Korsika

Colonnaren hilketaren ikerketa batzordeak agintarien «hutsegiteak» eta «ekintzarik eza» salatu ditu

Diputatuek urte erdiko lanaren ondorioak aurkeztu dituzte, eta 29 gomendio eman dituzte; tartean, DPS estatusaren «beharrezko erreforma».

Yvan Colonnaren aldeko pintada bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
ander perez zala
2023ko maiatzaren 30a
15:53
Entzun

Yvan Colonna Korsikako militante independentistaren hilketaren aferan «hutsegiteak», «ekintzarik eza» eta legea «ez betetzea» izan ziren nagusi agintarien artean, heriotza horri buruzko Frantziako Asanblearen ikerketa batzordeak ondorioztatu duenez. Bide beretik, Jean-Felix Acquaviva diputatu autonomista buru duen lantaldeak salatu du «zaintza falta» izan zela Arlesko presondegian (Okzitania), eta Colonnaren kontrako erasoa «luzatu egin» zela «esplikaezina den modu batean».

Sei hilabetez 71 lagun entzun ondoren, batzorde parlamentarioak gaur eman du ikerketaren ondorioen berri, xehetasunez beteriko 218 orrialdeko txosten baten bidez. Diputatuek arreta jarri dute, bereziki, militante independentistaren eta haren erasotzailearen espetxealdien «kudeaketan», biek ala biek DPS bereziki zainduriko estatusa baitzuten; eta ondorioa zera da: desberdina izan zela bientzat, ia kontrakoa.

Colonna 2003tik zegoen kartzelan, eta bizi guztiko kartzelaldi zigorra ari zen betetzen, Claude Erignac prefetaren (1998) hilketagatik zigortu baitzuten. Iazko martxoaren 2an, jihadismoagatik zigorturiko preso batek militante independentista jipoitu zuen Arlesko espetxean, argudiatuta «profetari birao» egin ziola, eta koman utzi zuen. Azkenean, hil horren 21ean hil zen, Marseillako ospitale batean.

Erasoak zortzi minutu iraun zuen, eta horrek haserrea eta harridura eragin zuen, DPS estatusa duten presoak, izenak dioen modura, bereziki zainduak daudelako. Eta, hortaz, hori izan zen aferari buruzko galderetako bat: zergatik geratu ziren erasotzailea eta Colonna bakar-bakarrik, hamabost minutuz? Are, jipoia kirola egiteko gela batean izan zen, eta horretan bazen zaintzarako kamera bat; inor ez zen agertu erasotzaileak, erasoaren ondoren, abisua eman zuen arte, agenteei ohartarazi baitzien Korsikako presoa «gaizki» zegoela.

Presondegiko zuzendari Laurent Ridelek, ikerketa batzordean horretaz galdetu ziotenean, erantzun zuen harrituta zegoela «planeten lerrokatze» horrengatik, eta esan zuen «batzuetan errealitateak fikzioa gainditzen» duela. Horrek agerian utzi du, ikerlarien ustez, «giza baliabide falta» nabarmena izan zela, baita «formakuntzarakoak» ere; finean, zaintzaren kudeaketan «hutsegiteak» izan zirela, eta arazo hori lehenagotik zetorrela. Hau da, «disfuntzio larriak» izan zirela.

Ondorio horiek, gutxi gorabehera, IGJ Justiziaren Ikuskaritza Nagusiaren ikerketaren antzekoak dira; IGJ justiziarekin zerikusia duten zerbitzuak ikertzeaz arduratzen da, Frantziako Justizia Ministerioaren izenean, eta joan den uztailean eman zuen ikerketaren berri.

«Estatuak egin behar zuena besterik ez du egin»

Ondorioei buruzko dokumentuan, ikerketa batzorde parlamentarioak prefeten arteko elkarrizketa bat argitaratu du, izen-abizenik eman gabe; erasoa gertatu eta hamar bat egunera izan zen, eta, horretan, Frantziako Estatuaren ordezkarietako batek zera dio: «Beste atxilotuak garai hartan estatuak egin behar zuena besterik ez du egin». Diputatu autonomistak testuan dioenez, esaldi horrek erakusten du «haserre» eta «mendeku» testuinguru bat zegoela.

Txostenak, itxura guztien arabera, zeresan handia izango du. Laurent Marcangeli Korsikako diputatu eskuindar eta txostenaren egileak testuaren berri eman du gaur egindako agerraldi batean, eta azaldu du 29 gomendio proposatu dituztela, hiru zatitan banatuta: DPS estatusaren «beharrezko erreforma»; «atxilotu erradikalizatu arriskutsuen zaintza eta horiek detektatzeko» neurriak «indartzea»; eta «buru nahasmenduak» dituztenen «ardura hartzea hobetzea».

Horietaz, Marcangelik esan du beharrezkoa dela DPS estatusa dutenen «izaera» kontuan hartzea, hau da, estatus hori «pertsonalizatzea», argudiatuta Colonnak ez zuela arazorik eman espetxean izan zen garaian; aldiz, haren erasotzaileak, bai, eta, horrek, diputatuaren ustez, justifikatu egiten du aldaketa baten beharra. «Franck Elong Aberen [erasotzailearen] ibilbideak eskatzen zuen arreta handiagoa jartzea harengan».

Colonnaren heriotzaren aferan «alde ilun asko» daudela salatu izan du hilabeteotan Acquavivak. Horretaz, ikerketa batzorde parlamentarioak ez du gauza askorik esan, espero baitu ikerketa judizialak argituko duela hori. Erasotzaileari heriotza leporatu diote, eta, oraingoz, hilketaren arrazoiei buruzko hipotesi guztiak mahai gainean daude. Baina, diputatu autonomistak gaurko agerraldian esan duenez, gauza bat argi dago: «Estatu afera bat da jada».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.