Lan gatazkak
Lasarte-Oriako Michelinen lau greba egun egingo dituzte
Soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzeko eskatu dute sindikatuek. Astelehenean manifestazioa egingo dute hiriko kaleetan. Gasteizko plantan ere deitu dute grebara, hurrengo astean.

Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Michelin lantegiko langileen batzordeak grebara deitu du ostiral, larunbat, igande eta astelehenerako. Adierazi duenez, sindikatu bat ere ez da prest agertu zuzendaritzak lan hitzarmenari buruz egindako azken proposamena babesteko.
Michelinek %12ko soldata igoera eskaini du datozen lau urteetan: %5ekoa 2023an, %3koa 2024an, %2koa 2025ean eta %2koa 2026an. Langileen batzordeak soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzeko eskatu du. Sindikatuek «hausnartzeko» eskatu diote zuzendaritzari, eta «negoziatzen jarraitzeko prest» agertu dira, «akordioa lortzeko eta gatazka saihesteko».
Grebaz gain, elkarretaratzeak egingo dituzte fabrikaren sarreran. Astelehenean auto ilara bat eratuko dute Lasarte-Oriako kaleetan, 09:30ean, eta manifestazioa egingo dute 17:00etan.
Gasteizko lantegian ere greba egingo dute, baina datorren astean: ekainaren 5ean, 7an, 10ean eta 12an. Horretara, ordea, ez du langileen batzordeak deitu, CGT, ELA, ESK eta LAB sindikatuek baizik. Zuzendaritzak Lasarte-Oriako soldata igoera bera eskaini du.
Gipuzkoako lantegian 500 pertsonak egiten dute lan, eta motorretarako gurpilak egiten dituzte. Gasteizen 3.300 langile daude, eta kamioientzat eta obra publikoetako ibilgailuentzat gurpilak egiten dituzte.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.