Albistea entzun

SUDAN

Hemezortzi lagun hil eta ehundik gora zauritu dituzte Khartumgo azken bonbardaketetan

RSFk armadari egotzi dio zibilen aurka «ekintza ankerra» egin izana. AEBek eta Saudi Arabiak «zalantza handia» dute bi aldeek beteko ote duten giza laguntza eskuratzeko konpromisoa.

Bonbardaketek eta tiroketek eragindako kea, Khartumen, artxiboko irudi batean.
Bonbardaketek eta tiroketek eragindako kea, Khartumen, artxiboko irudi batean. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2023ko ekainak 1 09:51

Sudango armada eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarrak maiatz hastapenean Jiddan (Saudi Arabia) hasitako lehen negoziazioek ez dirudite bakerako fruiturik eman dutenik, oraingoz. Izan ere, apirilaren 15ean piztutako gerrak bere horretan jarraitzen du, eta bi aldeen arteko bitartekariak —AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Saudi Arabia— sua baretu ezinean dabiltza. Hain zuzen, Sudango Medikuen Sindikatu independenteak gaur salatu duenez, gutxienez hemezortzi pertsona hil eta beste 106 zauritu dituzte Khartumen, «asteazken eguerdian hasitako bonbardaketa bortitzen ondorioz». Sindikatuak ziurtzat jo du hildakoen kopuruak gora egingo duela.

SANA Sudango berri agentziak jasotako informazioaren arabera, jaurtigaiek Mayo izeneko merkatu baten inguruan jo dute. RSFk «ekintza ankerra» egitea leporatu dio armadari. «Indar kolpistek eta [Omar al-Baxir presidente ohiaren] erregimen terroristaren ondorengoek zibil errugabeei eraso egin diete Mayo, Andalus eta Al-Azhari eremuetan», adierazi dute paramilitarrek sare sozialetan kaleratutako oharrean. Erantsi dute herritarren etxe asko suntsitu dituztela eta, ondorioz, zibilak lekualdatu behar izan dituztela bonbardaketetatik babesteko.

Bide horretan, RSFk baieztatu duenez, «indar usurpatzaileek» herritarren aurka egindako «ankerkeria» horiek «nabarmen urratzen» dute Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa. «Horrelako ekintzek indartu egin dute alderdi kriminal horri aurre egiteko dugun erabakia», esan dute paramilitarrek, eta nazioarteari eskatu dio sala ditzala «zibil babesgabeei egindako eraso praktika gaitzesgarriak».

Armadak, berriz, ez die erantzun bere aurkako akusazioei. Armadako eledun Nabil Abdala koronelak estatuko telebistan egindako adierazpenetan berretsi duenez, «indar armatuek, konstituzioaren arabera eta betebehar nazional gisa, [RSFren] matxinada amaitzeko konpromisoa hartu dute. Horixe gertatuko da datozen egunetan». Halaber, paramilitarrei leporatu die «laguntza jasotzeko pasabide seguruak oztopatzea».

Bonbardaketa horiek, zehazki, armadak su etenerako negoziazioak bertan behera utziko zituela baieztatu eta ordu gutxira jazo ziren. Salatu zuen RSFk ez zuela «bete» aurreko bilkuretan adostutakoa; okupatu zituzten ospitaleetatik eta zibilen etxebizitzetatik alde egitea, alegia. Maiatzaren 12ko adierazpen bateratuan, bi aldeek konpromisoa hartu zuten zibilak babesteko eta laguntza humanitarioa bermatzeko, baita bi su eten labur hitzartu ere.

Are, armadak eta paramilitarrek menia beste bost egunez luzatzea adostu zuten astelehen honetan, baina hurrengo egunean liskar handia izan hiren Khartumen eta beste inguru batzuetan; besteak beste, Nilo ibaiaren ondoko Bahri eta Omdurman herrietan. Borrokak hasi zirenetik, bederatzi alditan adostu dute menia, baina bakar bat ere ez dute errespetatu; elkarri egotzi izan diote su etena urratu izana.

Horregatik guztiagatik, egoerak «zalantza handia» eragin die AEBei eta Saudi Arabiari giza laguntza eskuratzeko bi aldeek hartutako konpromisoaren inguruan. «Urraketa horien ondorioz, elkarrizketa horien bitartekari gisa, zalantza handia dugu ea alderdiak prest dauden Sudango herriaren izenean hartu dituzten neurriak betetzeko», adierazi du AEBetako Estatu Departamenduko funtzionario batek, Reuters berri agentziak jasotakoaren arabera.

Borrokek kalez kale jarraitzen duten honetan, Sudango oposizioko Askatasunaren eta Aldaketaren Indarra aliantzak gerrako aldeei eskatu die itzul daitezela Jiddako elkarrizketara, «su etena betetzeko, bide politiko baketsua hartzeko eta herriaren etengabeko sufrimenduari amaiera emateko».

Aire eremua, itxita

Egoera ezegonkorra dela eta, Sudango agintariek jakinarazi dute aire eremuaren itxiera ekainaren 15era arte luzatu dutela. Hori bai, giza laguntzarekin eta ebakuazioekin lotutako hegaldiak salbuetsi dituzte, SANA agentziak jasotakoaren arabera.

Zerbitzu eta azpiegitura zibil ugari zerbitzutik kanpo eta osasun sistema geratzeko zorian uzteaz gain, Sudango gatazkan gutxienez 850 hildako eta 5.500 zauritu baino gehiago utzi ditu, OME Osasunaren Mundu Erakundeak emandako azken datuen arabera. Horrez gain, gerrak 1,3 milioi desplazatu behartu ditu, eta 60.0000 eta 90.000 artean izan dira Txadeko muga zeharkatu duten Sudango iheslariak, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera.

Ikusi gehiago: Sudanen eta Txaden arteko mugan giza hondamendia gerta litekeela salatu dute

Bestalde, Europako Batzordeak gaur jakinarazi duenez, EB Europako Batasunak bide bat ireki berri du errefuxiatuei Txadeko muga zeharkatzen laguntzen dieten erakunde humanitarioentzako funtsezko hornidurak garraiatzeko. N'Djamena hiriburura gaur heldu da lehen hegaldia, 90 tona material ingururekin; besteak beste, ura, saneamendu sareak, osasun ekipamendua eta eskolarako materialak. EBk beste bide humanitario bat jarri zuen abian Port Sudanerako. Azken asteetan, hiru hegaldi heldu dira hara, Nazio Batuen Erakundeak Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) dituen biltegietatik eramandako laguntza materialarekin; 90 bat tona, orotara.

2019an Al-Baxir hiru hamarkadaz herrialdeko presidentea izan zena militarrek emandako estatu kolpe baten bidez kendu ondoren, gobernu zibil berri bat osatzeko eta trantsizioa egiteko akordioa sinatu zuten paramilitarrek eta armadak iazko abenduan, Trantsiziorako Kontseilu Subiranoaren esparruan. Itun horretan, besteak beste, RSF armada integratzea jasotzen zen. Bada, hori egiteko moduak zartarazi du tentsioa, liskar bortitzak eragiteraino.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©OSKAR EPELDE

«Afrikaren menpekotasun aroa amaitzen ari da»

Oskar Epelde Juldain

Touoyemen arabera, kontinenteko liderren belaunaldi berri batek «forma eman nahi dio bere patuari». Eta sistemaz gogoeta bat plazaratu du: «Afrika demokratizatu behar da, ala demokrazia afrikartu?».
ERCko eta JxCko ordezkariak txaloka, atzo, Kataluniako Parlamentuan ebazpen bateratu bat onartu ondoren. ©Q. GARCIA / EFE

Erreferenduma, negoziaziora

Gorka Berasategi Otamendi

ERCk eta JxCk Sanchezen inbestidurarako baldintza ezarri dute: erreferendum baten alde «lan egiteko» konpromisoa hartzea. PSCk gaitzetsi egin du, eta bozak errepikatzeko aukera aipatu du

Alberto Nuñez Feijoo gaurko inbestidura saioan. ©Sergio Pérez / EFE

Feijook ez du gehiengo soila lortu

Berria

Lehenbiziko bozketan bezala, aldeko 172 boto, kontrako 177 eta baliogabe bat jaso ditu PPko presidentegaiak. 

Emmanuel Macron Frantziako presidentea (erdian), atzo, Korsikako Asanblean hitzaldia eman aurretik. ©P. P.-C. / EFE

Macronek «autonomia» eskaini dio Korsikari, berezitasuna aitortuta

Edu Lartzanguren

Frantziako presidenteak proposatu du uhartea komunitate «historiko» eta «kultural» gisa aitortzea. Konstituzioa moldatzeko prest agertu da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.