Euskal presoak

Hogei urteko espetxe zigorra ezarri diote Carmen Gisasolari

Espainiako Auzitegi Gorenak epaiketa berriro egiteko agindu ondoren iritsi da zigorra

Carmen Gisasola, Eusko Legebiltzarrean, 2018an. JUANAN RUIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2023ko ekainaren 5a
16:06
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak hogei urteko espetxe zigorra ezarri dio Carmen Gisasola preso ohiari, 1990ean Galdakaon (Bizkaia) egindako atentatu batean parte hartu zuelakoan. Atentatu hartan, bizikleta batean jarritako lehergailua leherrarazi zuen ETAk, eta polizia bat hil zuen. Gisasolarekin batera epaitu zituzten Oscar Abad Palacios eta Jose Ramon Martinez, eta errugabetzat jo dituzte, haien kontrako froga bakarra polizia etxean egindako deklarazioa zelako.

Lehenago ere epaitu zituzten Gisasola, Abad eta Martinez atentatu horrengatik, eta Auzitegi Nazionalak errugabetzat jo zituen, delitua preskribatuta zegoela iritzi ziolako, baina Auzitegi Gorenak baliogabetu zuen epai hura, eta epaiketa berriro egiteko agindu zuen. Bigarren epaiketa horren ondorioz iritsi da orain jakinarazi duten zigorra. Auzitegi Nazionalaren Zigor Arloko bigarren sekzioak aintzat hartu du «bidegabeko luzamenduaren» aringarria, delitua duela 33 urte gertatu zelako eta auzibidea duela hamar urte inguru ireki zutelako.

Epaiaren arabera, garai hartan Gisasola ETAko kidea zen, eta haren ardurapean zegoen erakundeak etxebizitza bat zeukan Bilbon, atentatua gertatu aurreko hilabeteetan eta hurrengoetan. Etxebizitza hartan, Gisasolaren hatz marka bat aurkitu zuten, eta lehergailuak egiteko osagaiak ere bai. Auzitegi Nazionalak hortik ondorioztatzen du Gisasolak eman ziela lehergailua atentatua egin zutenei: «Auzitegi honek ezin du sinetsi gertaera horiek guztiak kasualitatearen ondorio direnik, etauste sendoa du Gisasolak Galdakaoko ekintza hilgarrian parte hartu zuela».

Gisasola 1990ean atxilotu zuten, eta 1998an, espetxean zegoelarik, ETAk erakundetik egotzi zuen. Oso kritiko agertu zen ETAren jarduerarekin, eta Langraiz bidea izenekoan parte hartu zuen 2008tik aurrera. 2014an libre geratu zen, espetxean 24 urte eman ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.