Hauteskundeak

EH Bildu eta ERC batera aurkeztuko dira Espainiako Senaturako bozetara

Azken urteetako akordioak indartzeko urratsa dela adierazi dute bi aldeek. Batzarrek onartu du Sumarrekin batera aurkeztea.

ERCko eta EH Bilduko senatariak. EH BILDU
Iosu Alberdi.
2023ko ekainaren 8a
14:49
Entzun

EH Bilduk jakinarazi duenez, koalizio subiranistak eta ERCk «pauso bat gehiago» eman dute bien arteko «proiektu bateratuan», eta batera aurkeztuko dira Espainiako Senaturako bozetara, Independentzia ezkerretik lelopean. EH Bilduko militanteek, gainera, gaur eta bihar artean aukeratu beharko dituzte Espainiako Gorteetarako zerrendetako kideak. Mahai Politikoak astelehenean iragarri zuen «jarraitutasunaren aldeko apustua» egingo zutela.

EH Bilduren oharraren arabera, azken urteetako aliantza indartzea du xede akordioak. Azken lau urteetan talde parlamentario beraren parte izan dira Senatuan, eta ganbera hartan zein Kongresuan bat egin dute legealdiko auzi garrantzitsuenetako batzuetan. «Akordio horri esker, aurrerapausoak eman ditugu gure herritarren ongizate sozialean eta euskaldun zein katalanek Espainiako Estatuarekin irekiak ditugun gatazken konponbidean», azaldu dute.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik adierazi du «eskuma geldiarazteko horma» izan direla , eta hori dutela helburu datorren legealdirako ere: «Nahiko genukeen sakontasun eta hedapen mailarekin izan ez bada ere, gehiengo sozial eta langilearen bizitza hobetzea lortu dugu. Eta zalantzarik ez dugu berriro ere erabakigarriak izango garela».

ERCko presidente Oriol Junquerasen hitzetan, berriz, EH Bilduko eta ERCko diputatuak eta senatariak «erabakigarriak» izan dira azken lau urteetan, eta bien arteko batasuna «indartzeak» herritarren «eskubideetan eta askatasunean sakontzeko» aukera eman du.

Gainerako alderdiak ere ari dira urratsak egiten. EAJren Euzkadi Buru Batzarrak aurreko astean proposatu zizkien hautagaitzak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako buruzagitzei. Izen zerrenda bana aurkeztu zuten lurraldeko, eta horien artean daude azken legealdian Espainiako Kongresuan egon diren batzuk: Mikel Legarda (Araba); Aitor Esteban, Idoia Sagastizabal (Bizkaia); eta Joseba Agirretxea (Gipuzkoa). Horiekin batera ageri dira, besteak beste, Olatz Peon Tolosako jarduneko alkatea (Gipuzkoa) eta Daniel Innerarity filosofoa (Nafarroa).

PSE-EEko zuzendaritzak, berriz, Patxi Lopez (Bizkaia), Rafaela Romero (Gipuzkoa) eta Daniel Senderos (Araba) proposatu ditu. Orain, alderdiaren lurraldeetako batzordeek berretsi behar dute proposamen hori, larunbatean. Beste hainbeste gertatuko da Senaturako hautagaitzekin ere. Gaur egun senatari diren Txema Oleaga (Bizkaia) eta Julia Liberal (Araba) izango dira zerrendaburu, eta hautagai berri bat izango da Gipuzkoan: Izaskun Gomez.

Batzarre, Sumarrekin

Ikusteko dago, berriz, zein alderdi edo koaliziok hartuko duen duela lau urte Podemosek ordezkatutako espazio politikoa. Podemosek eta Sumarrek bihar arte dute koalizioan aurkezteko akordioa ixteko, eta lehenak jakinarazi du militantziari galdetuko diola gaiaz. Gainera, Batzarreko afiliatuen %75ek babestu dute alderdia Sumarrekin aurkeztea. 123 lagunek eman dute botoa, horretarako eskubidea zutenen %49,5ek. Batzarrek azaldu du espero duela datozen orduetan Sumarrek eta Podemosek akordio bat lortzea elkarrekin aurkezteko.p>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.