Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

EH Bilduk «jarraitutasunaren alde» egingo du Espainiako Gorteetarako zerrendetan

Otegik nabarmendu du ezker subiranista «balio ziurra» dela, eta hura dela bermea Espainiako Estatuan «gobernu aurrerakoi bat» egoteko.

Matute, Aizpurua, Pozueta eta Iñarritu, kongresu kanpoaldean, iazko uztailean. MARISCAL / EFE
jon olano
2023ko ekainaren 5a
12:16
Entzun

EH Bilduk «jarraitutasunaren aldeko apustua» egingo du Espainiako Gorteetako hauteskundeetan aurkeztuko dituen zerrendetan: «Uste dugu oso lan ona egin dela legealdi honetan Madrilen, zentzu askotan», esan du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak: «Balio ziur bat izan gara; politika aurrerakoei eman diegun babesa oso baliagarria izan da euskal herritarrek eskubideak berreskuratzeko».

EH Bilduko Mahai Politikoak bilera bat egin du, balorazioa egiteko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen deialdiari eta udal eta foru hauteskundeen emaitzei buruz. Behin Mahai Politikoak proposamena eginda, ostegunean eta ostiralean EH Bilduko oinarriek babestu beharko dituzte hautagaitzak. Gaur egun, bost diputatu dauzkate: Jon Iñarritu, Oskar Matute, Mertxe Aizpurua, Bel Pozueta eta Iñaki Ruiz de Pinedo. 2019an, bi eskuratu zituzten Gipuzkoan, bat Araban, bat Bizkaian, eta beste bat Nafarroan, eta, Otegiren hitzetan, «oso argi geratu da» ezker subiranistak Madrilen izandako presentzia «ona» izan dela: «Oso argi geratu da EH Bildu akordioetan egon denean ona izan dela euskal herritarrentzat eta herriarentzat».

Gainera, Otegik azaldu du zein izango den EH Bilduren helburua eta jarduera: «Oso garbi daukagu gure botoa eta hautagaitza, eta eskuina gelditzeko kanpaina bat izango dela. Funtsezko ezaugarria da ikuspegi estrategikotik. Ezker subiranistarik gabe ez dago gobernu aurrerakoirik estatuan, ez eta politika progresistarik ere. Ezker subiranistak dira bermea politika horiek aurrera jarraitzeko. Prest gaude lanean jarraitzeko». Gainera, udal hauteskundeen bigarren zatitzat jo ditu Espainiakoak.

EAJ ere zerrendak osatzen

Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen deialdiaren ostean, alderdiek ekainaren 19ra arteko epea dute Espainiako Gorteetarako zerrendak aurkezteko. EAJk ere ekin dio lanari, eta Euzkadi Buru Batzarrak proposamen bat bidali die Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoa eta Nafarroako buruzagitzei.

Lurralde bakoitzeko izen zerrenda bat aurkeztu du. Izenen artean daude azken legealdian Espainiako Kongresuan egon diren batzuk: Mikel Legarda (Araba); Aitor Esteban, Idoia Sagastizabal (Bizkaia); eta Joseba Agirretxea (Gipuzkoa). Horiekin batera ageri dira, besteak beste, Olatz Peon Tolosako jarduneko alkatea (Gipuzkoa) eta Daniel Innerarity filosofoa (Nafarroa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.