PSEk argitu du zein izango diren uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako bere hautagaiak: Patxi Lopez izango da Kongresurako zerrendaburua Bizkaian, Rafaela Romero Gipuzkoan, eta Daniel Senderos Araban. Orain alderdiaren lurraldeetako batzordeek berretsi behar dute proposamena. Larunbatean erabakiko dute. Beste hainbeste gertatuko da Senaturako hautagaitzekin ere. Gaur egun senatari diren Txema Oleaga (Bizkaia) eta Julia Liberal (Araba) izango dira zerrendaburu, eta hautgai berri bat izango da Gipuzkoan: Izaskun Gomez.
Lopez Espainiako Kongresuko talde sozialistaren bozeramailea izan da orain arte. Harekin batera, Maria Guijarro diputatuak —hainbat batzordetako bozeramaile izan da— eta Paul Blasi PSE-EEko Azterlan eta Programa idazkariak osatuko dute Bizkaiko zerrenda.
Gipuzkoan, Romerorekin batera, Maria Luisa Gartzia Gurrutxaga diputatua eta Enrique Ramos aurkeztuko dira. Arabako hautagaitzari dagokionez, PSE-EEko egungo Trantsizio Ekologikorako eta Klima Aldaketarako idazkaria da Senderos. Arantza Niño UGTko sindikalista eta Jorge Juez izango ditu lagun.