Albistea entzun

Hauteskundeak

EAJk eta EH Bilduk Espainiako Gorteetarako zerrendak aurkeztu dituzte

Ortuzarrek adierazi du euskal herritarren ordezkariak hautatzea dela uztaileko bozen helburua. Aizpuruak azaldu du ezker independentista dela «gobernu aurrerakoi bat» bermatu dezakeena.

EH Bilduren hautagaien aurkezpena, gaur goizean.
EH Bilduren hautagaien aurkezpena, gaur goizean. Oskar Matxin Edesa / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2023ko ekainak 10

Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen bat-bateko iragarpenaren ostean, berehala ekin zieten alderdiek Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako lanei. Eginbeharretako bat da bozetarako zerrendak osatzea, eta behin betiko listak aurkeztu dituzte gaur EAJk, EH Bilduk eta PSOEk. Hirurek ere eutsi egingo diete azken legealdiko izenik sonatuenei. Besteak beste, zerrendaburu izango dira hiru alderdiek Kongresuan izandako azken eledunak: Aitor Esteban, Mertxe Aizpurua eta Patxi Lopez.

EAJren Aberri Batzarrak «aho batez» onartu ditu Espainiako Gorteetarako zerrendak, EBB Euzkadi Buru Batzarraren proposamenarekin bat eginda. Mikel Legarda (Araba), Aitor Esteban (Bizkaia) eta Maribel Vaquero (Gipuzkoa) izango dira Kongresurako hiru zerrendaburuak. Lehen biak diputatuak izan dira azken legealdian; Vaquero, berriz, senataria. Espainiako Senaturako zerrendaburuak, berriz, Almudena Otaola (Araba), Nerea Ahedo (Bizkaia) eta Luke Uribe-Etxebarria (Gipuzkoa) izango dira. Nafarroaren kasuan, EAJk Geroa Bai koalizioko gainerako kideekin adostu beharko ditu zerrendak. Halere, egin ditu proposamenak: Maria Solana Kongresurako, eta Ana Lujan Senaturako.

Zerrendak berresteko soilik ez, uztailaren 23ko bozetarako mezu bat bidaltzeko ere baliatu du batzarra EBBko presidente Andoni Ortuzarrek. Adierazi du helburua ez dela «Moncloan nor eseriko den» zehaztea, euskal herritarren ordezkariak aukeratzea baizik. «Erabakiko da Euskadiren interesak Madrilen nork defendatuko dituen», azaldu du, eta gehitu EAJk «ibilbide luze eta ona» egin duela afera horretan.

Bide beretik, Estebanek adierazi du EAJ «kolore bateko zein besteko gobernuekin» adosteko gai izan dela, eta Vaquerok gehitu du EAJrena «lanaren, elkarrizketaren eta akordioaren» eredua dela: «Euskadiren alde lan egiten jarraitu nahi dugu, erantzukizunez, arduraz, zorroztasunez eta akordioak lortzeko borondatearekin, herritarren bizimodua hobetu ahal izateko».

EH Bildun, %97ren babesarekin

EH Bilduk ere gaur goizean aurkeztu ditu hauteskundeetan koalizio subiranista ordezkatuko duten hautagaiak, militanteek Mahai Politikoaren proposamenak onartu ostean; zerrenda guztiek %97ko babesa jaso dute gutxienez. Koalizioak «jarraitutasuna» eman nahi izan dio azken legealdiari, eta duela lau urteko zerrendaburu berak aurkeztuko dituzte Kongresuko bozetara: Iñaki Ruiz de Pinedo (Araba), Oskar Matute (Bizkaia), Mertxe Aizpurua (Gipuzkoa) eta Bel Pozueta (Nafarroa).

Senaturako bozetan, berriz, Gorka Elejabarrieta Gipuzkoako zerrendaburu izango da berriz; harena izan zen 2019ko bozetan EH Bilduk eskuratutako eserleku bakarra. Aldaketak egin dituzte gainerakoan: Josu Estarrona (Araba), Jasone Agirre (Bizkaia) eta Koldo Leoz (Nafarroa) izango dira beste hiru buruak. Horiek Independentzia ezkerretik lelopean aurkeztuko dira, EH Bilduk eta ERCk Senatura koalizioan aurkeztea erabaki baitute.

Mertxe Aizpurua Kongresuko eledunaren hitzetan, «talde plural eta konprometitua» osatu du koalizioak, helburu duena «euskal herriaren eta langileen eskubideak» babestea. Are gehiago, adierazi du Euskal Herriko eta Kataluniako ezker independentistarik gabe ez dela posible izango «estatuan gobernu aurrerakoi bat» egotea: «Espainiako eskuin muturren agenda erreakzionarioari aurre egiteko berme bakarra gara».

Aizpuruak gaineratu du EH Bilduk udal eta foru hauteskundeen «bigarren itzulia» balitz bezala prestatuko dituela Espainiako Gorteetarako bozak. «Maiatzaren 28an ziklo politiko berri bati ekin genion, Hego Euskal Herriko lehen indar politikoa bihurtuta», azaldu du eledunak, eta gehitu du bide horri heldu behar zaiola «aldaketa ausartak, sakonak eta egiturazkoak» egiteko.

PSOEren baiezkoa

PSOEren Batzorde Federalak ere baiezkoa eman die estatuko zerrendei, tartean baita Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako listei ere. PSE-EEk proposatutako zerrendaburuak hauek dira: Daniel Senderos, Patxi Lopez eta Rafaela Romero Kongresurako, eta Julia Liberal, Txema Oleaga eta Izaskun Gomez Senaturako. Nafarroan, berriz, PSOEko Antolaketa idazkari Santos Cerdan izango da Kongresurako zerrendaburua, eta Javier Remirez Nafarroako jarduneko presidenteordea Senaturako zerrendako lehena.

Oraindik argitzeko daude, besteak beste, Sumarren eta PPren zerrendaburuak. Lehenaren kasuan, zenbait hedabidek argitaratu dute Sumarren eta Podemosen arteko negoziazioetan zehaztu dutela Gipuzkoako eta Nafarroako zerrendaburuak Podemosekoak izatea. Duela lau urte, Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Pilar Garrido izan zen hautagaia Gipuzkoan, eta Podemoseko idazkari nagusi Ione Belarra Nafarroan. Azken hori, baina, Madrilgo zerrendan aurkeztuko da aurten. Dena den, alderdiek hilaren 19ra arteko epea dute zerrendak aurkezteko.

PPren kasuan, baieztatu dute ez dela UPNrekin batera aurkeztuko bozetara. Gainera, jakinarazi dute Borja Senper Gipuzkoako popularren presidente ohi eta PPren kanpainako eleduna Madrilgo zerrendan aurkeztuko dela.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Angel Berrueta oroitzeko ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola / Foku

Angel Berrueta biktima gisa aitortzeko tramitazioa hasi dute

Iosu Alberdi

Nafarroako eskuin muturraren eta estatuaren biktimak aitortzeko batzordeak 35 eskaera jaso ditu. Batzordea aurreko astean elkartu zen Berrueta-Mañas familiarekin.

Asier Ezeiza, gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalean. ©ZIPI / EFE

Asier Ezeizari 182 urteko espetxe zigorra ezarri diote

Berria

ETAk 2003an Alacanten eta Benidormen eginiko bi atentaturengatik zigortu dute.

Frederique Espagnac eta Max Brisson —ezkerrean— artxiboko argazki batean. ©BOB EDME

Espagnac, Brisson eta Saint Pe izanen dira Frantziako Senatuan ordezkari

Ekhi Erremundegi Beloki

Igandean iragan ziren Frantziako Senaturako bozak Ipar Euskal Herrian. Aurkeztu diren bederatzi zerrenden artean, orain arteko hiru senatariak karguan atxikitzearen alde egin dute hautetsiek
Kaledonia Berriko herritarrak FLNKS koalizio independentistako mitin batean, 2019an. ©FLNKS

Kaledonia Berriko independentistak, estreinakoz Senatuan

Maddi Iztueta Olano

FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakeko kide bat izango da Frantziako goi ganberako senatarien artean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...