Protesta eguna da gaur Michelinek Euskal Herrian dituen bi lantegietan, Gasteizen eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Jarrerak oso urrun daude lan ituna adosteko negoziazioan. Sindikatuek ez dute babestu zuzendaritzak aurkeztutako azken proposamena, eta grebara deitu dituzte bi lantegietako langileak gaurko. Erosteko ahalmena berreskuratzea da protestan diren langileen aldarrikapen nagusia.
Gasteizen, grebak oihartzun handia izan du goizeko txandan. ELA, LAB, CGT eta ESK-k deitu dute, eta, haien arabera, ekoizpen katean langileen %93k bat egin dute protestarekin, eta, ondorioz, lantegia ia erabat geldituta dago. Goizeko bostetan, hamarnaka langile batu dira fabrikaren aurrealdean, A txandakoak lanera sartu behar zuten orduan. Manifestazio bat ere izan da lantegiaren inguruan.
Langile batzordearen babesik gabeko greba bat da; CCOO, UGT, CSIF eta CCM sindikatuek dute gehiengoa batzordean, eta azken unean greba bertan behera uzteko ahalegina egin bazuten ere, ez zuten lortu. Saiakera horren ondorioz, gainera, are gehiago mikaztu da sindikatuen arteko harremana.
Denera lau greba egingo dituzte han ere: gaurkoaz gain, asteazkenean, larunbatean eta datorren astelehenean ere lana uztera deituta daude langileak.
Lasarte-Oriako lantegian, berriz, langile batzordeak egin du lana uzteko deia. LAB, CCOO, UGT, ELA eta CSI sindikatuetako ordezkariek osatzen dute batzordea. Lau greba egun antolatu dituzte denera ekainerako eta uztailerako, eta gaur dute lehena. Jon Martin enpresa batzordeko LABeko ordezkariak adierazi du greba arrakastatsua izan dela: «Ekoizpenean, erabatekoa izan da parte hartzea, eta guztiz geratuta dago, eta, gainontzeko alorretan, erantzuna oso zabala izan da orain arte. Arduradun batzuk besterik ez dira sartu».
09:30ean, auto ilara bat egin dute Lasarte-Oriako kaleetan, eta 13:00etan batu dira lantegiaren aurrean. Manifestazio bat ere egingo dute, arratsaldean, herrian barna.
Lasarte-Oriako Michelingo grebalariek elkarretaratzea egingo dute orain. Gaur dute lehen greba eguna, eta beste hainbat dituzte deituta ekainerako eta uztailerako.@berriapic.twitter.com/qBdEhJxbh8
— Iñaut Matauko Rada (@imataukorada) June 5, 2023
Inflazioaren eragina
Michelinek %12ko soldata igoera eskaini du datozen lau urteetarako: %5ekoa 2023an, %3koa 2024an, %2koa 2025ean eta %2koa 2026an. Sindikatuek nahi dute, ordea, soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea. Baita lanaldia murriztea eta behin-behinekotasuna murriztea ere.
Joan den astean elkartu ziren seigarrenez sindikatuak eta lantegiko zuzendaritza, eta ez ziren hitzarmena berritzeko akordio batera iritsi. pic.twitter.com/1R3p4HqQ4L
— Iñaut Matauko Rada (@imataukorada) June 5, 2023
Gipuzkoako lantegian bostehun pertsonak egiten dute lan, eta motorretarako gurpilak egiten dituzte. Gasteizen 3.300 langile daude, eta kamioientzat eta obra publikoetako ibilgailuentzat gurpilak egiten dituzte.