Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaritza EH Bilduri eskaini diote EAJk eta PSE-EEk

Jeltzaleek eta sozialistek mahaia aukeratzeko proposamena egin diete beste taldeei, eta mahaian bost alderdiek izango lukete ordezkaritza, horren arabera.

Maria Eugenia Arrizabalaga, Joseba Egibar (EAJ), Eneko Andueza eta Susana Garcia Chueca (PSE-EE), Gipuzkoako Aldundirako sinatutako akordioaren ondoren. BERRIA
xabier martin
2023ko ekainaren 15a
12:01
Entzun

Gipuzkoako Ganberan izena eman dute EAJko batzarkideek, eta, horrekin batera, Batzar Nagusien Mahia eratzeko proposamena helarazi dute, PSE-EEren akordioarekin: Batzar Nagusietako Mahaian bost alderdiek izango lukete ordezkaritza, «handienetik txikienera, hurrenez hurren aukeratuta», Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko bozeramaileak berri eman duenez. Horiek horrela, Batzar Nagusietako lehendakaria EH Bildukoa izango litzateke, proposamen horren arabera; lehen lehendakariordea, Eusko Alderdi Jeltzalekoa; bigarren lehendakariordea, PSE-EEkoa; lehen idazkaria, PPkoa, eta bigarren idazkaria, Elkarrekin Podemos-IUkoa.

EAJko batzarkideek Gipuzkoako Batzar Nagusietan izena emanik eta goizean zehar batzarkideen herenek eta gehiagok akreditazioa egin eta gero iritsi da EAJren eskaintza. Batzar Nagusiak eratzeko eta mahaia aukeratzeko prozedura hasiko da, beraz, eta, horretarako, osoko bilkurara deituko du Xabier Ezeizabarrena Batzorde Iraunkorreko lehendakariak.

«Hori da EAJk eta PSEk talde guztiei egin diegun akordio proposamena», esplikatu du Arrizabalagak; «eta, akordioa betetzeko, nahikoa da talde bakoitzak bere buruari botoa ematea» zehaztu du. «Alderdien erantzunaren zain gaude», gaineratu du bozeramaile jeltzaleak.

Horrez gain, Foru Aldundirako «gobernu egitasmoa garatuko duen akordio politikoa» negoziatzen ari dira EAJko eta PSEko ordezkaritzak, «eta hori izango da Eider Mendozaren izendapen hitzaldiaren muina», erantsi du Maria Eugenia Arrizabalagak. EH Bilduko ahaldungai nagusi Maddalen Iriartek irabazi ditu foru hauteskundeak Gipuzkoan, alde handiz, baina EAJk ziurtzat jotzen du PPren babesa Mendoza ahaldungai nagusi izendatzeko. Koalizio abertzaleak 22 batzarkide lortu ditu; EAJk, hamazazpi; PSE-EEk, zazpi; PPk, hiru; eta Elkarrekin Podemosek, bi. PPk izango du giltza, hortaz, ahaldun nagusia izendatzeko bozketan.

Araban, Gonzalez

Bestalde, EAJko ahaldungai nagusi Ramiro Gonzalezek esan du kontuan hartuko dituela oposizioak akordioetarako erakutsi duen prestasuna, eta Arabako aginte makila hartu ondoren EH Bildurekin, PPrekin eta Elkarrekin Podemosekin batzartuko dela edukiez hitz egiteko, betiere Vox bilera erronda horretatik kanpo utzita. Gonzalezek, PSE-EEren babesarekin, ziurtaturik dauka ahaldungai nagusiaren izendapena.

Arabako EAJko batzarkideen akreditazioan egin ditu adierazpen horiek Gonzalezek. EAJk eta PSE-EEk 24 batzarkideren botoak lortuko dituzte 51k osatzen duten taldean. Ez da gehiengo absolutura iritsiko kopuru horrekin, eta beste taldeekin akordioak erdietsi beharko ditu gobernatu ahal izateko. Izan ere, azken bozen emaitzek ez diote gehiengo absolutua eman EAJren eta PSE-EEren aliantzari.

Mikel Lezama PPko ahaldungai nagusiak berretsi du Mendoza jeltzalearen alde bozkatuko dutela, baina «ardura partekatua» eskatu dio EAJri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.