Albistea entzun

Migrazioa

EBko estatu kideek 30.000 asilo eskatzaile banatzea adostu dute

Barne ministroek migrazio eta asilo legeak erreformatzea lortu dute. Zigorrak gogorragoak dira: ukaturiko iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte.

Gerhard Kraner Austriako Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, atzoko bilkuran, Luxenburgon
Gerhard Kraner Austriako Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, atzoko bilkuran, Luxenburgon JULIEN WARNAND / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2023ko ekainak 9 17:23

Urteotako borrokaren eta batez ere atzo arratsaldeko eta gaueko hamabi orduko negoziazioen ostean, EB Europako Batasuneko estatu kideetako Barne ministroek migrazio eta asilo legeak erreformatzea lortu dute. Akordioa «historikoa» da, Alemaniako Barne ministro Nancy Faeserren arabera; besteak beste, talde komunitarioaren gairik zailenetako batean ados jarri baitira azkenean, nahiz eta babesa aho batezkoa ez izan. Neurri nagusiak hauek dira: EBko estatu kideek kontinentera iristen diren 30.000 asilo eskatzaile banatu beharko dituzte urtero euren artean —biztanleriaren eta barne produktu gordinaren arabera—, eta ukatzen duten iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte. Iaz, 180.000 migratzaile iritsi ziren talde komunitarioko herrialdeetara.

Praktikan, akordio horrek aldatu egingo ditu asilo eskatzaileak mugetan prozesatzeko eta talde komunitarioko estatuetan kokatzeko moduak. Eta helburutzat dauka, Suediako Migrazio ministro Maria Malmer Stenergardek atzoko bilkuran azaldu zuenez —herrialde horrek du EBko Kontseiluaren presidentetza hilabete amaiera arte—, talde komunitarioko estatu kideen «elkartasunaren eta erantzukizunen arteko oreka» lortzea.

Kuotaren eta zigorren inguruan ados jartzeaz gain, EBko Barne ministroek negoziatu zuten estatu kideek erabakiko dutela beste herrialdeen artean zein den «segurua» asiloa ukatu zaien migratzaileak hara bidaltzeko. Eta, horretarako, estatuek frogatu beharko dute iheslariek «konexio bat» dutela herrialde horrekin; hori bai, herrialde bakoitzak erabakiko du «konexio» horrek zehazki zer esan nahi duen. Hortaz, afera horretan, badirudi gobernuek malgutasun handia izango dutela migratzaileak EBtik kanpoko zer herrialdetara bidali erabakitzeko.

Italiaren baldintza

Konexioaren afera hori malgutzea zen Italiaren baldintzetako bat akordioari baiezkoa emateko —77.000 asilo eskari jaso zituen iaz—. Matteo Piantedosi herrialde horretako Barne ministroa, hortaz, pozik agertu zen atzo gauean: «Zerbaiten hasiera da».

Aldiz, Hungariak eta Poloniak kontra bozkatu zuten —Varsoviak gaur esan du ez duela onartuko kuotarik «inposatzea»—, eta Bulgaria, Eslovakia, Lituania eta Malta abstenitu egin ziren; Alemaniak, Luxenburgok, Irlandako Errepublikak eta Portugalek alde bozkatu zuten, baina laurek esan dute aldaketa gehiago sustatzen saiatuko direla, lege berrietatik kanpo gera daitezen haurrak eta bakarrik iritsitako adingabeak.

Plan berriak martxan jartzeko, Europako Batzordeko Barne komisario Ylva Johanssonek atzo azaldu zuen mila milioi euroko funts bat eratuko dutela estatu kideentzat: «Elkarrekin ez bagaude, denok galtzen dugu».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Haur bat Can Atalay diputatuaren irudi batekin, maiatzaren 1eko protesta batean, hura aske uzteko eskatzen. ©#BARRA_ABILDUA#CANATALAY

Legegintzaldia espetxetik

Lara Villalon

Can Atalay ezkerreko parlamentaria preso dago iazko maiatzetik, 2013an Istanbulgo Taksim plazan izan ziren protestetan parte hartzeagatik, Turkiako Gobernuaren kontra. Auzia justiziaren politizazioaren ikur bihurtu da herrialde hartan.

 ©OSKAR EPELDE

«Afrikaren menpekotasun aroa amaitzen ari da»

Oskar Epelde Juldain

Touoyemen arabera, kontinenteko liderren belaunaldi berri batek «forma eman nahi dio bere patuari». Eta sistemaz gogoeta bat plazaratu du: «Afrika demokratizatu behar da, ala demokrazia afrikartu?».
Armeniako Gobernuaren kontrako manifestariak, gaur, Erevanen. ©ANATOLI MALTSEV, EFE

Paxinianen dimisioa eskatu dute milaka herritarrek, «traidore» oihu artean

Gorka Berasategi Otamendi

Armeniako hiriburuan egin duten protestan, manifestariek lehen ministroari egotzi diote ez esku hartzea Azerbaijanek Karabakh Garaiari egindako erasoaren aurrean.

ERCko eta JxCko ordezkariak txaloka, atzo, Kataluniako Parlamentuan ebazpen bateratu bat onartu ondoren. ©Q. GARCIA / EFE

Erreferenduma, negoziaziora

Gorka Berasategi Otamendi

ERCk eta JxCk Sanchezen inbestidurarako baldintza ezarri dute: erreferendum baten alde «lan egiteko» konpromisoa hartzea. PSCk gaitzetsi egin du, eta bozak errepikatzeko aukera aipatu du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.