Futbola

Liskar artean amaitu da Iñigo Martinezen aroa Athleticen

2018an iritsi zen San Mamesera, Reala utzi ostean, eta, geroztik, 177 partida jokatu ditu zuri-gorriekin

jarraia229023.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2023ko ekainaren 6a
10:17
Entzun

Iñigo Martinezek Athletic uztea erabaki du. Ondarroako atzelariari hil honen amaieran amaituko zitzaion kontratua zuri-gorriekin, eta ez du berritu. 2018ko urtarrilean iritsi zen Athleticera, Realetik, neguko merkatuko azken-aurreko egunean, Aymeric Laportek utzitako lekua betetzeko. Bizkaitarrek 32 milioi euroko etete klausula ordaindu zuten, eta klubaren historiako fitxaketarik garestiena da. Sei denboraldi hauetan, Superkopa bat irabazi du zuri-gorriekin. Iaztik Bartzelonarekin lotu dute askok, baina oraingoz ez da argitu non jokatuko duen datorren denboraldian.

Bere sare sozialetan zabaldutako bideo batean adierazi du Martinezek albistea. «Uste dut beste kirol erronka bati aurre egiteko garaia dela, eta hala sentitzen dut», adierazi du atzelariak. Taldekideak, klubeko langileak, eta zaleak izan ditu gogoan bere agur mezuan: «Ez dut joan nahi klubeko langileei eskerrak eman gabe. Baita nire taldekideei eta zuei [zaleei] ere. Plazer handia izan da armarri hau defendatzea». Athleticek handik minutu gutxira adierazi du kontratua berritzeko saiakerak egin dituztela, baina Martinezek berak erabaki duela kluba uztea: «Azken bi denboraldietan hainbat negoziazio saiakera egin ondoren, Iñigo Martinezek klubaren eskaintzari uko egin dio kontratua luzatzeko». Geroago etorri da Martinezen erantzuna. Atzelariaren ingurukoek ohar gogor bat publikatu dute klubaren idatzia gezurtatzeko: «Jokalariak ez dio inoiz klubaren eskaintza bati uko egin, ez baita eskaintzarik egon... Gure ustez, erantzukizuna bere gain ez hartzeko ekintza zantar bat da».

Athleticek, halere, eskerrak eman nahi izan dizkio Ondarroako atzelariari, eta zortea ere opa dio bere etorkizuneko ibilbide profesionalean. «Biziki eskertzen dugu urte hauetan guztietan erakundearen interesen alde egindako ekarpena eta erakutsitako dedikazioa», adierazi du klubak adierazpen ofizialean. Ohikoa den bezala, Athleticek txio baten bidez zabaldu du adierazpen ofiziala klubaren Twitterreko kontuetan. Tamalez, gaztelerazko kontuan zabaldutako txio horretan Martinezen aurkako irainekin erantzun dute zale batzuek, eta klubak berehala salatu behar izan ditu jarrera horiek gazteleraz idatzitako beste txio batekin: «Mesedez, errespetu faltek eta irainek ez dute lekurik Athleticen. Eskerrak eman nahi dizkiogu Iñigo Martinezi gure armarria defendatzeagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.