Albistea entzun

MIGRAZIOA

MSFren esanetan, Lesbosera iristen diren migratzaileen egoera «okertzen» ari da

Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak Greziari eta Europako Batzordeari exijitu die iker ditzatela errefuxiatuen eskubideen urraketak. Hiru migratzaile hil dira Mikonostik gertu, haien ontzia hondoratuta.

Hainbat migratzaile, Karatpe errefuxiatu kanpalekuan, iazko martxoan, Lesbosen (Grezia).
Hainbat migratzaile, Karatpe errefuxiatu kanpalekuan, iazko martxoan, Lesbosen (Grezia). VANGELIS PAPANTONIS / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2023ko maiatzak 26

Indarkeria, atxiloketa arbitrarioak, elikagaien eta aterpeen pribatizazioa eta beste eskubide urraketa gehiago jasaten ari dira Greziako Lesbos uhartera iritsitako migratzaileak. Hala salatu du gaur MSF Mugarik Gabeko Medikuak GKE gobernuz kanpoko erakundeak. MSFren esanetan, iheslarien egoera «okertzen ari da etengabe», eta, bide horretan, Greziako agintariei eta Europako Batzordeari exijitu die iker ditzatela uhartean jazotako giza eskubideen urraketak.

MSF da gaur egun Lesbosera iritsitako migratzaileei laguntza ematen dieten GKE bakarrenetako bat. Erakunde horren esanetan, larriki murriztu da heldu berri direnei ematen zaien giza laguntza, indarkeria areagotzearen ondorioz. GKEko langileak duela ia urtebete larrialdiko arta ematen hasi zirenetik, 940 pertsona inguru ez dituzte aurkitu ustez aurretik zeuden lekuetan.

Migratzaileak Lesbosera iristen diren eta premiazko mediku arta jaso behar duten unean jakinarazten diote UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eta beste erakunde batzuek MSFri. «Orduak ematen ditugu haien bila, batzuetan egunak, sarritan basoan ezkutatzen baitira», azaldu du Nihar Osman koordinatzaileak.

MSFk berak eta The New York Times egunkariak kaleratutako informazioaren arabera, migratzaile askok mediku plantak egiten dituztenekin egiten dute topo. «Hori baieztatzen bada, giza laguntzaren manipulazio onartezina eta larria da», salatu du Osmanek. Horrez gain, hainbat iheslarik MSFri azaldu diotenez, Greziara heltzeko ahaleginean dabiltzan migratzaileak modu «oldarkorrean» atzeman eta itsasora «indarrez» itzultzen dituzte.

Bizi baldintza «izugarriak»

Errefuxiatuak Lesbosera iritsitakoan, kostazainek bi zentrotan banatzen dituzte, Mavrovounin eta Megala Therman. Azpiegitura horietan, mugimenduak mugatuta daude, eta migratzaileak «espetxeen gisako instalazioetan» daude. MSFren arabera, maiatzaren 17tik, Greziako agintariek nazioarteko babeserako eskaeraren zain daudenei soilik ematen diete janaria, eta ezezko erantzuna jasotzen duten familietako haurrei, berriz, oinarrizko txertoak ere ez dizkiete ematen.

Murrizketa horien ondorioz Mavrovouniko erdigunean tentsioa «areagotu» dela ohartarazi du Osmanek. «Errefuxiatuak kexu dira ordu luzez ilaran egoteagatik eta elikagaia murrizteagatik eragindako haserreagatik. Are, gobernua janaria erabiltzen ari da jendea zentroa uztera behartzeko». MSFko arduradunak nabarmendu duenez, «ehunka pertsonari oinarrizko eskubidea kentzeak ondorio larriak izan ditzake migratzaileen osasun fisiko eta mentalean».

Megala Therma zentroan duten egoera ere «kezkagarria» dela esan du Osmanek; egunak edo asteak ematen dituzte modu arbitrarioan atxilotuta, Mavrovounira eraman aurretik. GKEaren iritziz, bizi baldintzak «izugarriak» dira: «Ez dituzte aintzat hartzen pertsona bakoitzaren egoera edota haren segurtasun eta babes prozedurak».

MSFko medikuek astean bitan egiten dituzte bisitak, «baina beste edozein egunetan Megala Therman larrialdi egoera bat gertatzen bada, ez dago mediku bakar bat ere beharrari erantzuteko, eta anbulantzia batek ordubete baino gehiago beharko luke zentrora iristeko», ohartarazi du Osmanek.

Horiek horrela, migratzaileen aurkako ustezko tratu txarrak ikertzeko eskatu du GKEak, baita gehiegizko jardunbideak eta urratsak bertan behera uzteko ere, migratzaileek eta errefuxiatuek oinarrizko gutxieneko arreta jaso dezaten.

Hiru hildako Mikonostik gertu

Hainbat migratzaile zeramatzan ontzi bat hondoratu da gaur goizaldean, Greziako Mikonos uhartetik gertu. Kostazainen arabera, gutxienez hiru errefuxiatu hil dira: bi emakume eta gizonezko bat. Oraingoz, bi pertsona erreskatatu dituzte, eta, haien esanetan, hamazazpi lagun zeuden hondoratutako txalupa horretan, Ta Nea egunkariak jasotakoaren arabera; Greziako Kostazaineko bozeramaile Nikos Kokkalasen hitzetan, berriz, zortzi errefuxiatu zeramatzan. Erreskate taldea desagertutakoen bila ari da.

500 lagun zeramatzan ontzi bat, desagertuta

Alarm Phone eta Emergency GKEek gaur jakinarazi dutenez, bostehun bat asilo eskatzaile zeramatzan itsasontzi bat desagertu da Mediterraneo erdialdean. Alarm Phonek zehaztu du gaur goizean galdu duela ontziaren seinalea. Azken informazioaren arabera, ontziak matxura zuen motorrean, eta noraezean zebilen itsas zabalean, Libiako Bengazi portutik 230 kilometro iparraldera eta Malta eta Sizilia uharteetatik 400 kilometrora baino gehiagora. Italiako Emergency GKEak, berriz, atzo esan zuen haren Life Support ontzia eta Ocean Viking 24 orduz aritu zirela desagertutako itsasontziaren bila, eta ez zutela atzeman haren arrastorik. Halere, bilatzen dihardute oraindik.

Bestalde, Italiako kostazainek 423 eta 671 pertsona erreskatatu zituen atzo bi operazioetan, baina Alarm Phonek ziurtatu du erreskate horiek ez dutela loturarik desagertutako itsasontziarekin.

Beste gertakari batean, Alemaniako SOS Humanity GKEak jakinarazi du petroliontzi batek 27 migratzaile jaso dituela itsasoan, eta «legez kanpo» eraman dituela Libiara. Nazioarteko zuzenbide humanitarioaren arabera, asilo eskatzaileak ezin dira indarrez bidali tratu txarrak jasateko arriskua duten herrialdeetara; hain zuzen, Libian errefuxiatuen aurkako abusu ugariren berri jaso dute giza eskubideen aldeko erakundeek.

Itsasoz Europara iritsitako migratzaile kopuruak gora jarraitzen duen honetan, Europako Batasuneko kide diren estatuek gero eta neurri zorrotzagoak hartu dituzte migrazio politikan. GKEen arabera, 47.000 errefuxiatu baino gehiago heldu dira itsasontziz aurten; 2022ko epe berean, 18.000 inguru izan ziren.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ainu etniako hainbat kide dantza tradizional bat egiten, Kimitsu mendietako egoitza batean, Tokiotik 60 kilometrora, artxiboko argazki batean. ©E. K. BROWN / EFE

Hokkaidoko indigenen susperraldia

Josep Solano

Ainu herriak gutxienez bi mila urte daramatza Japonia iparraldeko eta Asia ekialdeko uharteetan; baina Tokioko gobernuak orain aitortu du komunitateak «hizkuntza, erlijio eta kultura propioak» dituela.

Volodimir Zelenski, herenegun, agerraldi batean. ©EFE

Zelenskiren arabera, Ukrainako indarrak kontraerasorako prest dira

Igor Susaeta

Ukrainako presidenteak adierazi du uste duela «arrakastatsua» izango dela. Beste hiru lagun hil dituzte Errusiako Belgorod eskualdean

Protestak Tbilisin, hegaldiak berrezarri zituztenean. ©ZURAB KURTSIKIDZE / EFE
Ezbeharra Balasore hiriko geltokian, drone batetik hartutako irudian. / ©Indiako Hondamendien Bulegoa - EFE

Gutxienez 288 pertsona hil eta 800 zauritu dira Indian, tren istripu batean

Jon Ordoñez Garmendia

Trena bat bidetik atera da eta beste tren batek jo du ondoren. Mende honetan Indian izan den tren istripu larriena izan da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.