Elefanteen zimiterioa

Hiru dibortzio disko

'Rumours', 'Tunnel of Love' eta 'Zebra'-ren azalak. BERRIA
Iban Zaldua.
2023ko ekainaren 2a
12:30
Entzun

Maitasun "erromantikoa" pop musikaren gai nagusia (eta, ondorioz, nekagarriena) dela esaten denean ahazten zaigu desamodioa, urruntzea eta banaketa/dibortzioa direla, ez gutxitan, kanta askoren eta are disko osoen zio eta motor nagusia. Hots, maitasunaren ifrentzua izango litzatekeena, amodioaren antonimoa. Eta, ados, maitasunaren eremu semantikoan jarraitzen dugula erantzun diezadakezue, eta arrazoia eman beharko dizuet, baina niri beti iruditu zait eguzki-sistema bereko oso planeta diferenteak direla, gutxienez. Izan ere, haustura diskoek azpigenero bat osatzen dute rock musikaren unibertsoan, muturreko konfesionaltasuna, autokritika, penatxoa emateko gogoa edo/eta "bestearekiko" gorrotoa (batzuetan muturrekoa) gurutzatzen diren eremu bat, binilo bihurtuta (garai batean behintzat). Ildoetatik odola jariatzen duten diskoak, Bob Dylan-en Blood on the Tracks famatuan gertatzen zen bezala (Columbia, 1975), nahiz eta kantariak berak beti ukatu duen Sara Lownds-ekiko bere orduko dibortzioarekin zerikusia duenik, eta azaldu duen (WTF) Txekhov idazle errusiarraren ipuinetan oinarritutako disko bat dela (konfirmatuko lukeena, baiki, Dylan ezagututa, bere dibortzioari buruzko lan bat dela…). Adibideak ugariak dira, hainbeste ezen kostatu baitzait soilik hiru aukeratzea, eta esanguratsu asko baztertu behar izan ditudan, Carole King-en Tapestry, Marvin Gaye-ren Here, My Dear, Phil Collins-en Face Value, Beck-en Sea Change edo Björk-en Vulnicura-ren mailakoak. Edonola ere, ausartuko naiz hipotesi bat botatzera: dibortzio diskoak (ia) beti dira ez soilik egileen egoera sentimental-animikoaren ondorio bat, baizik eta baita haustura bat ere (handiagoa edo txikiagoa) egile horien ibilbidean, aurretik egiten ari ziren norakoarekiko alegia. Norberarenak pixka bat ahazteko, artisten miserietan murgiltzean gustua hartzen dutenentzako aproposak, hona hemen hiru dibortzio edo haustura disko.

Fleetwood Mac
Rumours
Warner Bros., 1977

Posible da dibortzio disko espantsibo eta (ia) alai bat? Talde batek egina non kide guztiak separatzen ari baitziren elkarrengandik, eta ez zioten hitza ia elkarri zuzentzen? Erantzuna BAI da: disko hori Rumours da, soft rockaren tontorretako bat. Taldean, garai horretan, bi bikote ohi zeuden, Lindsay Buckingham-ek/Stevie Nicks-ek eta John/Christine McVie-k ex-osatutakoak, gehi Mick Fleetwood bateria. Elkarrekin talde bezala egitera zihoazen bigarren diskoa zen (Fleetwood Mac, blues-rockeko talde britainiarra bezala sortua 1960ko hamarkadan, formazio eta estilo aldaketa ugarietatik pasatua zen, eta une hartan Kalifornian kokatuta zegoen): logikoena, taldearen ezegonkortasun historikoa kontuan hartuta, banatzea izango zen. Bada, ez: konpainia prest egon zen estudio-ordu luzeak eta produkzio dotoreena (eta kokaina arrasto kilometrikoak) finantzatzeko, eta ea hortik zer irteten zen itxaroteko. Bada, jokaldia biribila atera zitzaien: disko megasaldua izan zen, taldearen formazio behin-betikoa finkatu zuen (ea nor separatzen den, artistikoki, horrelako hit bat jo ondoren), eta bere soinu popena ezarri zuen, aurretiko guztiarekin (bluesarekin batez ere) hautsiz betirako. Eta kontua ez da gaia saihestu zutela: denek konposatzen zutenez, elkarren artean sesioan segitzeko probestu zuten, lotsarik gabe: Buckinghamek, Second Hand News lehenengo abestian, Nicksi aurpegiratzen dio beste batekin joan izana, eta hurrengoan, Dreams famatuan, Nicksek erantzuten dio haren ohetik pasatuko diren emakume guztiak iragankorrak izango direla (biek egiten dituzte koruak, bata bestearen kantan…). Eta horrela, dramaz drama, baina soinu (kurioski) beti adoretsuarekin (cfr. Go Your Own Way), disko guztia. Bonba bat.

Bruce Springsteen
Tunnel of Love
Columbia, 1987

Ez nintzen sekula Springsteenen bereziki zalea izan. Kanta batzuk gustuko izan nitzakeen, baina ez nuen gehiegi bat egiten bere epika rockzale über-amerikarrarekin, agian, aro reaganiar betean, bere Born in the U.S.A.-k (1984) pixka bat konfunditu ninduelako. Baina Tunnel of Love (izenburutik bertatik jolas-parkeko iruditeria bestela ere horren estatubatuarrari metaforikoki buelta ematen ziona) hasieratik gustatu zitzaidan. Egia esan, dibortzio disko bat baino, hau aurre-dibortziokoa da: urte gutxi zen Springsteen, ustekabean, eta (dirudun berri bati zegokion bezala) klase-mugak zeharkatuz, Julianne Phillips aktorearekin (eta aberaskumearekin) ezkondua zela, eta diskoa matrimonio horrekiko dezepzio gero eta handiagoaren lekuko da. Bikotea ez zen banatu lana argitaratu eta urte betera arte, baina halako disko bat atera ondoren ezin bestela gertatu: kasu honetan ia esan daiteke dibortzio-eskaera elepea bera dela. Sarreran adierazi bezala, muga bat markatzen du disko honek: kide batzuek parte hartu bazuten ere, ez zuen E Street Band-ekin grabatu, ia bakarka aritu zen hemen Springsteen, eta ildo horri eutsiko dio, gero eta emaitza kaskarragoekin, hurrengo urteetan; baina esango nuke disko honetan, behintzat, bere sintetizadore otxenteroak eta guzti (edo agian horregatik, nire kasuan), asmatu zuela. Artikulu hau prestatu bitartean irakurri dut, hortik, oso disko autokritikoa dela, baina ez zait hainbesterako iruditzen: egoeran erantzukizunaren parte bat duela aitortzen duten kantak dauden arren (Tunnel of Love, Brilliant Disguise), gizon heterosexual tipikoaren deitorerako jitea da nagusi, ez dena, onar dezagun, bereziki berritzailea. Hunkigarria bezain egiatia izan daitekeen arren.

Anari
Zebra
Metak, 2005

Springsteenen historian Tunnel of Lovek aro (nolabait) poperoago baterako trantsizioa markatzen badu, Anariren kasuan (nolabaiteko) kantautoretza akustikotik rockerako aldaketa ekarri zuen Zebra-k: horregatik nioen banaketa baten baino gehiagoren lekuko izan ohi direla haustura-diskoak. Tindersticks eta Nick Drake-ren lurraldetik Swans eta Nick Cave-ren (eta, ados, izan nadin topiko, PJ Harvey-ren) territoriorantz desplazatu izan balitz bezala, Inoren Ero Ni eta Lisaböko lagunen laguntzarekin batera (Atom Rhumba eta Audiencekoen ekarpenak ahaztu gabe, besteak beste, Xabier Gantzarainen azal ikoniko eta ederrarekin batera, noski!): Anari dena, gaur egun, ezin da ulertu Zebra gabe. Eta ausartuko nintzateke esatera, hemen aukeratu ditudan hiru albumen artean, hauxe dela kontzeptualena, hausturaren inguruan zehazkien ardazten dena, bere hitzaurrearekin (Aingura hegodunak, disko osoaren tonua markatzen duena), eta bere ondorioarekin, Gu, zeinetan diskoak igarotako geltoki ia guztiei errepaso bat ematen baitzaie. Bien artean, ados, hausturaren mina eta gorabeherak islatzen dituzten beste zortzi kanta, harritsuak bezain trinkoak, baina, aldi berean, determinazio (nolabait, beti nolabait) nare bat transmititzen dutenak: ez da disko negarrontzi bat, Tunnel of Love bezala, edo koxkaz kanpo irtendakoa, Rumours bezala. Banaketaren minetik indartsuago atera gaitezkeela ozen aldarrikatzen duen disko bat da Zebra, betiko dinamiketan luzatzea eta fosiltzea ez ezik (cfr. Ateak) aldaketaren alde apustu egiten duena, eta argi uzten duena hori, ez soilik hitzen bitartez, baizik eta baita estilo musikalari jotako buelta on baten bidez ere. Zebra ez da sakonune emozional bat, gailur bat baizik. Anariren gailurra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.