Everest, lehen igoeraren 70. urteurrena

Everest, 70 urte munduaren talaia izaten

1953ko maiatzaren 29an Everest tontorra zapaldu zuten lehen aldiz Tenzing Norgayk eta Edmund Hillaryk. Everest asko badira ere, munduko talaia, oro har, mendiko turismoaren ikur gorena bihurtu da. Aurten 600 igoera baino gehiago izan dira dagoeneko, 13 lagun hil dira, eta 4 desagertuta daude.

Everestek ohiko bideko ilarak.
ramon olasagasti
2023ko maiatzaren 29a
16:00
Entzun

Gaur 70 urte, Tenzing Norgay sherpak eta Edmund Hillary zeelandaberritarrak Everest gailurra jo zuten. John Hunt militar britainiarrak zuzendutako espedizioak garaipena lortu zuen azkenean. Konkisten garaiko gutizia leku ziren garai hartan Himalaiako menditzarrak, eta Erresuma Batuak bere bandera ezarri zuen munduaren gailurrean. Aspaldidanik, Malloryk zuzendutako 1920ko hamarkadako espedizio haietatik irrikatutako helburua.

Everestek munduko gailur altuena izaten jarraitzen du, eta mundua neurtzeko talaia izaten, bestelako konkisten gertaleku baita gaur egun. Altuerako turismoaren eta bizi dugun gizartearen ispilu eta erakusleiho gorena. 2019an, pandemiaren aurrean, Nirmal Purja sherpak gailurraren atariko buxadura izugarriaren argazkia atera zuenean, munduak burura eraman zituen eskuak, baina aspalditik zetorren kontua: 1990eko hamarkadaren hasieratik, espedizio komertzialek mendia negoziorako barruti egin zutenetik, luzatuz joan zen ilara hori. Baina, finean, gizartearen isla da Everest.

Honela galdetu zuen Alberto Iñurrategik 2019ko argazki haren harira: «Ados egon gaitezke kontsumo objektu bihurtu dela Everest. Beren bizitzako kapritxoa edo erronka izan daiteke Everest askorentzat, baina haiek baino eskubide gehiago al dugu besteok mendira joateko? Nepaleko gobernuari baimenak mugatu ditzala eskatu behar al diogu? Igo nahi duenari gutxieneko esperientzia exijitu behar al zaio? Oxigeno artifiziala debekatu behar al da? “Zer jendetza Everesten!” dio jendeak, asaldaturik. Baina modu berean esan dezakegu zer jendetza Behobian! Zer jendetza Quebrantahuesos lasterketan! Zer jendetza Aizkorriko maratoirako izena ematen duten milaka korrikalarien artean!».

1980ko hamarkadara arteko Everest gailurreko argazki gehienetan, mendizaleek pioleta zeramaten eskuetan, ezinbesteko tresna alpinista batentzat. Gaur egun, Everesteko ohiko bideetan eta batez ere hego isurian, sherpa talde batek ezarritako soka finkoek ordeztu dute pioleta, eta mendizale gehienak jumarra igogailu horretara lotuta botilako oxigenoa oso behetik arnastuz igotzen dira munduaren gorenera. “Altuerako turistak” dira asko eta asko, alpinisten ikuspegitik. Everest tontorrera igo ahal izateko batez beste 60.000 euro ordaindu duen jendea. Norberaren gaitasunak mendiaren neurrira goratu beharrean, mendiaren neurria beheratu da norberaren ezinetara (soka, oxigeno, sherpa eta abarrak makulu) .

Everest mendi komertzializatua da, oro har, baina Everest asko daude. Kilian Jornet, adibidez, ilara guztietatik aparte dabil udaberri honetan bertan, Tom Hornbein eta Willi Unsoeld estatubatuarrek zabaldutako bideari jarraituz. 1963an, duela 60 urte beraz, Hornbein (berriki hil da, 92 urterekin) eta Unsoeld mendebaldeko ertzari jarraituz igo ziren hasieran, eta, 7.600 metro inguruan, zailtasun handien ondorioz, ipar aurpegira pasatu ziren. Eta, behin ipar isurian, gaur egun Hornbein izena daraman korridore tentean gora igo ziren tontorreraino. Jaitsi, berriz, hegoaldeko bide normaletik jaitsi ziren, mendiaren lehen zeharkaldia osatuz. Egiazko alpinismoa zen hura. Beste Everest bat zen hura, beste Everest batean dabil gaur egun Kilian Jornet. Baina, oro har, benetako alpinismoa mendi txikiagoetan egiten da gaur egun.

Hillaryren eta Tenzingen gailurreko berria ekainaren 2an heldu zen Londresera, bost egunen buruan. James Morris The Times egunkariko berriemaileak mail runner baten bidez helarazi zuen Namche Bazar herrixkara, eta handik telegrafo bidez Londresera. Badazpada, kodifikatuta igorri zuten albistea, Katmandun zeuden beste kazetari batzuek aurrea har ez zezaten. Halaxe zioen telegrafo bidezko mezuak: “Elur baldintza txarrak. Atzo utzi genuen kanpaleku nagusi aurreratua. Hobekuntzaren zain”.

Gaur egun ez dago kode beharrik: altuerako turista horietako askok, sarritan, gailurretik bertatik eskegitzen dute gailurreko argazkia beren sare sozialetan. 2011. urtean jada, Kenton Cool britainiarrak txio bat bidali zuen gailurretik bertatik, eta duela hiru urte gailurrean 5G teknologia izateko plan bat iragarri zuen Txinak. Dena unean berean jakiten da eta sareratzen da.

Tenzing Norgay, 1953ko maiatzaren 29an, Everest gailurrean. Edmund Hillary

Hillaryk eta Tenzingek gailurra jo aurretik, bederatzi ahalegin izan ziren Everesten. 1953ko lehen igoera hartatik 1993ra, hurrengo 40 urteetan, doi-doi 500 lagun igo ziren Everest gaineraino. Aurtengo udaberrian, dagoeneko badira 600 igoera. Datu zehatz-zehatzik ez dago oraindik, denboraldia ez baita amaitu, baina pandemiaren aurreko datuetan gaude. Ilarak 2019koak adinakoak edo handiagoak dira aurten, eta dagoeneko 13 hildako ere izan dira. 13 baieztatuta daudenak, beste lau mendizale desagertuta baitaude, tartean Suhajda Szilard hungariarra, Everest oxigeno botilarik gabe igotzen saiatzen ari zena. Oso litekeena da, beraz, aurten hildako kopurua inoiz baino handiagoa izatea. Orain arteko urte beltzena 2014a izan zen: orduan, 17 lagun hil ziren Everesten, haien artean 16 sherpa, elur-jausi batek Izotz Jauzian (mendiaren beheko partean) harrapatuta.

Errekorrak ere izan dira aurten Everesten. Kami Rita Sherpa, Everest man, 28. aldiz igo zen aurreko asteartean Everestera. Bezperan, haren herrikide Pasang Dawa Sherpak errekorra berdindu zuen, 27. igoerarekin, baina Kami Ritak berriro hautsi zuen bien arteko lehia. Bi sherpak bi bider igo dira denboraldi honetan munduko gailurrera. Nor gehiago, nor lehenago, nor gorago, nork like gehiago, nork bistaratze gehiago, hori da gure gizartea, hori da Everest ere. 70 urte geroago, mundua neurtzeko talaia da oraindik ere.

Edmund Hillaryri eta Tenzing Norgayri behin eta berriro galdetu zieten bietatik nor izan zen lehena gailura zapaltzen. Hillaryk ateratako argazkian Tenzing Norgay ageri da, baina bietako inork ez zuen jakinarazi nahi izan zein izan zen lehena. Beste garai batzuk ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.