Musika

Astrud Gilberto abeslari brasildarra hil da

Bossa novaren ikur nagusietako bat izan zen, eta mundu osoan egin zen ezagun 1960ko hamarkadaren hasieran, 'Garota de Ipanema' kantuaren ingelesezko bertsioarekin.

Astrud Gilberto abeslaria. GETTY IMAGES
mikel lizarralde
2023ko ekainaren 6a
13:01
Entzun 00:00:0000:00:00

Astrud Gilberto, bossa nova musika mundura zabaldu zuten ahotsetako bat, gaur hil da, 83 urterekin, haren biloba Sofiak jakinarazi duenez: «Astrud izan zen Ipanemako bossa nova mundura eraman zuen benetako neska. Aitzindaria eta onena izan zen. 22 urterekin Garota de Ipanema ren ingelesezko bertsioari ahotsa eman zion, eta nazioarteko ospea irabazi zuen», idatzi du Instagramen. Ez du heriotzaren arrazoien berri eman.

The Girl From Ipanema-k, Antonio Carlos Jobimek eta Vinicius de Moraesek idatzitako kantuak, aurretik ere izan zituen hainbat bertsio. Pery Ribeirorena izan zen lehenengoa grabatzen, 1963an, baina Joao Gilbertok eta Stan Getz saxofoi jotzaile estatubatuarrak elkarrekin egindako Getz/Gilberto (1963) azaldu zenean lortu zuen nazioarteko oihartzuna. Bossa nova eta jazza uztartuko zituen diskoa grabatzea zuten buruan bai Joao Gilbertok, bai Getzek, eta, aurretik musikan beste esperientziarik ez bazuen ere, Astrud azkeneko momentuan gonbidatu zuten diskoan kantatzera. Hain zuzen ere, senar-emazteek, biek, abestu zuten The Girl From Ipanema-n. Joaok portugesez, eta Astrudek ingelesez, eta kantuak arrakasta handia lortu zuen berehala.

Kantuak izandako oihartzunaren ondorioz, Astrud Gilbertok ibilbide arrakastatsuari ekin zion, eta, senarrarengandik bananduta, bere bidea hartu zuen. Bossa nova beti ardatzean izanda, baina jazzera eta estandarretara ere hurbilduta, 1960ko hamarkadan Verve jazz diskoetxeari lotutako hainbat disko grabatu zituen: The Astrud Gilberto Album (1965), The Shadow of Your Smile (1965), Beach Samba (1967), A Certain Smile, a Certain Sadness (1967) —Walter Wanderley pianistarekin—, I Haven't Got Anything Better to Do (1969) eta beste.

1970eko hamarkadan, berriz, bossa novaren loraldia itzaltzen ari zela, Astrud Gilberto bere kantuak idazten hasi zen, eta diskoak grabatzen segitu zuen.

Berehalako arrakasta

Stan Getzek hasieratik jakin zuen Astrudena berehalako arrakasta izango zela, eta ahaleginak eta bi egin zituen arrakasta horren irabazien jabe egiteko. Gene Lees DownBeat aldizkariko editorearen arabera, saxofoi jotzaile ospetsuak Astrud royality-en banaketan sartzea eragotzi zuen, eta, beraz, Artisten Sindikatuak ezarritako 120 dolarrak baino ez zituen kobratzen saio bakoitzeko. Hala esan zuen Getzek orduan prentsaren aurrean: «Etxekoandrea baino ez zen orduan Astrud, eta disko horretan parte hartu zezala nahi nuen The girl from Ipanema kantua ingelesez abestu behar zelako, eta Joãok ezin zuelako hori egin. Arrakasta handia lortu zuen Ipanema-k: zorte handia izan zuen horrekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.