Lan merkatua

Enpleguak indarrez egin du gora maiatzean: 8.000 kotizatzaile gehiago

Hego Euskal Herrian, apirilean baino 1.558 langabe gutxiago zeuden. Hirugarren hilabetez jarraian marka hautsi du afiliatuen kopuruak, eta dagoeneko 1,3 milioitik gora dira.

jarraia228848.jpg
Iker Aranburu.
2023ko ekainaren 2a
09:48
Entzun

Hego Euskal Herriko lan merkatuaren bilakaera onak ez du etenik izan maiatzean. Beheraka egin du berriro langabe kopuruak, nahiko kopuru apalean bada ere (-1.558), eta gora egin du nabarmen langileen kopuruak: apirilean baino 8.104 kotizatzaile gehiago ditu Gizarte Segurantzak. Ifrentzua, ohi bezala, emakumeen egoeran aurki daiteke. Langabeen %58,7 dira emakumeak, eta haien artean langabezia tasa lau puntu handiagoa da gizonen artean baino: %12,4 emakumeena, eta %8 gizonena.

Datuak begi onez hartu ditu Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak, eta bereziki azpimarratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehen aldiz milioi bat langile ari direla Gizarte Segurantzara kotizatzen: «Datu historiko bat da, eta gerra eta pandemia egon arren lortu dugu».

Zenbakiak «oso onak» direla esan du Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialetako kontseilariak. Nafarroak iazko maiatzean hautsi zuen 300.000 kotizatzaileen muga historikoa, eta orduz gero ia beste sei mila gehitu dizkio.

ELAk ere ohi baino irakurketa positiboagoa egin du —«langabeziaren bilakaera ez da txarra izan hilabete honetan»—, baina gogoratu du Hego Euskal Herriko langabezia tasa %10,1ekoa dela, Europako Batasunekoa baino lau puntu handiagoa. Gainera, okerrera egiteko arriskuaz ohartarazi du: «Aurreikuspen negatiboak ditugu datozen hilabeteetarako, eta horrek, zalantzarik gabe, eragina izango du enpleguan. Beraz, beharrezkoa da antolaketa eta mobilizazioa, baldintza materialak hobetzearen alde borrokatzeko».

LABek mesfidantzaz ikusi ditu datuak: «Langabe kopuruaren jaitsieraren atzean, jubilatu diren, lana topatzeko itxaropena galdu duten, edota ezkutuko ekonomiara pasatu diren herritarrak egon daitezke».

CCOOk, bere aldetik, «enpleguaren joera bultzatzen duten politika aurrerakoiak» nabarmendu ditu, eta espresuki aipatu du bere onespenarekin onartutako lan erreforma.

Langabezia:azken hamabost urteetako txikiena

SEPE Espainiako enplegu zerbitzuaren arabera, 137.287 langabe daude Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan erregistratuta, apirilean baino 1.558 gutxiago. Jaitsiera nahiko apala da aurreko urteetako maiatzekin konparatuz gero. Iaz, esaterako. 3.566 lagun txikitu zen langabe kopurua hilabete horretan. Hori bai, kontuan hartu behar da orduan baino langabe gutxiago daudela; zehazki, 8.127 gutxiago.

Oso atzera egin behar da gaur egungo langabe kopurua ikusteko, 2008ko abenduraino. Hortik aurrera gora egin zuen langabe kopuruak, eta goia 2013ko martxoan jo zuen, 235.827 langaberekin. Orduan baino ia 100.000 langabe gutxiago daude, nahiz eta hamar urte horietan asko handitu den langile kopurua.

Gizarte segurantza: marka hausten

Hirugarren hilabetez jarraian, langile kopuruaren marka hautsi du Hego Euskal Herriko lan merkatuak. Espainiako Gizarte Segurantzaren Ministerioaren arabera, maiatzean batez beste 1.309.116 kotizatzaile zituen sistemak, 2013ko martxoan baino 190.470 gehiago. Maiatza hilabete ona izan da arlo horretan, 8.104 kotizatzaile gehiago zenbatu baitituzte. Azken urtean 21.877 afiliatu irabazi ditu Gizarte Segurantzak.

Kontratuak: goia jo duela dirudi

Azken lan erreformak koska bat goratu du kontratazio mugagabea, baina hautsi ez duen sabai baten aurka jo du. Maiatzean, sinatutako kontratuen %25,9 izan ziren mugarik gabekoak; 2021ean halako hiru dira, baina 2023ko portzentajerik txikiena da.

Langabezia saria: babesa txikia da

Lan merkatuaren argilunen artean dago langabeen babes txikia. Lanik ez dutenen erdiek baino gehiagok ez dute horrengatik ezer jasotzen, eta lautik batek baizik ez du sari arrunta eskuratzen.

Handitu egin da DSBEa jasotzen dutenen kopurua

Lan merkatuari eta gizarte babesari lotutako parametro guztiak ez dira hobera egiten ari. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak kudeatutako DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen kopuruakm ora egin du maiatzean: hil horren amaieran 51.117 lagunek jasotzen zuten DSBEa, apirilean baino 376 gehiagok. Hamarretik sei Bizkaian bizi dira, laurden bat Gipuzkoan, eta gainontzekoak Araban.

Horiei gehitu behar zaizkie IMV bizitzeko gutxieneko errenta jasotzen dutenak: 21.082, guztira. Espainiako Gobernuak sortutako gizarte prestazioa da IMV, eta Lanbidek kudeatzen du gaur egun. DSBEarekin bateragarria denez, 10.487 lagunek biak jasotzen dituzte: IMV laguntza nagusi gisa, eta DSBEa osatzeko.

Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen %45 dira langabeak. Ia-ia laurden batek bere pentsio txikia osatzeko baliatzen du gutxieneko errenta, eta antzeko kopuru batek lan egiten du, baina DSBEaren laguntza behar du gutxieneko diru-sarrerak osatzeko. Hamarretik zazpik Espainiako herritartasuna dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.