Ukrainako agintariek esaten zuten urte hasieran udaberrian hasiko zutela Errusiako indarren kontrako kontraerasoa. Halakorik ez da gertatu, ordea. Horri buruz galdetu diote Volodimir Zelenskiri AEBetako The Wall Street Journal egunkariak gaur kaleratu duen elkarrizketa batean, eta Ukrainako presidenteak erantzun du eraso hori egitekoak direla, horretarako prest daudela, eta uste duela «arrakastatsua» izango dela. «Ez dakit zenbat iraungo duen. Egiazki, edozein modutara joan daiteke. Baina egin egingo dugu».
Gobernuburuak esan du azken asteetan bere aliatuek agindu dizkioten blindatuak noiz iritsiko zain dagoela kontraerasora jotzeko. Mendebaldeko bazkideen laguntza militarra handitzeko ahaleginean, kanpaina diplomatikoa egiten ari da. Aliatuek adierazi diote behar beste denboraz lagunduko diotela, eta, Ukrainako presidentearen beste eskaera bat ontzat emanez, atea ireki diote Kievi F-16 borroka hegazkinak entregatzeko aukerari.
Aspalditik iragarritako kontraerasoaren harira, Zelenskiren aholkulari Mikhailo Podoliakek azaldu zuen lehengo astean hori ez dela une jakin batean hasten den zerbait, eta nabarmendu Errusiako azpiegiturei egindako erasoak kontraerasoaren barruan sartu beharko liratekeela. Horiek areagotu egin dira azken asteetan. Eta Zelenskik aipatutako kontraerasoa «ikaragarria» izango dela iragarri du David Petraeusek, AEBetako armadako jeneral ohi eta CIA AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentraleko buru izandakoak (2011-2012), BBCn gaur egin dioten elkarrizketa batean.
Bestalde, borrokek bere horretan jarraitzen dute Ukrainarekin mugakidea den Errusiako Belgorod eskualdean, eta hango gobernadore Viatxeslav Gladkovek jakinarazi du gaur beste hiru zibil hil direla aire erasoen ondorioz. Ukrainari egozten dizkiote eraso horiek, baina Kievek ukatu egiten du horien atzean dagoela. Kremlinen aurkakoak direla dioten bi milizia ari dira eskualde horretan Errusiako indarren aurka borrokan azken egunotan. Behin Bakhmutetik alde egin ondoren, Wagner mertzenarioen taldeko buru Jevgeni Prigozhinek esan du gaur ez duela baztertzen Belgoroden borrokatzea.