AEBak

Zorraren mugaren ituna, AEBetako Kongresuko kideen esku

Joe Bidenek eta errepublikanoek asteburuan lortu dute akordioa AEBek bere zorra handitu ahal izateko, eta orain beren alderdikide askoren uzkurtasuna gainditu behar dute

Kevin McCarthy Ordezkarien Ganberako presidente errepublikanoa, zorraren mugari buruz negoziatzen. YURI GRIPAS / EFE
Iker Aranburu.
2023ko maiatzaren 29a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurkariekin ados jarri ondoren, adiskideekin konpondu behar dute orain Joe Biden AEBetako presidenteak eta Mike McCarthy errepublikanoen buruzagiak. Larunbatean, AEBetako zorraren muga gehiago zabaltzeko akordioa lortu zuten, eta orain Kongresuko kide demokraten eta errepublikanoen babes bila dabil, arriskua baitago adostutakoak nahiko babesik ez lortzea etzi Ordezkarien Ganberan, eta aurrerago Senatuan.

Arazo gehiago errepublikanoen artean espero dira, haien arteko gero eta gehiago eskuin muturrera lerratu direlako, eta demokraten proposamen guztiei ezezkoa ematen dietelako. Haietako bat, Texasko Chip Roy, adostutakoa «kaka-mokordo ogitarteko bat» dela ere esan du.

Alderdi Demokrataren ezkerreko adarrean ere boto guztiak ez ditu ziurtatuak Bidenek, arlo batzuetan gehiegi amore eman duela diotenak baitaude. Gainera, batzuek uste dute Donald Trumpi eta haien modukoei aurre egiteko modurik onena dela haiekin ezer ez hitzartzea eta haiei gogor oldartzea.

Zer da zorraren muga?

AEBetako sistemaren berezitasun bat da. Haren arabera, gobernu federala soilik muga bateraino zorpetu daiteke. Behin hori gaindituta, ordainketa batzuk egiteari utzi behar dio. Dirua jasoko ez luketen administrazioko langileei eta hornitzaileei ez ezik, ekonomia osoari ere egin diezaioke kalte, finantza krisi bat sor baitezake bere zorra pagatzeko dirurik ez badu eta hori finantzatzeko bonu gehiago saltzerik ez badu.

Hau da, arrisku handia duela kopuru hori gainditzeak, eta, horregatik, azken urteetan behin eta berriro handitu dute muga, gastu publikoa tresna gisa erabili dutelako ekonomia suspertzeko.

Gaur egun, 31,4 bilioi dolarrekoa da muga hori. Berez, urte hasieran jo zuten, baina orduz gero kontabilitate trikimailuen bitartez lortu dute ekainaren 5era arte luzatzea.

Zer hitzartu dute?

Negoziazio luzeen ondoren, Bidenek eta McCarthyk larunbatean iragarri zuten zorraren muga 2025 arte etengo zutela. Horrek esan nahi du Bidenek ez diola bere lehen agintaldian berriro ordainketa eten baten arriskuari aurre egin behar. Trukean, gastua mugatzea onartu behar izan du: 2024an ezingo da gobernu federalaren gastu arrunta handitu, eta %1 soilik 2025ean. Inflazioa maila horretatik gora egongo denez, gastu erreala gutxitu egingo da.

Edonola ere, muga horietatik kanpo geratzen dira hainbat atal garrantzitsu: Gizarte Segurantza, pentsio publikoak, Medicaid osasun programa publikoa eta gastu militarra. Azken hori %3,3 handitzekoa dela dio Bidenen aurrekontuak, errepublikanoek nahi baino gutxiago.
Ezohiko gertaera handi bat —gerra, pandemia edo halakoa— izango balitz, gastu muga bertan behera geratuko da.

Zer gehiago lortu dute errepublikanoek?

Azken urteetan eskuina eginahalak egiten ari da aberatsei zergak jaisteko eta, aldi berean, programa sozialetan gastua murrizteko. Begiz jota duten programa horietako bat SNAP da, txiroei janaria erosten laguntzeko sortutakoa. Gaur egungo legearekin, programa horretan daudenek gutxienez 49 urte bete arte erakutsi behar dute lana egiten dutela; aurrerantzean, 54 urte bete arte egin beharko dute lan. Baldintza horiek betetzetik libre izango dira armadako beteranoak eta etxerik gabekoak.

Zeri eutsi dio Bidenek?

AEBetako presidenteak lortu du errepublikanoek guraizea ez sartzea inflazioa gutxitzeko legean (IRA) eta hark energia berriztagarriak sustatzeko hartutako neurri ugarietan. Baina ez zaio erabat doan atera. Trukean onartu behar izan du azpiegitura proiektu handien ingurumen baimenen prozedura bizkortzea, eta argi berdea ematea Mountain Valley Pipeline proiektuari. Virginia eta West Virginia lotu behar dituen gasbide horrek eztabaida handia sortu du, ingurumenari egiten dion kalte handiaren ondorioz. %94 dagoeneko eraikita dago, baina baimenak behar ditu erreka batzuk eta babestutako ingurune batzuk zeharkatzeko.

IRA onartzearen truke, Bidenek ezingo du nahi beste handitu IRS zerga ikuskatzaile federalen aurrekontua. Haren bitartez zerga ihesa borrokatu nahi zuen presidenteak.

Zer geratu da bidean?

Errepublikanoek aurrekontu publikoan egin nahi zituzten murrizketa handiak bidean geratu dira, baina baita Bidenek zenbait proposamen ere, hala nola aberatsei zergak handitzea eta intsulina merkatzeko programak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.