Enpresak

Onnera Groupek lantegi berria zabalduko du Oñatin, 17 milioi euroko inbertsioa eginda

Garbigailu industrialak fabrikatuko dituzte, egungo ekoizpen gaitasuna handituta. Kooperatibak inoizko salmenta handienak lortu zituen iaz: 380 milioi euro denera.

Onnera Groupen erakusmahai bat, industria azoka batean. BERRIA
aitor biain
2023ko ekainaren 2a
14:34
Entzun

Ekipamendu industrialen fabrikazioan erreferente izateko oinarriak jartzen ari da Onnera Group azken urteotan, eta, orain, beste urrats bat egingo du helburu horrekin: lantegi berria zabalduko du Oñatin (Gipuzkoan), nazioarteko merkatuan duen lehiakortasuna eta posizionamendua indartzeko. Mondragon taldeko kooperatibak 17 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu planta berrian, eta, iragarri duenez, «estrategikoa» izango da jarritako erronka lortzeko bidean.

Lantegi berria eraikitzeko obrak hasi dituzte dagoeneko, eta, behin amaituta, egungo garbigailu industrialen ekoizpen gaitasuna handitzen lagunduko du. Ondorioz langile gehiago beharko dituela aurreratu du enpresak, baina ez du zehaztu zenbat. Ez du argitu, halaber, fabrika berria noiz jarriko duten martxan. Edozein modutan, ingurumen ikuspegitik «proiektu berritzailea» izango dela nabarmendu du.

Oñatiko kooperatiba sukaldaritzan, garbiketan eta hotz-sistemen esparruan enpresa liderra da Europan, eta hazkunde aroan sartuta dago azken urteetan. Inoiz ez bezala handitu zituen salmentak iaz; marka berria ezarri zuen, eta aurreko urteko emaitzak bikoiztu. Denera, 380 milioi euroko fakturazioa lortu zuen. Salmenten %68 atzerrian egiten ditu kooperatibak, eta haren merkatu handienak AEB eta Frantzia dira. Euskal Herriko eta Espainiako merkatuetan, berriz, gainontzeko herena saltzen du.

Eduardo Calvo taldeko zuzendari nagusiak langileek egindako «ahalegina» nabarmendu du, inflazioari eta merkatuan nagusitu den ziurgabetasunari aurre egiten eta urtea emaitza onekin ixten lagundu dutelako. Eta gehitu du «determinazioz» jokatuko duela taldearen etorkizuneko erronkak lortu asmoz.

Onnera Groupek zazpi lan zentro dauzka mundu zabalean; Euskal Herrikoan ez ezik, Frantzian, Polonian eta Mexikon, adibidez, eta 2.500 langilek dihardute haietan. Zazpi marka biltzen ditu (Fagor Professional, Asber, Edenox, Efficold, Danube, Domus eta Primer), hainbat sektore, merkatu eta herrialdetan liderrak direnak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.