Albistea entzun

AEB-ak

Mike Pence presidentegai: «Beste garai batzuek beste lidergo bat eskatzen dute»

AEBetako estatuburuorde ohiak iragarri du Alderdi Errepublikanoaren primarioetan lehiatuko dela. Urteotan Trumpengandik urrundu da, eta asko kritikatu du; batez ere, Kapitolioko erasoan izan zuen jarreragatik.

Mike Pence AEBetako presidenteorde ohia, iragan martxoan Washingtonen egindako agerraldi batean
Mike Pence AEBetako presidenteorde ohia, iragan martxoan Washingtonen egindako agerraldi batean Jim Lo Scalzo / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2023ko ekainak 7

Donald Trump presidente ohiaren eta Ron DeSantis Floridako gobernadorearen ondoren, teorian lehiakiderik indartsuenen artean hirugarrena dena ere sartu da AEB Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanoaren primarioetan: Mike Pence presidenteorde ohia (2017-2021). Erabaki horrek aurrez inoiz ikusi gabeko jokaleku bat ekarri du, lehen aldiz arituko baitira elkarren aurka estatuburu bat eta haren ordezko izandakoa errepublikanoen barne lehia batean; eta horrek, ezinbestean, aurrez aurre jarriko ditu Trump eta Pence. Estatuburuorde izandakoak gaur abiatu du kanpaina, sare sozialetara igotako bideo batekin, eta hilabeteotan helburutzat izango du, besteak beste, 2020ko bozen ondoren Trumpi «traizio» egin ziola uste duten boto emaileak konbentzitzea. «Beste garai batzuek beste lidergo bat eskatzen dute», argudiatu du presidenteorde ohiak.

Pencek, kongresukide gisa (2001-2013) eta Indianako gobernadore karguan (2013-2017) egindako ibilbidearen ondoren, ospe eta sinesgarritasun handia lortu zuen estatuburuorde aritu zen legealdian, batez ere Alderdi Errepublikanoaren boto emaileen artean; eta, zehatzago izanda, horietako kontserbadoreenen artean —besteak beste, ebanjelista baita—. Gatazkaz eta eztabaidaz beteriko agintaldi horretan ez zuen kritikatu bere buruzagia, baina 2021eko urtarrilaren 6ko Kapitolioko erasoa mugarri bilakatu zen: Trumpek presio egin zion Joe Bidenen garaipena berretsi ez zezan, baina Pencek ez zion jaramonik egin, eta eutsi egin zien prozesuari eta protokoloari.

Harrezkeroztik, hautsita dago behinola lankide izan zirenen arteko harremana. Pencek publikoki kritikatu du bere buruzagi ohia Kapitolioan gertaturikoagatik —«huts egin» ziola adierazita, adibidez—, eta presidente izandakoak defendatu egin ditu bere presidenteorde zena «urkatu» behar dela esan zuten jarraitzaileak. Horrek guztiak erakusten du, Pencek iragan martxoan ABC telebista kateari esan zion modura, biek ala biek «bide desberdinak» hartu zituztela 2020ko porrotaren ostean. Orain, ordea, bide horiek toki berera eramango dituzte bi politikariak.

Presidente ohiak boto emaileen artean duen arrakasta ikusirik, presidenteorde izandakoak beste zeregin zail bat izango du kanpainan: bere burua hautagai sendo gisa aurkeztea, eta gainetik kentzea Trumpen bigarrena delako irudia. Hain justu, kanpaina hasteko bideoan, Pencek ez du aipatu bere buruzagi izandakoa, ezta haren irudirik erakutsi ere; erreferentziak beste batzuk izan dira, Ronald Reagan (1981-1989) eta Abraham Lincoln (1861-1865) presidente ohi errepublikanoak aipatu baititu.

«Gure nazioa defenda dezakegu, eta gure muga segurtatu. Gure ekonomia berpiztu dezakegu, eta gure nazioa berriz ezarri aurrekontu orekatu baterako bidean, baita gure askatasunak babestu eta Amerikari bizitzarako hasiera berri bat eman ere», adierazi du presidenteorde ohiak sare sozialetara igotako bideoan.

AEBetako analistek ohartarazi dute Pencek zailtasunak izango dituela bere tokia aurkitzeko, alderdia «bulkada populista» bete-betean dagoen honetan. Eta are gehiago kontuan harturik geroz eta hautagai gehiago aurkezteak orduan eta aukera handiagoak ematen dizkiola Trumpi primarioak irabazteko, haren kontrakoen botoa zenbait presidentegairen artean zatituko litzatekeelako. Antzeko zerbait gertatu zen 2016ko barne bozketan ere.

Lehen eztabaida, abuztuaren 23an

Hamar hautagai inguru aurkeztu dira Alderdi Errepublikanoaren primarioetarako, eta baliteke datozen asteetan ere gehiagok izena ematea. Barne prozesu hori 2016koaren geroz eta itxura handiagoa hartzen ari da lehiakide kopuruari dagokionez, eta, horregatik, Batzorde Errepublikano Nazionalak iragan ostiralean jakinarazi zuen baldintza batzuk finkatu dituela eztabaidetan parte hartzeko. Lehena abuztuaren 23an egingo dute, eta hor ikusiko da zein den presidentegaien arteko barne oreka.

Hitzordu horretan izateko, hautagaiek gutxiengo kondizio batzuk bete beharko dituzte. Batetik, herrialde mailako hiru inkestatan gutxienez %1eko babesa izatea, edo, bestela, %1eko babesa izatea herrialde mailako bi inkestatan, eta %1 baino gehiagokoa estatu mailako inkesta batean —Iowakoan, Nevadakoan, Hego Carolinakoan edota New Hampshirekoan, primarioetako lehenak direlako—. Eta, bigarrenik, 40.000 diru emaile izan beharko dituzte; gutxienez berrehun, hogei estatu baino gehiagotan.

Kopuru horiek kontuan harturik, eztabaida gaur egingo balitz, sei hautagaik hartu ahalko lukete parte hitzordu horretan: Trumpek, DeSantisek, Pencek, Nikki Haley Hego Carolinako gobernadore ohi (2011-2017) eta AEBen Nazio Batuen Erakunderako enbaxadore (2017-2018) izandakoak, Vivek Ramaswamy enpresariak eta Tim Scott senatariak (2013tik).

Inkestei erreparatuz gero, presidente ohia aurretik doa, alde handiz gainera, %54ko babesa bailuke. Eta atzetik lituzke, besteak beste, Floridako gobernadorea (%21) eta estatuburuorde izandakoa (%5,4) hurrenez hurren, Five Thirty Eight atariaren batezbestekoaren arabera.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Hainbat armeniar errusiarren laguntzaz kamioi batean Karabakh Garaitik ihes egiten. / ©ROMAN ISMAYILOV / EFE

Karabakh Garaiko errepublika 2024an desegingo dela iragarri dute

Isabel Jaurena

Samvel Xahramanian presidenteak adierazi du «herritarren segurtasun fisikoa» dela lehentasuna. 65.000 armeniar inguruk utzi dute lurraldea.

Mahsa Aminiren hilketaren urteurreneko protesta bat Berlinen, hilaren 16an. ©CLEMENS BILAN / EFE

Protesten errautsak, iraultzarako ongarri

Lide Iraola

Urtebete pasatu da Mahsa Aminiren heriotzaren ondoren Iranen emakumeen askatasunaren aldeko mobilizazio jendetsuak hasi zirenetik. Errepresioak markatu zituen ondorengo hilabeteak. Ikusi beharko da aldaketarako atea zabalik gelditu ote den.

Emmanuele Macron Frantziako presidentea, Italiako presidente izandakoaren Giorgio Napolitanoren hiletan, atzo, Erroman. ©Riccardo Antimiani / EFE

Macron marra gorriak planteatzekoa da Korsikako Asanblean

Maddi Iztueta Olano

Frantziako presidentea ostiralera arte izango da Korsikan. Hitzaldi bat emango du uharteko asanblean, eta espero da mugimendu nazionalistak eskatutako autonomia legegilearen inguruan mintzatzea.

Iaroslav Hunka SSetako kide ohia hunkituta, Kanadako legebiltzarkideen txaloak jasotzen, joan zen ostiraleko saioan. ©BERRIA

Kanadako Parlamentuko buruak kargua utzi du, Ukrainako nazi bati omenaldia egin ostean

Edu Lartzanguren

SSetako Galitzia Dibisioan aritu zen 98 urteko ukrainarra, eta Ottawako parlamentura gonbidatu zuten Volodomir Zelenski Ukrainako presidentearen bisitaren harira. Txaloka hartu zuten han nazi beteranoa, eta Parlamentuko buruak «heroi» gisa aurkeztu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.