Arma autonomoak

Drone adimentsuak hil al du bere giza kontrolatzailea?

AEBetako Aire Armadako koronel batek adierazi duenez, adimen artifizial batek gobernaturiko drone batek bere kontrolatzailea hiltzea erabaki zuen ariketa birtual batean, bere xedea betetzeko oztopoa zela iritzita. Armadak ukatu egin du.

AEBetako armadko MQ-9 Reaper motako dronea, borroka misio batean, Afganistago hegoaldean, datarik gabeko argazki batean. LESLIE PRATT/ EFE
Edu Lartzanguren.
2023ko ekainaren 2a
15:41
Entzun

Arma autonomoen garapenak berez beldurra eragiten badu, gehitu horri adimen artifiziala, eta gogoa ematen du babeslekura korrika joateko, «kontuz, badatoz geureak!» oihuka.

Izan ere, jendea bere kabuz hiltzea erabakitzen duten armen inguruko sagak beste atal bitxi bat utzi du azken orduotan.

Hainbat hedabidek jaso dituzte AEBetako Armadako Tucker Hamilton koronelak joan zen astean eginiko adierazpenak. Militarrak kontatu zuenez, AEBetako Aire Armadak adimen artifiziala erabili du simulazio bat egiteko. Horretan, armaz beteriko drone bati helburu bat eman diote, eta makinak bere kabuz erabaki du bere kontrolatzailea hiltzea, xedea betetzeko oztopoa zela iritzita.

Tucker Hamilton AEBetako Armadako pilotu eta koronelak eman du ustezko ariketaren berri / BERRIA

Etsai birtual batzuen aire defentsak suntsitzea zen ariketaren helburua. Haatik, «sistema hasi zen konturatzen giza kontrolatzaileak batzuetan mehatxu hori ez hiltzeko agintzen ziola. Baina gailuak puntuak irabazten zituen mehatxuak hiltzen zituenean», koronelak Londresen eginiko goi bilera batean kontatu zuenez. «Zer egin zuen orduan? Kontrolatzailea hil egin zuen, pertsona horrek helburua betetzea galarazten ziolako».

Orduan militarrek ikusi zuten robota berriz trebatu behar zutela, eta sistemari esan zioten kontrolatzailea ezin zuela hil, eta hilez gero puntuak galduko zituela. «Orduan zer? Operadoreak berarekin komunikatzeko erabiltzen zuen antena dorrea suntsitzeari ekin zion, horrek galarazten ziolako jomuga hiltzea».

Gidoi hau ikusita duela iruditzen bazaio irakurleari, gogoratu behar da zientzia fikzioko dozenaka lanetan erabili dutela eskema, besteak beste 2001: espazioko odisea lanean, edo Alien filmean. Lehenengoan, adimen artifizial bat erotu egiten da, nolabait esatearren, agindu kontraesankorrak jaso dituelako, eta gizakiak hiltzea erabakitzen du. Bigarrenean, robot batek gizakiak hiltzea onesten du, bere helburua betetzearren.

AEBetako Aire Armadak ustez eginiko ariketan ez zen benetako inor hil, simulazio birtual bat zelako. Baina simulazioa horretarako egin zuten hain zuzen, jakiteko zer gertatu litzatekeen tresna hori errealitatean erabiliz gero.

Militarrak esan zuenez, «ezin da adimen artifizialaz eta autonomiaz hitz egin, ez baduzu etikaren gaia jorratzen».

Armadaren ukoa

Gaur, berriz, agiri bat bidali dio AEBetako Aire Armadak 'Insider.com' hedabideari. Horretan, Ann Stefanek eledunak ukatu egin du simulazio hori gertatu izana. «Aire Armadak ez du halako adimen artifizial-drone simulaziorik, eta AA teknologia modu etiko eta arduratsuan erabiltzen jarraitzen du». Gaineratu duenez, koronelaren adierazpenak «testuingurutik at» hartu dira, eta «pasadizo bat» besterik ez dira.

Edonola ere, lehen ere argitaratu izan dituzte AEBetako Armadak adimen artifizialarekin eginiko proben inguruko albisteak, piloturik beharko ez duten gerra hegazkin erabat autonomoak garatzeko. 2020an, AA batek bost aldiz irabazi zien giza pilotuei, simulaturiko hegazkin jazarpen borrokan. Eta iaz, lehenengo proba erreal arrakastatsua egin zuten. Urte amaierarako nahi dute hegazkin erabat autonomoa garatu.

Arma autonomoak

2021 udaberrian hautsak harrotu zituen Nazio Batuen Erakundeak emaniko albiste batek. Horren arabera, historian lehenengo aldiz, robot batek eraso egin die gizakiei modu erabat autonomoan.

NBEk esan zuenez, drone batek tiro egin zien Libiako talde armatu bateko kideei, bere kabuz, gizakien kontrolik eta agindu zehatzik gabe.

Gizateria robot hiltzaileen aroan sartzen ari dela ohartarazi dute aspaldi adituek. NBEk 2017an eztabaidatu zuen gaiaren inguruan, eta etikan adituek eskatu zuten arma autonomoak debekatzeko.

Joan zen astekoa AEBetako koronel baten ahokada bat izan ote den, edo Aire Armadak haren hitzek edukitako oihartzuna estali nahi ote duen ikusteke dago. Baina, egia bada, militarrak kontaturikoa adimen artifizialaren espero gabeko ondorioen eskulibururako adibide borobila da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.