Albistea entzun

Osasuna

Pertsona bat ospitaleratu dute Donostian, sukar hemorragiko bat izan dezakeelakoan

Egin dituzten azterketen arabera, uste dute ez dela ebola kasu bat, baina pazienteari egiten ari zaizkion azterketen emaitzak falta dira oraindik; martxan dute infekzio tropikalak artatzen dituztenean ezarri ohi duten protokoloa

Donostia ospitalean ingresatu dute pazientea
Donostia ospitalean ingresatu dute pazientea Jon Urbe /Foku Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain - Arantxa Iraola -

2023ko ekainak 1 14:34

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, ustez sukar hemorragiko batekin kutsatutako paziente bat artatzen ari dira Donostia ospitalean. Egonkor dago, baina ospitaleak abian jarri ditu «segurtasun eta bakartze handiko baliabide bereziak». Donostia ospitalean dago, Segurtasun Biologiko Handiko Unitatean. Bertara eraman ohi dituzte gaixotasun infekzioso larriak dituzten pazienteak. Erietxeko atarian, Xabier Zubeldia medikuak argibideak eman ditu eguerdian. «Zera esan dezakegu: infekzio tropikal bat da. Oraindik ez dugu diagnostikorik. Pazienteari hartutako laginak bidali ditugu Karlos III.a ikerketa zentrora, eta hemen ere baditugu, eta emaitzen zain gaude». Esan du ez duela «ematen» ebola kasu bat denik.

«Infekzioarengatik, daraman denborarengatik, eta egin dizkiogun probengatik, ematen du ez dela ebola kasu bat; Marburg birusaren gaixotasuna ere ez du ematen, edota malaria kasu larri bat», zerrendatu du. «Horiek horrela, lasai gaude, eta gaixoa ere ondo dago». Gaixotasun larriak dira zerrendatu dituen horiek, baina zerbait «arinagoa» ere izan daitekeela iragarri du. Emaitzei begiratu beharko zaie, eta pazienteak datozen orduotan duen eboluzioari.

«Gaur edo bihar emaitzak jasotzea espero dugu; ea zerbait gehiago dakigun. Zenbait gauza gaur arratsaldean argituko dira; besteak, bihar», iragarri du sendagileak. Halakoetarako protokoloa oso sendoa dela nabarmendu du Zubeldiak. «Hilero elkartzen gara; anestesista, intentsibista, infektologo eta pediatra taldeak trebatzen gara. Ondo prestatuta gaude». Erietxean, halaber, propio halakoetarako prestatutako zirkuitu bat prest dutela nabarmendu du. «Esaterako, unitaterako sarbidea zuzenagoa izaten da: larrialdietatik». Hartara, gaitza hedatzeko arriskua txikitzen saiatzen dira. «Dena prestatuta dago».

Goizaldean eraman dute pazientea ospitalera. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Afrika erdialdeko errepublikatik etorri zen duela hilabete, eta, sukar hemorragiko batekin kutsatuta egon daitekeen susmoa dutenez, haren eta hura artatu duten profesionalen bakartzea eta segurtasuna bermatzen ari dira. Osakidetzak 24 orduan baino gutxiagoan jarri ditu abian jardunbidea eta protokoloa. Zubeldiak adierazi du pazientea Urdulizko erietxetik heldu dela Donostiara: «Gaur goizean iritsi da, 09:30 aldera».

Osasun publikoko neurriak

Pazienteak gertuan izan dituen pertsonen kontrola egite aldera, Osakidetzako Osasun Publikoko profesionalek urratsak egin dituztela esan du Zubeldiak. Norbaitekin harremanetan jarri behar badu, edo bakartze neurriak ezarri behar bazaizkio, haiek horren ardura hartuko dutela esan du, zehaztasun gehiago eman gabe. «Eta gu lasai gaude; ez dago arriskurik herritarrentzat», zehaztu du.

Azaldu du tankera honetako sukarrak gaitz tropikalekin lotzen dituztela pazienteak sukarra duenean eta gaitz mota horiek hedatuta dauden herrialde batetik datorrenean.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Patrice Laniesen hilketa salatzeko elkarretaratzea, Baionan ©Guillaume Fauveau

Baionako bestetako hilketagatik atxilotutako zazpiak akusaziopean jarri dituzte

Ekhi Erremundegi Beloki

Atzo deklaratu zuten kasua ikertzen ari den instrukzio epailearen aitzinean. Horietako bost preso sartu dituzte «nahitarako giza hilketa» leporatuta. Baionako prokuradoreak jakinarazi du epailearen ikerketarekin segituko dutela, bakoitzaren inplikazioa argitzeko.

Eskalatzaile bat, artxiboko irudi batean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Gazte bat hil da Urdulizen, eskalatzen ari zela erori ostean

Berria

Erortzean zauri larriak egin zituen 21 urteko gazteak, eta gaur hil da ospitalean.

Basauriko festetako barraken gunea, atzo. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Basauriko festetan sexu eraso bat izan dela salatu dute

Berria

Herriko udalak eta asanblada feministak sexu erasoa gaitzetsi dute. Gaur elkarretaratzea egingo dute, Pinceles plazan.

 ©IDOIA ZABALETA/ FOKU

«Adingabeen aurkako biolentzia eragotzi behar da kirolean ere»

Isabel Jaurena

Pisuaren inguruko presioa egitea edo okerrago jokatzen duen taldekidea kanpoan uztea: halako indarkeria egoerak pairatzen dituzte umeek kiroletan. Trebakuntza eman diete begiraleei.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.