Telebista

Kanalduderen «gertutasuna eta zabaltasuna» transmititzeko iragarkia estreinatu dute

Beste lau hornitzailetan ikusgai dagoela zabaltzeko komunikazio kanpaina egiten ari da telebista herrikoia

Iragarkiko une bat. KANALDUDE
2023ko maiatzaren 31
17:40
Entzun

Kanaldude telebista zure etxean du izenburua Nafarroa Behereko kanalaren azken iragarkiak. Seinalea zabaltzeko egin duen kanpainaren izen bera da. Izan ere, Kanaldude beste hiru telebista hornitzailetan ikus daitekeela zabaldu nahi dute horren bidez, eta ekainean beste batean ere arituko direla gaineratu dute.

«Kanaldude Telebista box-etan sartu izana, telebista herrikoi eta parte-hartzailearendako jauzi handia da», adierazi dute. Izan ere, Kanaldude Orangen ikusteko aukera dago orain (358 kanalean), Bouyguesen (339) eta Freen (948). Gainera, ekinean SFR hornitzailean ere ikusi ahalko dela iragarri dute.

Albistea zabaltzeko kanpainan dihardu oraindik ere telebistak, eta horretan laguntzeko egin duten 31 segundoko iragarkia aurkeztu berri dute. Horretan, «Kanaldude telebista erakusten duten irudiak erakusten dira, editorialki lerrotutako sailen berri emateko helburuarekin, gertutasuna, zabaltasuna eta gure baloreak transmititzea dugu xede».

Kanaldudek eskaintzen dituen saioen laburpen bat egiten dute iragarkian, hala nola dokumentalak, fikzio lanak, ikusgarriak, kirolak...

Kanaldude telebista 1997. urtean sortu zuten, Ele Bista izenarekin. Ipar Euskal Herriko kultura eta herri egitasmoak euskaraz zabaltzea zuten helburu hasieratik.

Hedatuz joan da geroztik. Hasieran, antenen bidez, eta azken boladan, asko hedatu ditu bere mugak, hornitzaile digitalen bitartez. 2021. urtean ikus-entzunezkoen eskaintza arautzen duen ARCOM erakundeak tokiko ekimen publikoko zerbitzuan sartu zuen Kanaldude, eta horri esker lortu dute hornitzaileen eskaintzetan sartzea. Izan ere, gizarte ekimeneko telebistak ere eskaintzan sartzea behartzen baititu erakundeak.

Urte amaierara arte jarraituko dute kanpainarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.