Telesailak

‘Balenciaga’, udazkenerako

Jon Garañok, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik ia-ia amaituta dute ‘Balenciaga’ telesaila. Urrian, film bat grabatuko dute, Bartzelonan —katalanez eta gaztelaniaz izango da—. Eta 2024an, euskarazko film bat.

Mikele Landa, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga. GORKA RUBIO  FOKU
urtzi urkizu
2023ko maiatzaren 27a
16:56
Entzun

«Handia filmean erronka zen erraldoia egitea, La trinchera infinita-n denbora nola pasatzen zen eta pertsonaiak nola zahartzen ziren, eta Balenciaga telesailean epizentroa jantziterian egon da». Jantziteriaren arloa lantzea «oso intentsoa» izan dela nabarmendu zuen atzo Aitor Arregi zinemagileak, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean izandako solasaldian. Jon Garañok, Jose Mari Goenagak eta Arregik beren zinemagile lanaz hitz egin zuten Mikele Landak gidatutako ekitaldian. Iragarri zutenez, udazkenean estreinatuko du Disney Plusek sei ataleko telesaila. Hainbat elkarrizketa euskaraz izango ditu fikzioak.

Moriarti ekoiztetxeko zinemagileek aipatu dutenez, Balenciaga-ren istorioan ez dago jende pobrerik. Figuranteak ezin zirela pobre jantzi esaten zuen diseinuez arduratu den Bina Daigeler Alemaniako diseinatzaileak —Mulan pelikulako jantziengatik Oscar sarietarako hautagaia izan zen—. Arregik Daigeler definitu du: «Ferrari bat da, sekulako energia du». Baina horrek eragin zien zinemagileei diseinatzailearen lanaren baitan «dantzan» aritzea. Goenagak ñabardura egin du: «Exijentzia ere gure aldetik zetorren. Berak ere batzuetan esaten zigun oso exijenteak garela». Badu horrek arrazoia. «Jantziek istorio bat kontatzen zuten», azaldu du Goenagak. «Nahi genuen ikusi Cristobal [Balentziaga] eboluzionatzen doan neurrian, bere diseinuek ere garapen bat izatea». Atal bakoitzean urte jakin batzuk ikusten dira, eta soineko jakin batzuk aukeratu behar zituzten. Istorioa kontatzeko zein jantzi izan zitezkeen aproposenak hartu behar zuten aintzat, horrenbestez.

Edonola ere, Arregi une batean etsita zegoen: «Askotan galduta sentitzen nintzen jantziteriarekin. Buruak kito egiten zuen». Balentziaga pertsonaiaren psikologiari heldu diote telesailean. «Baina bakoitzaren munduak markatzen du istorioa». Jantziteriak, kasu honetan. «Eta Daigelerrek bazuen gaitasun narratibo bat, gaitasun bat esateko soineko batek hau edo bestea kontatzen zuen», dio Arregik.

Zinemagileak ez zeuden beti ados Daigelerrekin. Goenagak aitortu du asko ikasi duela: «Intentzio bat zegoen beti aukeratutako jantziekin. Balentziaga abstrakziorantz joan zen, eta hori kontatu nahi genuen». Balentziagaren eboluzioa zinemagileen istoriora egokitzea zen gakoa, era berean. Goenagak kontatu duenez, jantzi departamentuarentzat erronkak ez ziren gutxi: batetik, zegoen aurrekontura egokitu behar zuten. Eta, bestetik, nahiz eta dirua egon, gaur egun ez dira oihal batzuk existitzen, eta erreplikak egin behar izan dituzte beste oihal batzuekin.

Garañori lehen ez zitzaion moda batere interesatzen. «Baina zerbaiten inguruan ez dakizunean dokumentatu egiten zara. Gu normalean hiperdokumentatu egiten gara». Garañori halako batean egokitu zitzaion Parisera joatea, Balenciaga enpresakoekin hitz egitera. «Balenciagakoekin hitz egiten jabetu nintzen jantzi batzuez haiek baino gehiago nekiela». Garañok utzi dio jada diseinuez dokumentatzeari, baina aipatu du Goenaga modaz master bat emateko moduan dagoela.

'Balenciaga' telesailaren grabaketako irudiak:

«Antsietatea» Disneyrekin
Balenciaga telesailaren grabaketetan lau hilabete pasatu zituzten, iazko ekainetik urrira. «Oso luze joan zen», dio Arregik. Atal bakoitza hiru zinemagileetako bik zuzendu dute — hirugarrena ondotik zetorrena prestatzen aritzen zen—. Edizioan hirurak aritu dira. Garañok irudikatu zuen «mendi handi bat zutela», eta hori txikiagotuz joango zela. «Baina ez zen txikitzen». Ander Sistiaga produkzio zuzendariak behartu zituen astean egun bat jai hartu eta ezer ez egitera, grabaketen hirugarren astelehenean «leher eginda» iritsi baitziren.

Telesail osoak «ibilbide bat» egiten du Cristobal Balentziagarekin, eta aldi berean, atal bakoitzak «bere identitatea» dauka, Garañok azaldu duenez. Loturak daude atalen artean, baina ez da biopic da. «Asmoa da beste gauza batzuez hitz egitea».

Nazioarteko plataforma handi batentzat lan egiteak bere ezaugarriak ditu. Goenagak azaldu du Disneyk gidoi desberdinak irakurri zituela, eta grabaketetan egunero materiala jasotzen zuela. «Madrilera eta Londresera atalak bidaltzean, negoziazio batzuk egoten dira. Prozesu hori amaitzen ari gara, eta harremana errespetuzkoa izan da, baina batzuetan antsietatea kudeatzea zaila da». Erantzun horien zain egoteak «antsietatea» eragin die hiru zinemagileei. Arregik argi du: «Nagusiak haiek dira, eta guk orain arte ez dugu telesailik egin plataforma batentzat».

Goenagak aipatu du ondo etorri zitzaiela Espainiako Loteriaren iragarkia egitea 2021eko abenduan —Baztanen (Nafarroa) grabatu zuten—, «beste batzuen begiradapean» nola lan egin ikasteko.

Beste bi film egingo dituzte
Balenciaga-ren ostean, Moriartikoek ez dute telesail gehiago egiteko asmorik, oraingoz. Hiru zinemagileek iragarri dutenez, hemezortzi urtean garatu duten proiektu bat eramango dute aurrera: benetako gertaeretan oinarritutako fikziozko film luze bat grabatuko dute urrian, Bartzelonan —katalanez eta gaztelaniaz izango da, «batik bat»—. Zuzendariak Garaño eta Arregi izango dira. Datorren urtean, berriz, euskarazko film bat egingo dute, eta horretan zuzendariak Arregi eta Goenaga izango dira —pandemia hasieran idatzitako proiektuetako bat da—. Ezin dute detaile gehiagorik eman.

Ostiral arratseko solasaldia, osorik:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.