Albistea entzun

Lan gatazkak

Gasteizko eta Lasarte-Oriako Michelinen ekoizpena, ia erabat geratuta

Gasteizko ekoizpen lerroetan %93ko erantzuna izan du grebak, sindikatuen arabera; Lasarte-Orian, berriz, %100ekoa.

Lasarte-Oriako Michelin lantegiko grebalariak gaur arratsaldean egindako manifestazioan.
Lasarte-Oriako Michelin lantegiko grebalariak gaur arratsaldean egindako manifestazioan. Gorka Rubio / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaut Matauko Rada -

2023ko ekainak 5

Greba eguna izan dute gaur Michelin multinazionalaren Gasteizko eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) lantegietako langileek, eta, sindikatuek adierazitakoaren arabera, ekoizpena guztiz geratzea lortu dute zentro bietan. Lasarte-Oriako zentroko enpresa batzordeak aho batez esan dio ezetz zuzendaritzaren proposamenari, eta Gasteizen gutxiengoa duten sindikatuek deitu dute grebara. Txanda aldaketa bakoitzean lantegietako atarian protestak egiteaz gain, manifestazio bana egingo dute arratsaldean.

Gasteizen, espero gabeko oihartzuna izan du greba deialdiak: langileen %93 batu dira ekoizpen atalean, sindikatuen arabera. Enpresa batzordean gutxiengoa duten sindikatuek deitu dute mobilizaziora —ELA, LAB, CGT eta ESK—, gehiengoa duten sindikatuek ez baitute deialdia babestu —CCOO, UGT, CSIF eta CCM—. Hori, baina, ez da oztopo izan gainontzekoentzat, eta ekoizpena geratzeko nahikoa babes izan dutela adierazi dute.

Goizeko bostetan, dozenaka langile batu dira fabrikaren aurrealdean, A txandakoek lanera sartu behar zuten orduan. Manifestazio bat ere izan da lantegiaren inguruan. 18:00etan, manifestazio bat egin dute, Bilbo plazatik abiatuta.

Denera lau greba egingo dituzte han ere: gaur ez ezik, asteazkenean, larunbatean eta datorren astelehenean ere lana uztera deituta daude langileak. Ostirala izango da gakoa, zentro arteko batzordeak zuzendaritzaren azken proposamenari buruzko iritzia adierazi beharko baitu egun horretan. Ordezkaritza handiena duen sindikatuak, CCOOk, asteazkenean emango du zuzendaritzaren proposamenari buruzko iritzia.

Lasarte-Orian ere greba egin dute gaur, langile batzordean ordezkaritza duten sindikatu guztiek deituta (LAB, CCOO, UGT eta ELA), eta horiek ere produkzioa «guztiz etetea» lortu dute, Jon Martin enpresa batzordeko LABeko ordezkariaren hitzetan: «Ekoizpenean, erantzuna erabatekoa da: %100ekoa. Gainontzeko alorretan oso zabala da, eta hori azpimarratu nahi dugu. Egia da arduradun batzuk lanera sartu direla, baina besterik ez. Ekoizpena erabat geldituta dago, eta lantokia hutsik».

Gipuzkoako lantegian ere, txanda aldaketa bakoitzean elkartu dira lantegiko atarian. 13:00etan, 100 langiletik gora elkartu dira bertan, eta txistu eginez eta autoen klaxona joz zarata egiten ibili dira, baita ke poto batzuk botatzen ere. 17:00etan manifestazioa egin dute herriko kaleetan.

Bi zentro, bi itun

Gasteizko eta Lasarte-Oriako lantegietan ez dute hitzarmen bera. Gasteizkoa Espainiako bi lantegirekin batera dago zentro arteko mahai batean, eta hitzarmen bateratua dute: Arandakoarekin eta Valladolidekoarekin. Lasarte-Oriako lantegian, berriz, hitzarmen eta enpresa batzorde propioa dute. Hala ere, Martinek adierazi du zuzendaritzak proposamen oso antzekoak egin dituela bietan.

Joan den asteartean izan zen Lasarte-Oriako zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko azken negoziazio bilera, eta zuzendaritzak adierazi zuen bertan aurkeztu zuen proposamena azkena izango zela. Hori dela eta, ez dago beste bilera egunik, eta Martinek adierazi du enpresa presionatzea dela grebaren eta mobilizazioen helburuetako bat.

Lasarte-Oriako enpresa batzordearen eta Gasteizkoaren mugimenduak ezberdinak dira. Lasarte-Oriako enpresa batzordeak aho batez onartu zuen greba deialdia, baina Gasteizen arazo handiagoak egon dira. Izan ere, ordezkari gehien duten sindikatuek ez dute grebarako deirik egin.

Gasteizen 3.300 langile daude, eta gurpilak egiten dituzte kamioientzat eta obra publikoetako ibilgailuentzat. Gipuzkoako lantegian, berriz, bostehun pertsonak egiten dute lan, eta motorretarako gurpilak egiten dituzte.

Inflazioaren eragina

Michelinek %12ko soldata igoera eskaini du datozen lau urteetarako: %5ekoa 2023rako, %3koa 2024rako, %2koa 2025erako, eta %2koa 2026rako. Sindikatuek nahi dute, ordea, soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea; izan ere, hortik kanpo geratu dira malgutasun pizgarria eta gaueko lanaren pizgarria: «Ekoizpenean lan egiten duten langileen %80k baino gehiagok pizgarri horiekin egiten dute lan, eta haien soldataren %20 inguru dira».

Horregatik eskatu dute sindikatuek, hain zuzen ere, KPIa «tranparik gabe» bermatzeko. 2022an iraungi zen Michelingo azken hitzarmena, eta, itun horretan, soldatak ez zeuden KPIaren aldaketei lotuta. Hala, Martinek adierazi du erosahalmena %9 jaitsi dela oinarrizko soldatetan, eta pizgarrietan, berriz, %13.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Mecanerreko grebalariek Urdulizen egin duten mobilizazioa. ©Oskar Matxin / FOKU

Langile guztiek bat egin dute Mecanerreko grebarekin

Iraia Vieira Gil - Iñaut Matauko Rada

Stellantis taldeak Urdulizko (Bizkaia) planta itxi eta 148 langile kaleratu nahi ditu. Sindikatuen arabera, lantegian etenda dago ekoizpena, eta ez da fabrikako langilerik ekoizpen lerroetan.

Hegoaldeko esportazioek behera egiten jarraitzen dute

Hegoaldeko esportazioek behera egiten jarraitzen dute

Iñaut Matauko Rada

Ekainetik uztailera %17 murriztu dira esportazioak Hego Euskal Herrian, laugarren hilabetez segidan. Energiaren eskaria txikitzeak bultzatu du batez ere merkataritzaren beherakada.

Behi saldo bat, artxiboko irudian. ©Guillaume Fauveau

Kabalei odol galtzeak eragiten dizkien gaitz baten bi kasu atzeman dituzte Iparraldean

Oihana Teyseyre Koskarat

Ardiek, behiek eta ahuntzek biltzen ahal dute gaitz hori: odol galtzeak eragiten dituen eritasun epizootiko bat. Hazparnen eta Etxebarren bi kasu atzeman dituzte, behi saldoetan biak.

Jerome Powell Fed-eko presidentea atzo, Washingtonen, interes tasei buruzko azken erabakiaren berri ematen. ©SHAWN THEW / EFE

AEBetako Erreserba Federalak bere horretan mantendu ditu interes tasak

Iñaut Matauko Rada

%5,25 eta %5,5 artean eutsi die, baina urtea amaitu aurretik beste 0,25 puntu igotzea aurreikusi dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.