Istripu arrisku txikia duten kontuak istripu arrisku handikoak bihurtu dira dinamika horrengatik». Bidaiariak ere kexu direla azaldu du: «Ez bada egoera hori konpontzen, istripu larriren bat gerta daiteke edozein momentutan, eta ez enpresak eta ez aldundiak ez dute soluziorik ematen».

Gutxieneko zerbitzuak

Aurreko hilean, bilera bat izan zuten Avanza-Pesako langileen ordezkariek Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin, eta autobusen egoeren inguruko agiriak igorri zituen batzordeak. Azken orduetan, ezusteko azterketa tekniko bat egin die Donostiako geltokian Pesako zenbait autobusi. «Hau oso larria da, eta serio hartzeko eskatzen diegu», ohartarazi du ELAko ordezkariak: «Ezer gerta aurretik soluzioak nahi ditugu, gero erantzuleak egongo dira eta».

Gutxieneko zerbitzuak %30ean finkatu dituzte, eta, erabiltzaileek zenbait eragozpen izan dituzten arren, grebaren abisua lehendik eman zuten, eta gehienak moldatu dira era batera edo bestera. ELAk salatu du enpresak %40 ingurura eraman dituela Donostia-Bilboko zerbitzuak, «beste ibilbide batzuetatik autobusak kenduta eta zerbitzu horretara eramanez». Sindikatu horrek salatu du, halaber, Pesako langileek Arrasaten egindako elkarretaratzean «ertzain asko» egon direla; «baina gero ez dituzte bidaltzen errepidera gure autobusak geratzera, ikus dezaten nola dauden balaztak eta gurpilak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.