Hilketa matxista

Emakume bat hil dute Gasteizen, eta bilatzen ari ziren gizona atxilotu dute

32 urteko emakume bat zen, Gasteizkoa; hilketa matxista bat dela esan du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. → Hilketa matxisten mapa

Maite Asensio Lozano - Arantxa Iraola
2023ko maiatzaren 28a
16:22
Entzun

Ertzaintzak jakinarazi duenez, emakume baten gorpua aurkitu dute gaur Gasteizen, aparthotel bateko logela batean. Gasteiz etorbidean dago. Ikerketa abiatu dute, gorpuak indarkeria zantzuak baitzituen. Poliziek xehetasun gehiagorik ez dute eman hasieran, eta hipotesi nagusirik ez zegoela esan dute, baina arratsaldean baieztatu dute hilketa matxista bat dela. Andreak 32 urte zituen, eta Gasteizkoa zen.

Arratsalde erdian jakin da andrea ez zegoela bakarrik apartamentu hotelean: bere ume txikia zuen ondoan. Segurtasun Sailaren arabera, onik dago haurra, baina erietxera eraman dute badaezpada ere, osagileek azter dezaten. Hiru bat urte ditu. Orduak egin zituen gelan, ertzainek aurkitu zuten arte. Hainbat hedabideren arabera, haurdun zegoen hildako andrea: bikiak espero zituen; Segurtasun Sailak ez du baieztatu datu hori.

Hainbat hedabidek adierazi dute, halaber, orain gutxi arte Valentzian bizi izan zela andrea (Herrialde Katalanak), eta han, indarkeria matxistaren arriskua neurtzeko irizpideak aintzat hartuta, «muturreko arriskuko» babesa ezarria ziotela. Joan den astean heldu zen Arabara, eta, bertan, apaldu egin zioten maila hori, orain zuen bizilekua sekretupekoa zela iritzita. Segurtasun Sailak ez du baieztatu datu hori ere.

Ikusi gehiago:hilketa matxisten mapa

Zaragozan atxilotu dute

Guardia Zibilak gauean atxilotu du hilketaren ustezko egilea. Zaragozan atzeman dute, Espainian. Hildako emakumearen bikotekide ohia da gizona, eta Gasteiztik ihes eginda joan da Zaragozaraino. Taxi batean zihoala atzeman dute gizona, AP-68 errepidean.

Apartamentu hotela daraman enpresako arduradunek ez dute informaziorik eman; esan dute Poliziaren ikerketa abian den bitartean ezin dutela jakinarazi noiztik bizi zen biktima ostatu horretan, eta ezin dutela dutela kontatu norekin bizi zen ere.

Aste biren bueltan gertatzen den bigarren hilketa matxista da: maiatzaren 16an, gizonezko batek bikotekide ohia hil zuen Orion (Gipuzkoa), eskopeta batekin tiro eginda. 50 urteko emakume bat zen biktima. Lourdes del Hoyo izena zuen, eta bikote harremana etenda zeukan gizonarekin. Kale erdian gertatu zen hilketa, arratsalde betean, eta asaldura handia eragin zuen herrian. Bere buruaz beste egin zuen gero gizonak.

Erreakzioak eta elkarretaratzeak

Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkideagoan duen ordezkari Denis Itxasok hizpide izan du hilketa, eta «susmorik txarrenak» piztu dituela aitortu du. Orioko hilketa gogoan, nabarmendu du bi aste ere ez direla igaro aurreko hilketa matxista gertatu zenetik. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ere nahigabea azaldu du hilketarengatik, eta andreen aurkako bortxa klase oro «arbuiatu» behar dela esan du. Udaleko eledunen batzordea bilerara deitu du bihar goizerako, eta 12:00etan hilketa salatzeko elkarretaratze bat egingo dute. Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek «gaitzespen irmoa» azaldu du, eta Gasteizko alkatetzarako hautagai guztiek ere bai.

Mugimendu feministak ere egin du protestarako deia. Elkarretaratze bat egingo dute bihar Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan, 19:00etan.

Iaz lau andre hil zituzten bikotekideek, eta semeak emandako tratu txarren ondorioz hil zen beste bat. 2003tik, 118 andrazko hil dira Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz, eta 11 haur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.