Iruñea

Geroa Baik EH Bildu babestuko du Iruñeko Udalean

Koldo Martinez alkategaiak bere burua eskaini du «blokeoa» desegiteko prozesua «gidatzeko». Arnaldo Otegik, berriz, Nafarroako Legebiltzarraren osaketaz hitz egin du; haren arabera, «ikusiko da» EH Bilduk abstentzioaren alde egiten ote duen hartara Maria Txibite presidente izan dadin.

Geroa Bai-ko alkategai Koldo Marinez. IDOIA ZABALETA / FOKU
xabier martin
2023ko maiatzaren 31
13:10
Entzun

Iruñeko alkatetza lortzeko «boto gehien duen indar aurrerakoiaren alde» bozkatuko du Geroa Baik. Horrela jakinarazi du koalizio horren alkategai Koldo Martinezek. Hau da, EH Bilduko hautagai Joseba Asironen aldeko botoa iragarri du hitz horiekin. Zortzi zinegotzi lortu ditu EH Bilduk, eta indar aurrerakoien artean hark lortu du boto gehien. «Blokeoa» atzean uzteko «aurrerapauso bat» emateko eskaini du bere burua Martinezek: «Geure burua eskaintzen dugu udal gobernu aurrerakoi horren proposamena gidatzeko; Iruñeak aurrerakoitasunaren, pluraltasunaren eta transbertsaltasunaren alde bozkatu du».

Martinezek ohartarazi du «soluzioak» bilatu beharko direla «beste indar aurrerakoi batzuek» Iruñerako proposamen aurrerakoia «galarazten badute». «EH Bilduk ez du onartu PSNk atzo eskainitako formula», erantsi du Geroa Baiko hautagaiak; EH Bilduri eta UPNri babesa ukatuko diela iragarri du PSNk. Hori ikusita, «indar aurrerakoi guztiek bat egiteko bideak aztertzen jarraitzeko» deia egin du Martinezek.

Oso argi azaldu du Elma Saizek (PSN) proposatutako formula dela «UPNri alkatetza oparitzea». «Geroa Baik Saizen alde bozkatu nahi izateak» emaitza hori lukeela azpimarratu du Geroa Baiko kideak: «Ez dugu halakorik egingo». Martinezek esan duenez, «indar horien bien jarrera baztertzaileengatik» udal gobernu aurrerakoi bat lortzen ez bada, jasotako boto horiek guztiek ez dute «ezertarako balioko». Haren arabera, egungo blokeoak «eskuineko udal gobernu batera» darama Iruñean, eta Geroa Baik uste du «formula egingarriak» proposatu behar dituztela Iruñea eskuinaren «paralisitik ateratzeko».

Otegiren abisua

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik garbi utzi du koalizioak ez diola uko egingo Joseba Asiron Iruñeko alkate bihurtzeko aukerari. PSNk iragarria du ez duela Asiron babestuko, eta Elma Saizek bere burua aurkeztuko du aginte makila lortzeko, horretarako indar nahikorik ez badu ere. Egoera asko nahasten ari den arren, Espainiako Gorteetarako uztailaren 23ko hauteskunde deialdia tarteko, Otegik «erabateko segurtasunez» ziurtatu du Asironek hautagaitza aurkeztuko duela Iruñeko aginte makila hartzeko.

Bestalde, Maria Txibitek EH Bilduren abstentzioa behar du Nafarroako presidente izateko, aurreko legegintzaldian presidentetzara eraman zuen formula bera erabiliz. Otegik esan duenez, «ikusiko da» ea koalizio abertzalea abstenitzen den ala ez; hala, aditzera eman du erabaki hori ez dagoela hartua inondik inora. «Ezin diozu jendeari esan 'lau urte daramatzat aurrekontuak EH Bildurekin onartzen, harekin adosten, baina orain ez zait batere gustatzen EH Bildu', ez da-eta sinesgarria».

Radio Euskadin egindako adierazpenetan, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak adierazi du koalizioak ez diola utziko eskuinari gobernatzen «inon ere»; «baina EH Bildu publikoki etengabe zigortzen ari badira, igual horixe nahi diute». Alegia, koalizioak abstentzio boto hori ez ematea Txibiteren alde. «Ez dakit zer estrategia duten, baina guk, ahal dugun tokietan, ez diogu eskuinari gobernatzen utziko. Ez dugu printzipio hori aldatuko».

Edonola ere, azkenerako, «gerta daiteke» EH Bilduk ez egitea Txibite Nafarroako presidente egingo lukeen abstentzioaren alde. «Gerta daiteke, baina ez nintzateke hain aurrera joango». Hitz horiek argitze aldera, Otegik errepikatu du EH Bilduk ez diela «traizio» egiten bere printzipioei; «baina norbait bada guri oztopoak jartzeko gogo handiz, hitz egingo dugu»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.