Zuzenbide estatua

Bruselak «neurriak» hartuko ditu inhabilitazioei buruzko Poloniako legea indarrean sartzen bada

Europako Batzordeko Justizia komisarioak esan du «kezka bereziak» dituela Errusiaren influentziari buruzko ikerketa batzordeaz; politikariak, kazetariak eta zibilak zigortu ahalko ditu. Udazkenean egingo dituzte bozak.

Poloniako Justizia ministro Zbigniew Ziobro eta Europako Batzordeko Justizia komisario Didier Reynders, 2021ean izan zuten bilkura batean, Varsovian. RAFAL GUZ / EFE
ander perez zala
2023ko maiatzaren 30a
14:32
Entzun

Poloniako Parlamenturako hauteskundeetarako urte erdi inguru falta den honetan, beste gatazka bat sortu da Varsoviaren eta Bruselaren artean. Oraingoan, Errusiak ustez herrialde horretan izan duen influentzia ikertzeko asmoak sortu du harrabotsa, horretarako onartu berri duten legeak politikariak inhabilitatzeko aukera ematen baitu. Oposizioaren kritikei gehitu zaie Europako Batzordea ere, Didier Reynders Justizia komisarioak gaur esan baitu «kezka bereziak» dituztela horren inguruan; testua indarrean sartuz gero «neurriak» hartzeko mehatxua ere egin du Reyndersek, horiek zeintzuk liratekeen zehaztu gabe.

Andrzej Duda Poloniako presidenteak atzo eman zion baiezkoa parlamentuak joan den ostiralean onarturiko legeari, eta orain Auzitegi Konstituzionalaren esku geratu da testuaren etorkizuna. Epaileek oniritzia ematen badiote, argitaratu eta astebetera sartuko da indarrean. Ofizialki, Errusiak 2007-2022ko aldian ustez izan duen eragina ikertzeko lege bat da —horretarako, besteak beste, batzorde bat eratuta—, baina testuak aukera ematen du politikarien, kazetarien eta herritarren kontrako neurriak hartzeko.

Kritikoek Tusk legea deitzen diote, uste baitute oposizioko politikarien aurka egiteko sortu dutela, eta, batez ere, Donald Tusk Poloniako lehen ministro ohi (2007-2014) eta Europar Kontseiluko presidente izandakoa (2014-2019) kargu publikoetatik inhabilitatzeko, hamar urtez. Oposizioko lehen indarra den KO Koalizio Zibikoko buruzagia da Tusk, eta, hain justu, asmoa du udazkenean egitekoak diren parlamenturako bozetara aurkezteko.

Arazoa zera du: ikertzekoak diren aldian gobernuburu izan zenez, arriskua duela inhabilitazio zigor bat jasotzeko. Eta afera horretaz ohartarazpena egin zuen Janusz Kowalski Nekazaritza ministrordeak joan den irailean, esan baitzuen ikerketa batzordearen helburua zera izango dela: «Tusk errusiazalea auzitegi baten aurrean jartzea eta kartzelan sartzea».

Oposizioaz gain, AEB Ameriketako Estatu Batuak ere kritiko agertu dira. Estatu Departamentuko eledun Matthew Millerrek atzo esan zuen kezkatuta daudela, eta Varsoviak testua erabil dezakeela «hauteskunde aske eta bidezkoetan esku hartzeko»; adierazpen hori esanguratsua da, Polonia baita AEBen aliatu nagusietako bat Ukrainako gerran.

Salaketa horiei erantzuteko, Poloniako Gobernuak erreakzio bat eman behar izan du, eta Marcin Przydacz presidentetzaren bozeramaileak, gaur egin dioten elkarrizketa batean, argudiatu du ikerketa batzordeak ezingo dituela hautagaitzak debekatu.

Helegiterako aukerarik ez

Edonola ere, aukera horri begira, Europako Batzordeko Justizia komisarioak ohartarazi du Errusiaren influentziari buruzko legeak zigortuei ez diela baimenduko helegite bat aurkeztea, eta, beraz, Reynders arabera, justiziarako sarbidea oztopatua izango dutela. Nahiz eta hilabeteotan Bruselaren eta Varsoviaren arteko negoziazioak ugaritu egin diren independentzia judiziala errespetatzearen inguruan —«egoera hobetzen saiatzeko»—, badirudi Polonian onartu berri duten testua beste oztopo bat bilakatuko dela elkarrizketa horietan.

Ikusteko dago Poloniako Auzitegi Konstituzionalak zer ebatziko duen. Oposizioko alderdiak ez ezik, erakunde judizialak eta Barne Aferetarako eta Administraziorako batzorde parlamentarioa ere neurriaren kontra agertu dira, eta salatu dute ez datorrela bat konstituzioarekin; gainera, salatu dute ez dagoela zehaztuta zer joko duten Errusiaren influentziatzat. Oposizioak lehen manifestazioa antolatu du datorren iganderako, eta Tuskek horretan parte hartzera deitu du asteon.

Legea indarrean sartuz gero, ikerketa batzordeak irailaren 17an emango luke lehen txostenaren berri; eta, hortaz, baliteke hauteskundeen kanpaina betean gertatzea hori. Inkesten arabera, lehia handia izango da 2015etik agintean dagoen PiS Legea eta Justiziaren eta oposizioko KOren artean, eta baliteke PiSek gehiengo osoa galtzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.