Hilberria

Silvio Berlusconi hil da

Italiako lehen ministro izandakoa joan den ostiralean ospitaleratu zuten, Milango erietxe bateko zaintza berezietan. 86 urte zituen, eta leuzemia kronikoa zuen.

Italiko lehen ministro ohi Silvio Berlusconi, maiatzaren 19an, Milango erietxetik irteten. MATEO BAZZI, EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Arantxa Elizegi Egilegor
2023ko ekainaren 12a
10:48
Entzun

Silvio Berlusconi hil da, azken hamarkadetan Italiako politika beste inork ez bezala baldintzatu duen presidentea. 86 urte zituen, eta Milango San Raffaele erietxera eraman behar izan zuten joan den ostiralean, leuzemia kroniko baten ondorioz haren osasunak okerrera egin zuenean. 2020an COVID-19an positibo eman zuenetik, hainbat aldiz eraman behar izan zuten erietxera. Martxoaren 27tik 30era lehen aldiz, eta apiril hasieran bigarrenez. Aldi hartan, ZIUan sartu behar izan zuten; orduan jakinarazi zuten leuzemia kronikoa zuela eta kimioterapia jasotzen ari zela.

Legako buru Matteo Salvinik «buruzagi handi» gisa deskribatu du Berlusconi, eta nabarmendu lehen ministro izandakoak «erein» zituela egun agintean den eskuineko koalizioaren «lehen haziak». Berlusconik «historia» egin zuela adierazi dute Alderdi Demokratikoko Enrico Lettak eta 5 Izar Mugimenduko Giuseppe Contek. Azken horren esanetan, lehen ministro izandakoaren aurkariek ere aitortu behar dute Berlusconik «ausardia, grina eta nekaezintasuna» izan zituela beti. Iritzi berekoa da Italia Biziko buru eta lehen ministro ohi Mattteo Renzi ere: «Sentimendu kontrajarriak eragiten zituen Berlusconik; askok maitatu zuten, eta beste askok gorrotatu. Baina ezin da ukatu historia egin zuela».

Hiru alditan izan zen Italiako lehen ministro: 1994tik 1995era, 2001etik 2006ra eta 2008tik 2011ra. Forza Italia eskuineko alderdiaren burua izan zen 1994tik 2009ra eta 2013tik orain arte. Hark sortu zuen alderdi hori, 1990eko hamarkadan, administrazioan zegoen ustelkeriaren kontrako mezuekin kanpaina egin ondoren. 1994ko hauteskundeak irabazi ostean hartu zuen Italiako gobernuburu kargua, baina hurrengo urtean utzi behar izan zuen, Umberto Bossiren Lega Nord alderdiaren babesa galdu ostean. Beste bi aldiz izan zen Italiako lehen ministro, eta 2018an berriro aurkeztu nahi izan zuen, inhabilitatuta zegoen arren.

Politikagintzan ez ezik, auzitegietan ere ibilbide luzea egin zuen Berlusconik. Lehen ministro izandakoa 2013an zigortu zuten Ruby auzian. Aldi hartan, zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta bizi osorako inhabilitazioa, botere gehiegikeria eta adingabeak prostituziora bultzatzea leporatuta. Izan ere, 2010eko maiatzean atxilo hartu zuten Karima el-Mahrug, Ruby ezizenez ezaguna zen adingabeko prostituta –Berlusconik antolatutako festetan maiz egoten zena–, beste prostituta bati lapurtzen saiatzea egotzita. Gertatutakoaren berri izan zuenean, Berlusconik Milango polizia etxera deitu zuen, eta esan zien El-Mahrug Egiptoko presidente Hosni Mubaraken iloba zela, eta askatzen ez bazuten nazioarteko krisi bat pitz zitekeela. Poliziak aske utzi zuen gaztea, baina gertatutakoa argitara atera zen. Zigorra, ordea, bertan behera utzi zuten auzitegiek, argudiatuta ez zegoela nahikoa frogarik delituren bat egin zela ebazteko.

Politikariari egotzi zioten lekukoak erosten ahalegindu izana, haren festetan izan zirela ukatu zezaten. Fiskaltzaren arabera, hamar milioi euro ordaindu zizkien hamahiru lekukori; kopuru horretatik ia zazpi milioi El-Mahrugentzat izan ziren. Auziak sei urte iraun zuen, baina, azkenean, Milango auzitegi batek errugabetzat jo zuen aurtengo otsailean.

Prostituzioagatik eta botere gehiegikeriagatik ez ezik, ustelkeriagatik ere epaitu zuten Berlusconi. Ruby auzia abiatu eta hilabete gutxira, 2013ko abuztuan, lau urteko kartzela zigorra ezarri zioten zerga iruzurragatik. Baina hor ere lege zirrikituak baliatu zituen lehen ministroak, eta, 2006an onartutako indultu lege bati esker, urtebete soilik bete behar izan zuen, baina ez kartzelan, zahar etxe batean gizarte zerbitzuak eginez baizik.

Enpresa mundutik jauzi egin zuen politikara, eta mafiarekin lotuta egon dela salatu dute askok. Alfano legea onartu zuen ere azken agintaldia amaitu aurretik. Horren arabera, Italiako presidentea, lehen ministroa eta Diputatuen Ganberako eta Senatuko presidenteak ezin dira auzipetu kargu horietan dauden artean, ez bada jardun horiei dagokion zerbaitengatik.

Politikari populista izan da, eta, hedabideen kontrola izanik, horiek goratu egin dute Berlusconiren ibilbide politikoa. Atzerri politikan, Afganistango eta Irakeko gerrak babestu zituen, eta, 2011n, Libiako presidente Muammar Gaddafi kargugabetzeko NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen aliantzan sartu zuen Italia, gerra hegazkinak bidaliz.

Emakumeekiko jarrera

Urteetan kritika ugari jaso izan zituen Forza Italiako buruak emakumeekin izandako jarreragatik, baita gobernuburu karguan zenean ere. 2005ean, esaterako, zalaparta politikoa eragin zuen iradoki zuenean Finlandiako presidente Tarja Halonen limurtu zuela onartu zezan Europako Batasuneko elikadura segurtasunerako agentzia berriaren egoitza Italian jartzea.

Aurrerago, 2009ko urtarrilean, lehen ministro zela eta Italian sexu erasoen salaketek goia jo zutenean, hauxe esan zuen: «Ez dugu soldadu nahikorik bortxaketak gelditzeko; izan ere, emakumeak hain dira ederrak!». Bost urte geroago, udal hauteskundeetako kanpaina betean, hauxe esan zion haurdun zegoen emakumezko hautagai bati: «Jakina da ama bat ezin dela bete-betean jardun lanpostu batean, eta are gutxiago Erromako alkatetzan, hain da lan gogorra».

Telebista eta futbola

Milango telebista sortu zuen 1970eko hamarkadan, eta RAI Italiako Irrati-Telebista Publikoaren monopolioarekin haustea lortu zuen. Mediaset konpainiaren sortzaile izan zen, 1993an, eta Frantzian eta Espainian ere zabaldu zen. 1990ean, Mondadori taldearen presidente izendatu zuten, garai horretan La Repubblica egunkaria eta L’Espresso, Epoca eta Panorama aldizkariak editatzen zituen enpresarena.
1986tik 2009ra, Milan futbol taldeko presidente izan zen. Forbes aldizkariaren arabera, 2011n 7.800 milioi dolar zituen, eta Italiako pertsonarik aberatsena zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.