GERRA UKRAINAN

NATOk ariketa militarrak hasi ditu Artikoan, eta Finlandia babesteko konpromisoa hartu du

Wagnerreko buruak fiskaltzari eskatu dio iker ditzala Errusiako Defentsa Ministerioko goi agintariek Ukrainako inbasioaren aurretik eta bitartean egindako «krimenak». Moskuren arabera, Ukrainako armadak gutxienez bost pertsona hil ditu Luhanskeko herri errepublikan.

Alemaniako armadako gerraontzi bat, Helsinkiko portuan amarratuta, apirilaren 14an. KIMMO BRANDT / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko maiatzaren 31
12:30
Entzun

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdeek gaur ekin diete Artikoko ariketa militarrei, erakundeko kide berriena, Finlandia, babesteko konpromisoa hartuta. Eskandinaviako herrialdea apirilean sartu zen Mendebaldeko aliantza horretan, eta elkarrekin egingo dituzten lehen trebakuntza militarrak dira. Norvegiako, Erresuma Batuko, AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta Suediako mila soldadu inguru batu zaizkie Finlandiako 6.500 militar ingururi ariketetan; mila ibilgailu ere erabiliko dituzte aste honetan Rovajarvin, Finlandia iparraldean. Eta hori guztia, hain zuzen, Errusiako mugatik bi ordu eskasera autoz.

AEBetako armadako jeneral Gregory Andersonen gidaritzan ari dira ariketa militarrak egiten. «Hemen gaude. Finlandia babestearekin engaiatuta gaude», adierazi zuen atzo. NATOko hamalau herrialde kidetako 150 bat hegazkin ere parte hartzen ari dira maniobretan, erakundeko aire indarren arabera. Finlandia NATOko blokean sartzeak bikoiztu baino gehiago egin du aliantza militarrak Errusiarekin duen mugaren luzera, Moskuren eta Mendebaldearen arteko tentsioa gero eta handiagoa den honetan, Errusiak 2022ko otsailean Ukrainako inbasioa hasi ondotik.

Suedia eta Finlandia gertuko bazkide militarrak dira, eta, hain zuzen, Errusiak Ukrainan hasitako erasoaldiak eman zien modua Eskandinaviako bi estatu horiei urte luzeko neutraltasuna baztertzeko eta NATOren defentsa kolektiborako konpromisoaren segurtasuna bilatzeko. Finlandia apirilaren 4an sartu zen formalki NATOn, eta, urrats horri erantzuteko, Moskuk mehatxu egin zuen «kontrako neurriak» hartzearekin.

Suediak, berriz, espero du uztailean Vilniusen (Lituania) egitekoa duten aliantzaren goi bilera baino lehen batuko dela NATOra. Erakundeko kide guztiek Stockholm sartzeko eskaera berretsi ondoren gauzatuko da erabateko atxikimendua, blokeak adierazi duenez. Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak baikor hitz egin zuen atzo, Suedia «gertu» ikusten duelako uztailaren 11 eta 12ko NATOren goi bileran parte hartzeko. «Bermerik egon ez arren, erabat posible da konponbidea lortzea eta Suedia erakundean sartzeko erabakiari bide ematea», adierazi zien Stoltenbergek hedabideei Oslon, NATOko kide diren herrialdeetako Atzerri ministroen bilera baten bezperan.

Azken urratsa egiteko, baina, Turkiaren berrespena behar du Suediak. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen esanetan, Stockholmek oraindik ez ditu Ankararen eskakizun guztiak bete atxikimendua babestuko duela ziurtatzeko. Hain zuzen, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko eta PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko kideei babesa ematea leporatzen dio Erdoganek Suediari, bi alderdiak «terroristatzat» jotzen baititu.

«Esnatze estrategikoa» hizpide gaur

Defentsarekin lotuta, Frantziako presidente Emmanuel Macronek ahalegin diplomatikoa egin nahi du ziurtatzeko Europako erdialdeko eta ekialdeko herrialdeen segurtasuna berrikusi egin behar dela, Ukrainako inbasioaren jokalekuan. Gaur arratsaldean Bratislavan (Eslovakia) egitekoa den segurtasun foroan, Macronek «esnatze estrategikoa» izango du hizpide, baita Parisek NATOren ekialdeko hegala babesteko egin duen lana ere; besteak beste, 1.250 soldadu frantziar bidali ditu Errumaniara, eta beste hirurehun Estoniara. Era berean, Ukrainarentzako tanke horniduraren atea irekitzeko beharraz ere hitz egingo dute bilera horretan.

Errusiako Wagner paramilitar taldea Donetsk eskualdeko Bakhmut hiria kontrolatzeko borrokan aritu da azken hilabeteotan, eta taldeko buru Yevgeny Prigozhinek sarritan kritikatu du Errusiako Defentsa ministro Serguei Xoigu, behar beste munizio ez emateagatik. Bada, gaur urrunago joan da Prigozhin: fiskaltzari eskatu dio iker ditzala Errusiako Defentsa Ministerioko goi agintariek Ukrainako inbasioaren aurretik eta bitartean egindako «krimenak». Wagnerreko buruak ez du harreman onik Xoigurekin; armadari «sabotajea egitea» leporatu zion, «gaitasunik ezagatik».

Errusiako Gobernuak Ukrainakoari Mosku dronez bonbardatzea leporatu eta biharamunean, Ukrainako armadak zenbait eraso egin ditu gaur goizaldean Luhansk-eko herri errepublikan eta Errusiako zenbait lurraldetan. Lehen oldarraldian, Ukrainako indarrek lau misilekin bonbardatu dute Karpaty herria, eta gutxienez bost pertsona hil eta beste hamasei lagun zauritu dituzte, Kremlinek Luhansken ezarritako agintariek salatu dutenez. Horrez gain, Ukrainako militarrek misilekin egindako beste eraso batean, gutxienez lau pertsona zauritu dituzte, Errusiako Belgorod eskualdeko Xebekino herrian, Ukrainako mugatik gertu.

Azken egunotan, Kievek 215 misil baino gehiago jaurti ditu Xebekino barrutira, eta, hango egoera «okertzen» ari dela eta, ehunka haur ebakuatzen hasi dira gaur Ukrainako mugatik gertu dauden herrietatik. «Hirurehun haur Voronezhera eramango dituzte [Errusiako mugatik 250 bat kilometro barnealdera dagoen hirira]», zehaztu du Viatxeslav Gladkov eskualdeko gobernadoreak, AFP agentziaren arabera.

Hirugarren erasoa, berriz, Krasnodarren egin dute, Errusia hego-mendebaldean eta Krimea penintsularen ekialdean. Eskualdeko agintariek jakinarazi dutenez, sutea izan da findegi batean, droneekin azpiegituraren aurka egindako ustezko eraso baten ostean. Suteak, ordea, ez du biktimarik eragin. Ukrainako armada ahalik eta azpiegitura logistiko eta armamentu errusiar gehien suntsitzen ari da, espero den kontraerasoa hasi aurretik.

Ukrainari erantzunez, Errusiako Defentsa Ministerioko eledun Igor Konaxenkovek baieztatu du Odesako portuan amarratuta geratzen zen Ukrainako armadaren azken gerraontzia suntsitu dutela, Juri Olefirenko.

Gerran Londresek Kievi laguntza militar handia eman diola eta, Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteordeak gogor hitz egin du Erresuma Batuaren aurka. Haren esanetan, Londres da Moskuren «betiko etsaia», eta, beraz, Ukrainari gerran lagundu dion edozein «funtzionario edo zibil» britainiar «helburu militar legitimotzat» jo daiteke. «Erresuma Batua Ukrainaren aliatu gisa jokatzen ari da; laguntza militarra ematen dio. Deklaratu gabeko gerra bat egiten ari da Errusiaren aurka», idatzi du Twitterren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.