Albistea entzun

Abeltzaintza

Caparrosoko makroetxaldea handitzearen aurkako helegitea aurkeztu dute ekologistek

Makroetxaldeen Aurkako Nafarroako Plataformak gobernuari eskatu dio baimena ukatzeko Valle de Odieta enpresak bere milaka behien ur zikinak arazteko egin nahi duen plantari.

Caparrosoko etxaldearen aurkako protesta, martxoan, Iruñean.
Caparrosoko etxaldearen aurkako protesta, martxoan, Iruñean. Jesus Diges / Efe Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko ekainak 5 15:04

Caparrosoko makroetxaldearen auzia Nafarroako Gobernuaren mahaira itzuli da. Makroetxaldeen Aurkako Nafarroako Plataformak bi helegite aurkeztu ditu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Kontseilaritzak behitegi erraldoiaren inguruan eman dituen azken ebazpenen aurka.

Helegiteek zerikusia dute etxalde hori handitzeko asmoekin. Behitegiaren jabeak, Valle de Odieta kooperatibak, esnetarako 3.500 behi zituen Caparrosoko etxaldean, eta Nafarroako Justizia Auzitegiak baimena eman zion kopuru hori bikoizteko, Nafarroako Gobernuaren debekua atzera bota ondoren. Baina orain are gehiago handitu nahi du abere kopurua: ugalketarako 7.900 behi, 2.172 txahal eta 1.300 bigantxa nahi ditu.

Espainiako Parlamentuak martxoan onartutako Abereen Ongizaterako Legeak gehienez 850 abelburuko etxaldeak baimentzen ditu, baina ez du atzerako eraginik. Nafarroako Gobernuak ere debekatu egin du etxalde handiak zabaltzea, baina eskaera debeku haren aurretik egin zuelako jaso zuen baimena Valle de Odietak.

«Irtenbide magiko teknologikoa»

Baimena lortze aldera, abere horiek sortzen dituzten hondakinak tratatzeko proiektuak aurkeztu zituen Valle de Odietak. Horien artean dago abereen hondakin urak eta digestato likidoa garbituko duen araztegi bat eraikitzea. Ekologistek, baina, uste dute «irtenbide magiko teknologiko bat» dela enpresak proposatutakoa, eta horregatik eskatu diote gobernuari baimena kentzeko.

«Ezinezkoa da proiektuan deskribatzen diren tekniketako bakar batek ere modu eraginkor eta errentagarrian araztea, banaka zein taldean, 3.000 miligramo nitrogeno baino gehiago dituen likido bat, eta litroko 100 miligramo besterik ez duen ureztatze ur bihurtzea», dio Makroetxaldeen Aurkako Nafarroako Plataformak. Azaldu duenez, hiriko hondakin urak tratatzeko erabiltzen diren teknikak dira kooperatibak proposatutakoak, baina hori egitea espresuki debekatu du Europako Batzordeak, oxido nitrosoa isurtzeko arriskuarengatik.

Gainera, ekologistek argudiatu dute lor zitekeen urak ez lukeela balioko ureztatzeko.

Ingurumenaren aldeko hamabost talde biltzen ditu Makroetxaldeen Aurkako Nafarroako Plataformak; besteak beste, Sustrai Erakuntza, Ekologistak Martxan, Greenpeace eta Landare.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Iñaki Alkorta. ©Gureak taldea

Iñaki Alkorta hil da, Gureak taldeko presidentea

Jon Ordoñez Garmendia

Taldeko zuzendari izan zen 1977tik 2011ra, eta 2006tik zen presidente. 73 urte zituen.

Guardiako Gil Berzal upategiko mahastietan joan den astean hasi ziren mahatsa biltzen. ©BERRIA

Ebrotik behera ere, urak nahasi

Aitor Biain - Iñaut Matauko Rada

Errioxako upategi txikiek jatorri izeneko kontseilu arautzailetik irtetea erabaki izanak agerian utzi du sor-markaren krisia Arabatik harago doala.

Mahasti bat, Guardian. / ©BERRIA

Mahats bilketan jo eta su

Iñaut Matauko Rada

Mahats bilketa bete-betean daude Arabako Errioxako herriak. Aurtengo uzta irregularra izango da.

Elikagaien garestitzea indarra galtzen ari da. ©Filip Singer / Efe

Euroguneko inflazioa apaltzeak urrundu egin du tasak igotzeko aukera

Iker Aranburu

Eurostaten arabera, inflazioa %5,2tik %4,3ra jaitsi da abuztutik irailera. Hurrengo hilabeteetan ere apaldu egingo dela uste dute analistek, prezioen igoerak iazko udazkenean jo baitzuen goia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.