Espainia

Sanchezek uztailaren 23ra aurreratu ditu Gorteetarako bozak

Sanchezek bere gain hartu du sozialisten emaitza txarren erantzukizuna, eta herritarren esku utzi du «herrialdearen norabidea» erabakitzeko ardura. «Sanchismoa indargabetzeko unea» dela aldarrikatu du Feijook.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, gaurko agerraldian. BORJA PUIG DE LA BELLACASA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko maiatzaren 29a
11:34
Entzun

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek aurreratu egin ditu udazkenean egitekoak zituzten Gorteetarako hauteskundeak. Uztailaren 23an egingo dira; hala jakinarazi du buruzagi sozialistak atzoko hauteskundeen emaitzak baloratzeko egindako agerraldian. Deialdia bihar egingo du ofizialki, Ministroen Kontseiluaren ezohiko bileraren ostean.

Sanchezek bere gain hartu ditu sozialistek lortutako emaitza txarrak, eta Moncloako atarian egindako agerraldian jakinarazi du Espainiako estatuburuarekin bildu dela jakinarazteko arratsaldean bilduko dela Ministroen Kontseilua, eta bertan gorteak desegingo dituztela. Erabakia bihar bertan argitaratuko dute Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Espainiako hiri eta erkidego nagusiak galdu zituen atzo PSOEk, Alderdi Popularraren mesedetan. PPk PSOEri hainbat autonomia erkidegotako gobernua kentzeko modua izango du, baina gehienetan Voxen babesa beharko du. Alderdi Sozialistaren eskuetatik jaso ahalko dituen lurralderik preziatuenak Valentzia eta Aragoi dira. PPk emaitza onak izan ditu Espainiako hiriburuan ere. Boterea sendotu du Madrilgo Erkidegoan eta Udalean, gehiengo osoa eskuratuta. Isabel Diaz Ayuso jarduneko presidenteak eta Jose Luis Martinez Almeida alkateak 2019ko emaitzak hobetu dituzte, eta Voxen botoen bila ibiltzeko beharrik gabe gobernatuko dute.

Kolpea handia izan da buruzagi sozialistarentzat. Hala aitortu du Sanchezek berak: «Atzoko bozak udaletarako eta erkidegoetarako ziren arren, emaitzek urrunago doan mezu bat utzi dute agerian. Horregatik gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusi gisara, nire gain hartzen dut hartzen ditut emaitzok. Orain Espainiako herritarrek argitu beharko dute zer politika mota egitea nahi duten, eta zein indarrek bultzatu behar dituen politika horiek. Hoberena da herritarrek hitza hartzea herrialde honen norabidea erabakitzeko».

Alkate eta erkidegoetako presidenteen kudeaketa goraipatu du Sanchezek, eta nabarmendu du haietako askok gora egin dutela botoetan, nahiz eta garaipena PPrentzat izan. Horrez gain, ohartarazi du gune askotan PPk eta Voxek elkarlanean hartuko dituztela udal gobernuak eta erkidegoetakoak.

Udal eta erkidegoetako bozetako garaile irten da PP Espainian, eta indartuta egin du agerraldia alderdiko presidente Alberto Nuñez Feijook. Hark ohartarazi du «Espainiak» atzo lehen urratsa egin zuela «ziklo politiko berri baterantz», baina «sanchismoa» ez dagoela oraindik erabat indargabetuta: «Sanchismoa indargabetzeko unea da. Espainiarrek nahikoa da esan dute, horregatik hasi dugun ziklo politiko hau amaitu behar dugu uztailaren 23an».

Uztaileko hauteskundeei begira «gehiengo argi bat» nahi du Feijook. «Gehiengo argi bat eskatzen dut, atzera bota ezinezkoa, eta bide berri bat abiatzeko aukera sendoa eskainiko duena. Ahazteko modukoak izan diren bost urteok atzean utzi beharko genituzke, eta gizarteak berezkoak dituen balioak berreskuratu», esan du PPko presidenteak. Bide batez, egotzi dio Sanchezi udal hauteskundeetako porrota «ezkutatu» nahi izatea, eta alternatibei atea itxi nahi izatea. Alderdiaren alde bozkatu dutenei eskerrak emanez eta bere burua presidentegai gisa aurkeztuz amaitu du agerraldia Feijook.

Erreakzioak

Berehala heldu dira alderdien erreakzioak. Sumar alderdiko buru Yolanda Diazek berretsi du «irabaztera» irtengo direla eta aurre egingo diotela «Feijooren Espainia beltzari».

Sozialistek ez ezik, Podemosek ere galera handiak izan ditu hauteskunde hauetan, baina baikor agertu da Ione Belarra idazkari nagusia: «Bloke aurrerakoia galtzen doa partidako lehen zatian, baina gu bigarrenean irabaztera irtengo gara. Hobekien egiten dakiguna egingo dugu: partida iraultzea». Belarrak ez du baztertu Diazen alderdiarekin koalizioan aurkezteko aukera —hamar eguneko tartea dute alderdiek bozetarako koalizioa erregistratzeko—.

Sozialisten asmoa zen 2019ko emaitzei eustea udal hauteskunde hauetan. Ordu hartan emaitzak txarrak izan zituen PPk udal eta erkidegoetan, baina oraingoan irauli egin da egoera, eta hiri garrantzitsu asko galdu dituzte sozialistek, tartean, Sevilla. Lehenengo hauteskunde norgehiagoka izan zen atzokoa Pedro Sanchez Espainiako presidentearen eta Nuñez Feijooren artean, eta azken hori izan da garaile argia.

Lanerako prest agertu da Compromisen Valentziako Generalitaterako hautagai Joan Baldovi ere. Valentzian ere PP izan da garaile, eta Voxen laguntzarekin gehiengo osoa izango luke, Podemos kanpoan utzi ostean. Eskuin muturrak gora egin du udal eta erkidego askotan. Hala, «olatu erreakzionarioa» geldiaraztera deitu ditu herritarrak Izquierda Unidako koordinatzaile Alberto Garzonek: «IUn defendatu egingo ditugu urte hauetan guztietan lortutako aurrerapenak».

Voxeko buru Santiago Abascalek mezu argia helarazi dio PPri: «Badago alderdi bat [PP] erkidego eta udal askotan irabazi duena, baina gehiengorik ez duena; alderdi horrek erabaki beharko du gurekin alternatiba bat eraiki nahi duen edo beste bide batetatik joango den. Gure eskua luzaturik dago». Abascalek, bestalde, ontzat eman du Sanchezek Gorteetarako hauteskundeak aurreratu izana, eta nabarmendu du hori dela gobernuburuak lau urteotan hartutako «erabaki zuzen bakarra».

EH Bildu, «prest»

Sanchezek Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara deitu izanari buruz, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak esan du koalizioa «prest» dagoela, «EH Bilduren boto antifaxista erabakigarria izango da hauteskunde horietan ere».

Aitor Esteban EAJren Kongresuko eledunak presazko agerraldia egin du Sabin Etxean hauteskunde aurrerapenaz aritzeko. Bere ustez, deialdi hori ez da onuragarria jendearentzat eta erakundeentzat: «Alderdi barruko kalkuluen arabera ulertu beharko dugu». Iradoki du atzoko hauteskunde emaitzek zenbait mugimendu eragin dituztela alderdi sozialistan, eta horri erantzuteko deitu duela bozetara. Horrenbestez, deialdia eginda dago. Estebanen esanetan, «euskal interesen defentsa irmoa egitea oso garrantzitsua da, inoiz baino beharrezkoagoa da, eta gaurtik hasten gara martxan».

Kexa izan du egutegiarekin. «Hain presazko deialdiak behartzen gaituzte hurrengo hamabost egunetan hautagaitzak zehaztera, baina gu eta alderdi guztiak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.