Hezkuntza

Euskal eskola publikoaren aldeko manifestazioa eginen dute ekainaren 9an

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak adierazi du Hezkuntza Lege proiektuak ez duela eskola publikoa «lehenesten»

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako agerraldia gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 31
13:16
Entzun

«Euskal eskola publikoaren alde gaude, eta Hezkuntza Lege proiektuari ezetz esaten diogu», argi mintzatu dira Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideak. Beren aldarriak kalera eramanen dituzte ekainaren 9an eginen dituzten manifestazioetan. Bilbon, Donostian eta Gasteizen izanen dira, 18:00etan. Haien erranetan, lege proiektu hori «ez da euskal eskola publikoak behar duena, hura sendotu ordez ahuldu egiten baitu».

Gaur egin dute manifestaziorako deia, Donostian. Jon Errea eta Elena Cardenas Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideek hartu dute hitza. Erran dute lege proiektu berriak «publiko-pribatu sistema duala betikotu» nahi duela, bi sareak berdinduz; eta, beraz, ez duela eskola publikoa sistemaren erdigunean kokatzen, ez duela eskola publikoa «lehenesten».

Gainera, azpimarratu dute ikastetxe guztiak «merkatuaren logikan» sartzen dituela, eta horrek «ikastetxe guztien arteko lehiakortasun lasterketa zoroa sustatzen» duela, baina lasterketa horrek mesede gutxi egiten diela eskola publikoei, ikastetxe guztiek ez dituztelako baldintza berak.

Gehitu dute proiektuak ez dituela bermatzen umeen euskalduntzea eta hezkuntza laikoa, ez duelako zehazten nola erdietsiko dituen ezarritako helburuak. Azkenik, segregazioari aurre egiteko «neurri artifizialak alferrikakoak» direla adierazi dute, ez dutelako arazoaren muinera jotzen.

Hala, «bestelako hezkuntza sistema bat» aldarrikatu dute, «eskola publikoa benetan erdigunean jarriko duena». Azpimarratu dute plataformako kide guztiek arrazoi anitz dituztela eskola publikoaren alde egoteko; adibidez: «Hezkuntza eskubidea bermatzen duen sare bakarra» dela. Izan ere, «hezkuntza publikoak aukera berdintasuna bermatzen die ikasle guztiei, eta gizarte egoera desorekatuen orekatzaile da». Oreka horretan «aniztasuna» ikur duen sistema bat dela erran dute, eta hori dela bidea etorkizunean «gizarte kohesionatu bat» osatzeko.

Bertze arrazoietako bat da eskola publikoa laikoa dela, eta tolerantzia bermatzen duela: «Modu positiboan errespetatzen ditu aukera ideologiko, politiko eta moral askotarikoak». Eta gehitu dute «herritar kritikoak» hazten dituela horregatik. Gainera, argi utzi dute euskal eskola publikoak euskara ardatz duela, eta azken hamarkadan sistema hori izan dela «ikasle gehien euskaldundu duen hezkuntza sarea». Hala, gertuko eskola dela gogorarazi dute, orokorrean garraiorik behar ez duena.

Dekalogoa

Lege berriaren aurrean, euskal eskola publikoaren aldeko dekalogo bat prestatu du plataformak. Hamar puntutan banatu dute, eta, funtsean, adierazi dute eskola publikoa «denona eta denontzat» dela. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote eskola publikoa sistemaren ardatza izan dadila eta lehentasun osoa izan dezala.

Segregazioa ere hizpide dute dekalogoan, eta hezkuntza sistemaren «arazo larrienetakoa» dela adierazi dute, «hezkuntza sistemaren pribatizazioaren ondorio zuzena» dena. Hala, erran dute lege berriak «sare publiko bakar eta orekatuaren oinarriak jarri behar» dituela.

Euskara erdigunean jarriko duen hezkuntza lege bat ere eskatu dute, sare publikoan kokatzen baitute euskararen ezagutza eta etorkizuna. Horrez gain, merkatutik kanpo dagoen eskola bat nahi dute, laikoa izanen dena.

Publikoaren aldeko jaia

Manifestaziorako deia eta beren aldarriak egiteaz gain, datorren igandean izanen den Euskal Eskola Publikoaren Jaian parte hartzeko deia ere egin du plataformak. Mungian izanen da (Bizkaia). Adierazi dute informazioa emango dietela beren gunera etortzen direnei, eta eguerdian kalejira bat eginen dutela Matxin plazatik eskolara bitarte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.