inaki petxarroman
Analisia

Gipuzkoako agintea eta arriskuak

2023ko maiatzaren 31
13:23
Entzun

Gipuzkoan nork aginduko duen EAJren esku dago orain, ia modu esklusiboan. Izan ere, alderdiek agindu dutena berretsiz gero, bi aliantza aurkeztuko dira inbestidurara: EAJ eta PSE-EE Eider Mendozarekin —24 boto—, eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemos Maddalen Iriarterekin —24 boto—. Bozketa hori iristen bada botoa EH Bildurena ez den hautagaitzari emango diola jakinarazi du PPk, eta hitza beteko ez duelako zantzurik ez dago.

Horraino inbestidurak eman dezakeen emaitza. Horren ondorioak arriskutsuak izan litezke EAJrentzat, baina hark arriskutsuagotzat jo dezake, agian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren agintea EH Bildurentzat uztea.

Gobernua hartzea arriskutsua izan liteke jeltzaleentzat, zeren egungo Gipuzkoako argazki soziopolitikoa bihurritzeko nolabaiteko gogo bat erakusten baitu, herrialdeko indar nagusia agintetik baztertuta, nahiz eta horretarako PPren babesa beharrezkoa izan. Apustu horrek ekar dezake lau urte barru are eta boto gehiago eta indar handiagoa metatzea EH Bilduren inguruan.

Ikusi gehiago:Gipuzkoako foru hauteskundeetako emaitzak

Arriskutsua izan liteke zeren, gainera, agintea hartu bai, baina gobernatzeko baldintza egokirik gabe gera daiteke Mendoza, gauza bat baita ahaldun nagusia izateko PPren botoa jasotzea, eta beste bat lau urtez aurrekontuak eta arau eta plan inportanteak aurrera ateratzeko haren babesa ziurtatzea. Kontuan edukita, gainera, PSE-EE eta PP elkarren lehiakide izango direla haientzat nagusia den Espainiako plaza politikoan. Beraz, elkar lehertu nahi duten arerioen erdian, baliteke erretzea EAJko diputatu nagusia.

PPren botoa onartzea apustu labainkorra da ikuspegi politiko edo ideologiko batetik ere. Alderdi abertzale eta euskaltzale batek mozorrorik gabe bilatu behar al du, esaterako, euskararen aldeko hizkuntza politiken aurka gero eta oldarkorrago dabiltzanen botoa? Edota Espainian eskuin muturreko ordezkariekin gobernatzeko erreparorik ez dutenen botoa? Etorkizunera begira, onura baino kalte handiagoa ekar diezaioke horrek EAJri.

Hori dena esanda, baina, Mendoza aurkeztu ez eta Iriarteri gobernua osatzen uzteak ere baditu arriskuak EAJrentzat. Izan ere, Iriartek, orduan, Elkarrekin Podemosen babesa ez ezik, aukera edukiko luke PSE-EErena ere lortzen saiatzeko, gizarte politiketan agian ez baitira horren urrun egongo haien asmo politikoak: zaintza sektorean, ogasunean, mugikortasun politiketan... Baliteke elkarlan bide horrek are eta posibleago bihurtzea etorkizunean ezkerreko indar ezberdinen arteko gobernagarritasunaren formula. Eta baliteke horrek, EAJren eta EH Bilduren arteko hegemonia lehian, are eta kokaleku hobean jartzea koalizio independentista etorkizun laburrean.

Mendoza aurkezteko erabakian, segur aski, dezenteko pisua izango du ez aurkezteak zabal dezakeen jokaleku berri horrek. Zeren, gaur-gaurkoz, beste edozein hipotesi ezinezkoa begitantzen baita Gipuzkoan; esate baterako, EH Bilduk PSE-EErekin gobernatzeko modu bat lortzea, zeresanik ez datozen Espainiako hauteskundeen testuinguruan. EAJ eta PSE-EE saia litezke Elkarrekin Podemosen babesa lortzen ere —inbestiduran zail dute, baina agintaldian zehar posible izatea espero dezakete—. Esan beharrik ez da EH Bildu baztertzeko EAJk eta PSE-EEk duten apustu horretan laguntzeak desagertzeko bidean jar lezakeela Elkarrekin Podemos.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.