Albistea entzun

Etxebizitza

Maurizia: «Kanporatzen bagaituzte, okupazio dinamika bat abiatuko dugu»

Baionan eraikin bat okupatzen ari dira Maurizia proiektuko kideak, eta edonoiz kanporatuak izateko arriskuan dira. Eragile politiko eta sozial andanaren babesa jaso dute. Azken egunetan Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezarekin izandako elkarrizketen berri eman dute.

Maurizia proiektuko kideak, auzokide eta eragileekin, gaur
Maurizia proiektuko kideak, auzokide eta eragileekin, gaur Guillaume Fauveau Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2023ko ekainak 8 14:49

Damoklesen ezpata buru gainean dute Maurizia proiektuko kideek, eta edonoiz kanporatu ditzakete. Agerraldia egin dute egoeraren berri eman eta azken asteetan izan dituzten gorabeherak esplikatzeko. Hainbat auzokide eta LAB eta FSU sindikatuetako kideak agertu dira haiekin, baina eragile politiko eta sozial andanaren babesa eskuratu dute azken asteetan, hala nola Elkartasunak Eraiki elkarte sarearena. Mauriziaren proiektua goraipatu zuten agiri batean, lehengo astean, eta, okupatzaileen hitzetan, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezari idatzi berri diote negoziazioek irauten duten bitartean kanporatzea oztopa dezala eskatzeko.

Maiatzaren 16an jakinarazi zuten Baionako Santa Ursula karrikako eraikin bat okupatzen ari direla, bizitegien arazoari erantzun eta denei irekitako espazio soziokultural bat proposatzeko. Ekintzaileen hitzetan, 2015etik hutsa da egoitza. EPFL Ipar Euskal Herriko Lurraren Erakunde Publikoak erosiak ditu lurrak, Euskal Hirigune Elkargoarentzat. Hala, Etxegarairekin hitz egiten hasi dira, alokairu kontratu bat izenpetu ahal izateko. Behin eta berriz adierazi dute asmoa dutela erakunde publikoek Aturri bazterrerako duten proiektua gauzatu bitartean bertan gelditzeko. «Ez ditugu obrak oztopatuko», errepikatu dute gaur ere. «Alokairu kontratu bat izenpetzeak aseguru bat hartzeko aukera emanen liguke, eta horrek bi aldeak babestuko lituzke».

Astelehenean elkartu ziren Baionako auzapezarekin, eta hark hangarra erabiltzea proposatu ziela esplikatu dute. Herriko etxeak bere gain hartuko lituzke obrak, eta gauzatu bitartean lekuak hustu beharko lituzkete, zehaztu gabeko epe batentzat. Uko egin diote gazteek; besteak beste, ez diolako bizitegi arazoari erantzuten. «Gure maneran parte hartzen dugu etxebizitzaren krisi honi eta haren ondorioei buruzko eztabaidan... Eta herriko etxeak bestak antolatzeko areto bat proposatzen digu», deitoratu dute. «Guk ura eskatu eta elektrizitatea emanen baligute bezala da».

Berriki, beste jabego baten proposamena ere egin diete, baina hor ere ez litzateke aski leku gaur egun Maurizian daudenak aterpetzeko, eta ez da zehaztua zenbat denborarako izanen litzatekeen. Bederatzi pertsona bizi dira gaur egun eraikin okupatuan, eta baieztatu dute eskaera gehiago ere eskuratu dituztela. Gazteen hitzetan, Etxegaraik erran die ezin dizkiela eraikinean diren bizitegiak utzi, duela hamar urte bertan bizi ziren auzokideak kanporatu zituztelako.

Helegite gatazka

Baionako Auzitegiak Maurizia husteko agindua emana du, baina horren kontrako helegitea jarri du gazteen abokatuak. Izan ere, ordenantza bidez hartu zuen erabakia justiziak, ekintzaileei kasua defendatzeko aukerarik eman gabe. Okupatzaileen nortasuna ezezaguna zela argudiatu zuten horretarako. Alta, okupazioa iragarri zuten egunean Baionako komisarian deklaratu zuten beren borondatez, izen-abizenak emanda. Astelehenean aztertuko dute gazteek ezarritako helegitea, baina gaur goizean jakin dute eraikinaren jabeek ere beste helegite bat jarri dutela haienaren kontra.

Haserre mintzatu dira: «Etxegarai eta EPFL, karrikara botako gaituzue geure burua defendatzen utzi gabe? Indar armatuak bidaliko dizkiguzue ezin dituzuelako egiazko neurriak hartu? Jakin ezazue arazoa gibelatzen ari zaretela». Salatu dute azken hilabetean presio anitz jasan dutela. «Elkarrizketarako prest izan gara hastapenetik; herriko etxearekin izan dugun harremanak eraikitzailea iduri zuen, baina orain traizio egin digutela sentitzen dugu, egoerak hartu duen bideagatik».

Argi adierazi dute: kanporatzera heldu badira ez dutela erresistentziarik emanen. «Bortizkeria ez da gurea. Bortizkeria da 10.000 metro koadroko eraikin bat hutsik atxikitzea Baiona erdian». Abisua ere eman dute: «Kanporatuak bagara, okupazio dinamika bat abiatuko dugu. Hemendik atera bezain laster beste eraikin publiko batean sartuko gara».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea, gaurko osoko bilkuran. ©Eusko Legebiltzarra

EH Bilduk salatu du Jaurlaritzak «pribatizazioa» hautatu duela itxaron zerrendak laburtzeko

Xabier Martin

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek «osasun profesionalen gabeziari» buruzko zuzenketa bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, baina EAJren eta PSEren gehiengoak bere idatzia onartu du, Osasun Sailari eskatzeko martxan dauden «LEPak burutzeko». Gaur jakin da Osakidetzak alor pribatura bideratuko dituela ebakuntza sorta batzuk, itxaron zerrendei aurre egiteko.

Kilometroak festaren aurkezpena, gaur, Errenterian. ©Maialen Andres /Foku

Lau gune eta hiru azpigune urriaren 1ean Kilometroak ospatzeko

Iker Tubia

Willis Drummond, Gozategi, Dupla, Goazen!, Andoni Ollokiegi eta Janus Lester ariko dira, besteak beste.

Isabel Rodriguez eta Miquel Iceta ministroak itzulpen zuzena aditzeko kaskoa belarrian dutela, gaur, Espainiako Kongresuan. ©Juan Carlos Hidalgo / Efe

Araudia aldatuta, Espainiako Kongresuan euskaraz egin ahal izanen da aurrerantzean

Iker Tubia

EH Bilduk euskararen zonifikazioa bertan behera uzteko eskatu dio PSNri Madrilen, eta EAJren zuzenketa onartu dute, itzulpenek balio juridikoa izan dezaten.

Ubideko (Bizkaia) Herriko Taberna ©Jaizki Fontaneda / Foku

Merkatariek eta ostalariek euskarazko oinarrizko hiztegia ikasteko aplikazioa sortu dute

Olatz Silva Rodrigo

Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak Erraza Da aplikazioa abiarazi dute. «Lehen urratsak erraz egiteko beste aukera bat» eskaintzea du xede.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.