Bilbon eraso zioten 49 urteko gizona hil egin da

Ertzaintzak jakin ahal izan duenez, 22 urteko gazte batek botila batekin jo zuen biktima

Biktima egunean bertan operatu zuten, zauri larriak zituelako. MIGUEL TOñA / EFE
2023ko ekainaren 5a
16:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den larunbatean Bilboko Ibarrekolanda auzoan eraso zioten gizona hil egin da. Beirazko botila batekin buruan kolpe bat eman zioten, eta egunean bertan operatu zuten, zauri larriak zituelako. Baina gaur hil egin da. Ertzaintzak jakinarazi duenez, 49 urte zituen hildakoak. Larunbatean bertan 22 urteko mutil bat atxilotu zuten, ustezko erasotzailea zelakoan. Igande goizean presoaldi prebentibora igorri zuen epaileak.

05:00ak aldera gertatu zen erasoa, auzoko bestetan. Larrialdi zerbitzuek jakinarazpena jaso zuten, eta haiek nahiz ertzainak bertaratu zirenean biktima lurrean etzanda zegoen, konorterik gabe eta hainbat zaurirekin. Ertzaintzak jakin ahal izan duenaren arabera, biktima eta ustezko erasotzailea eztabaidatzen aritu ziren, eta, azkenean, 22 urteko gazteak gizonari eraso egin zion. Biktima lurrera erori eta gero ere hura jotzen jarraitu zuen. Gaztea aurkitu zutenean, lesio delituagatik atxilotu zuten, eta polizia etxera eraman. Bilboko zaintzako epaileak espetxera bidali zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.