LABek «bultzada bat» eman nahi dio Nafarroako zahar etxeetako langileen borrokari

Negoziazio mahairako deia «aldebakartasunez» egitea erabaki du; bilera ostiral honetan egitea da asmoa

Agerraldia egin dute gaur, Iruñean. LAB
arantxa iraola
2023ko ekainaren 7a
11:36
Entzun

Nafarroako zahar etxeetako langileek lan baldintza hobeak lortze aldera abian duten borrokari «bultzada bat» eman nahi dio LABek. Hori jakinarazteko agerraldia egin dute gaur goizean Iruñean sindikatuko ordezkariek. Orain arte bidea ELArekin eta UGTrekin egin dutela esan dute, baina negoziazio mahairako deia «aldebakartasunez» egingo dutela orain; azaldu dute gainerako sindikatuetatik «tira eginez» ibili direla, ez dutela aski inplikazio ikusi haien partetik, eta horrek eraman dituela urrats hau egitera. Ekainaren 9rako egin dute deia, ostiralerako, eta «inplikaturiko eragile guztiei» parte hartzeko eskatu diete.

Adierazi dute aurrez ere proposatu zietela gainerako sindikatuei negoziazio mahairako deia elkarrekin egitea, baina ez zuten baiezkorik jaso, eta gatazkan eragitea ezinbestekoa iruditzen zaie. «LABek uste du ekintzarako garaia dela. Borrokak ekartzen du beti lan baldintzak hobetzea, eta horretan jarraitzen du sindikatu honek». Alde guztiek «erantzukizunez» jokatzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute.

Gogora ekarri dute Nafarroako zahar etxeetako langileen «lehen ituna» lortzea dela helburua, 2021ean ireki zutela bidea negoziazio mahaia martxan jartzeko, eta hainbat greba eta mobilizazio egin dituztela ordutik. Onartu dute, ordea, orain arte antzua izan dela bidea; alde batetik «blokeoa» egon dela esan dute, eta beste alde batetik «jarduerarik eza». Uste dute horregatik dela beharrezkoa aldaketa bat bidean.

Patronalaren proposamena

Urtarrilean patronalak proposamen bat egin zuela azaldu dute, baina ez dela «nahikoa» langileen egoera hobetze aldera. «Hori sinatzetik urruti» ikusten du LABek bere burua. Argi dute proposamen hori, bere apalean ere, lortu zela sektoreko langileek egindako «greba eta borroka ugarien» bidez, eta uste dute horrek erakusten duela bidea. Eta, hain justu, abiapuntua hortxe egon daitekeela pentsatzen dute, eta testu horrek «lehen oinarriak» dituela edukiak negoziatzen jarraitzeko.

Esan dute zinezko esperantza jarria dutela ekainaren 9rako egin duten deian. «Borroka baztertu gabe, kaleak utzi gabe, LABek uste du benetako negoziazioa suspertzeko eta edukiez hitz egiteko garaia dela». Zerrendatu dituzte bidean ezinbestekoak izango diren hainbat aldarrikapen «lehentasunezko». Horra: soldatak KPIaren arabera hobetzea, lanaldia murriztea, aldi baterako ezintasunak dituztenentzat osagarriak ematea, errelebo kontratuak egitea, eta lana eta familia bateratzeko neurriak hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.