Herritarren nazio sentimenduen inguruko galdeketa egin du Electomaniak Espainian eta Hego Euskal Herrian, eta ondorioek berriz utzi dute agerian zer-nolako aldea dagoen espainiarren eta euskal herritarren artean nortasun nazionalari dagokionez.
Gaur argitaratu dituzte ElectoPanel ikerketaren emaitzak. «Herritarren nortasun sentimendua» jasotzea du helburu. «Euren autonomia erkidegokoak sentituko dira espainiarrak baino gehiago? Kontrakorik gertatuko al da?». Galdera horiei erantzuna bilatu nahi izan diete. Eta erantzun nabarmenak jaso dituzte.
Espainian, ondorioztatu dute nortasun bikoitza dela nagusi, hau da, herritarrek Espainiari adinako atxikimendua diotelaeuren autonomia erkidegoari. Espainiarekiko atxikimendu txikiena, ohi bezala, Galizian eta Katalunian antzeman dute, eta kontrakoa Madrilen. Esaterako, azken horretan galdekaturikoen %26k erantzun dute espainiar bakarrik sentitzen direla; %45 berriz, espainiar bezain madrildar sentitzen dira, autonomia erkidegoari dagokionez; eta %1,1 soilik sentitzen da bakarrik madrildar.
Kopuru horiek oso ezberdinak dira Galizian. Han, soilik %4,8 sentitzen dira bakarrik espainiar; %38,2 bietakoak, eta bakarrik galiziar sentitzen direnak %16,1 dira. Katalunian Galizian baino gehiago dira espainiar bakarrik sentitzen direnak (%5,7), baina zazpi puntu gutxiago bi nortasunekin identifikatzen direnak (%33,3), eta bakarrik katalan direnen kopurua askoz handiagoa da (%30).
Datuen iraultza gertatzen da Hego Euskal Herrian, ordea. Nafarroan, bakarrik espainiar sentitzen direnak %1,2 besterik ez dira; nafar eta espainiar sentitzen direnak %38,2 dira, eta bakarrik nafar sentitzen direnak %23,6.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Galizian bezain gutxi dira bakarrik espainiar sentitzen direnak (%4,8); bi nortasunak sentitzen dituztenak, %33,1 dira, eta bakarrik EAEko direnak, %33,8.
Electomaniako ikertzaileek ondorioztatu dutenez, Madrilen espainiartasunaren aldeko balantzea %84,4 litzateke, eta Hego Euskal Herrian, berriz, espainiartasun sentimenduaren balantzea negatiboa litzateke: -%6,8 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta -%7,6 Nafarroan.
Bistan denez, Electomaniak ez du aintzat hartu Euskal Herriarekiko sentimendurik galdeketa egiteko orduan, eta bakarrik «norbere autonomia erkidegoaz» egin du galdera.
Inbasioak
2013. urtean sortu zuten Electomania gunea. Hasieran, ekonomia, politika eta gizarte gaiak ikertzen zituzten. Geroztik asko zabaldu dute ikerketa eremua, bai gaien aldetik eta bai geografikoki.
Lehen ere argitaratu izan dituzte Hego Euskal Herria nabarmendu duten bestelako ikerketak.
Iazko martxoan, esaterako, galdetu zuten ea herritarrak prest ote leudekeen «Espainia defendatzeko, inbasio bat izanez gero». Hor ere, Hego Euskal Herriko datuak nabarmendu ziren, Kataluniakoekin batera.
Ondorioztatu zutenez, Hegoaldeko herritar gehien-gehienek ez lukete izenik emango Espainia defendatzeko.
Galdekaturiko Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako biztanleen %58,7k ezetz erantzun zuten (20,75ek baietz). Ezezko erantzunik argiena Gipuzkoan jaso zuten (%65,3), ondoren Bizkaian (%61,4), Araban (%58,6) eta Nafarroan (%49,5).
Horrez gain, erantzunen arabera, EH Bilduren boto emaileek adierazi zuten argien ez leudekeela prest Espainiako armadan sartzeko (%80,5). Ondoren zetozen Geroa Baiko bozkatzaileak (63,9) eta, azkenik, EAJkoak (62,7).