Amagoia Mujika Tolaretxipi.

Aldi hau kontatzeko, kazetaritza

2023ko ekainaren 15a
15:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hogei urteotan gertatutako gauza garrantzitsu asko ahaztuak ditugu seguruenik, nork bere barruan batzuk bakarrik gordetzen dituelako, hautuz edo burmuinaren mekanismoz, memoria onaren edo ez hain onaren arabera. Gure herriaren norabidea aldatu dute hainbat gertaerak; mingarriak izan dira asko, eta pozgarriak batzuk, baina denak kontatu ditugu, eta hor geratu dira, gure herriko historiaren parte: hor daude datorrenari zentzua emateko.

Mundua ere azkar ibili da, eta presaka gabiltza, inoiz baino gehiago, etenik gabeko aldaketen zurrunbiloan. Mundu aldakor horrek harrapatuta gauzka gu ere, ezinbestean, kazetaritzaren etorkizuna nondik etorriko den sumatu nahian. Beldurrak jota geratu beharrean, ordea, egunero-egunero egokituz goaz aurrera, gure etorkizuna eraiki eta ziurtatzeko, zurrunbiloak irents gaitzan utzi gabe, bai baitakigu zertarako gauden hemen: kazetaritza ona egiteko, euskaldun guztiontzat eskuragarri eta nahas-mahasean argigarri izango dena.

Egunero bada-eta zer kontatu eta zer argitu. Ez da hilabete hauteskundeak izan ditugula Hego Euskal Herrian, eta xehetasunez, begirada zorrotz eta analitikoz kontatu ditugu, herritarren ordezkari guztiei ahotsa emanez. Emaitzen ondorioak ikusi berri ditugu udal osatu berrietan, baina oraindik ere falta da gobernabideak argitzea, lehen gutxi ez, eta Espainiako boz aurreratuek baldintzatuta datozelako. Hauteskunde garaia izan edo ez, ezberdinak izaten dira hainbat gairi buruzko erabakiak, eta hauteskunde sasoi luze bat datorkigu. Mugimendu batzuk joko politiko horien erdian kokatu behar dira, eta horiek argitzen saiatuko gara, gakoak zein izan daitezkeen ezagutarazten.

Hauteskundeez harago, bizitzak aurrera jarraitzen du, ordea, eta ikusi dugu nola kanpainan bertan hil dituzten bi emakume. Indarkeria matxistak hiltzen gaitu, eta ez gara aspertuko esaten ez dela nahikoa kalera protesta egitera ateratzea, edo mitinetan salatzea, modu horretara zuritzea errealitate beltza. Egiturazkoa da arazoa, eta gizarte eredua aldatu beharra dago, aldaketa sakonak izango badira. Komunikabide feminista da gurea, eta presio bide bat ere izan nahi du, eragileekin batera, sistema patriarkala eraisteko.

Gure umeen eta gazteen etorkizuna ere jokoan dagoenez, hezkuntzan ere jarria dugu begirada, sentsibilizazio guztiei ahotsa emanda, gure irakurleen artean ere askotarikoak baitira hezkuntzaren inguruko pentsamoldeak. Euskarak eta kulturak batzen gaituzte, eta hezkuntzan zer leku izan behar duten, hori lantzea da gure xedea, murgiltze eredu inklusiboa ardatz hartuta, denon eskura egongo dena.

Kanpotik datorrenari bide emanez euskaraz bizi dadin. Ez diogu gure zilborrari soilik begiratu behar, eta euren lurraldeetatik ihesi datozenei atea zabaldu behar diegu, nondik datozen edo zer kolore duten axola izan gabe. Ezberdinak gero eta gehiago beldurtzen gaitu, baina ez dezagun ahaztu ezberdintasunak aberasten gaituela.

Gerratik eta pobreziatik ihesi etorri dira milaka; orain, berriz, beste milaka batzuk hasi dira etortzen klima aldaketa eragiten ari den sarraskien ondorioz, eta, mundua urtzen ari dela ikusten ari garen bitartean, lurra ustiatzen eta suntsitzen jarraitzen dugu, kontsumoak behartuta. Dudarik gabe, kezkatzen gaitu ingurumenak, eta, zer esanik ez, etorkizunean gertatuko denak. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu BERRIAk begirada zorroztea gai horiei behar bezala heltzeko.

Eguneroko bizitzari aurre egiteko eta mundua ulertzeko behar dugun ezinbesteko informazioa eskura jartzea da gure xedea. Aldi konplexu hau ulertzeko inoiz baino beharrezkoagoa baita kazetaritza. Informazio oldeak itota, berehalakotasun obsesibo baten menpe, eta zabor informatibo askoren erdian, kalitatezko edukiak emateko obligazioa dugu, informazio fidagarria, jendearen behar eta kezkekin lerrokatuagoa egongo dena. Euskal Herritik Euskal Herriarentzat sortutakoa. Zer gertatzen den begirada propioz begiratuko duen kazetaritza, garaian garaiko erronkei erreparatuko dien kazetaritza: feminismoaren begirada, gutxituen eta baztertuen begirada, klima larrialdiari buruzko begirada... Horregatik, kazetaritza hobea egiteko helduleku berriak prestatzen ari gara.

Udazkenean, BERRIAk jauzi digital garrantzitsu bat egingo du. Webgunea eta aplikazioak eguneratuko ditu, sarearen erabiltzaileei zerbitzu hobea emateko. Euskaldunok beharrezkoa dugu egunkari moderno bat sarean, informazioa kontsultatu eta zabaltzeko euskarri nagusi bihurtu baitira Internet eta sare sozialak.

Erredakzioaren funtzionamendua aldatuko dugu, eskaintza digitala indartzeko. Euskarri digitalen erabiltzaileen esperientzia hobetuko dugu, eta irakurleari edukiak pertsonalizatzeko aukera berriak eman, gogoko gaiak eta egileak esku-eskura edukitzeko. BERRIA entzuteko gune bat ere sortuko dugu. Gertuko informazioak leku propioa izango du, lurraldeka antolatuta, eta, horretarako, azpiegitura tekniko berri bat sortuko dugu.

Paperean ere egunkari moderno bat egiten jarraitzeko apustua berretsiko du BERRIAk. Duela urte asko darabilgu buruan papera desagertzeko arriskuaren beldurra, baina, pronostiko guztien gainetik, uste baino gehiago irauten ari da, eta gaur-gaurkoz, harpidedunei eta publizitatea ezartzen dutenei esker, egunkari sendo bat egiteko moduan gara. Duela bederatzi urte gogoeta sakona egin zuen BERRIAk, papereko egunkariaren eskaintza eguneratzeko, aldi konplexu hau azaltzeko pentsatua. Eguneroko berriez gain, gogoeta egiteko eta aldi hau ulertzeko gakoak ematen dituena. Egunkari diferente bat, modernoa. Asmatu genuela uste dugu, eta apustu horretan sakondu nahi dugu orain.

Mundu osoko egunkariak ari dira aldatzen, krisi ekonomikoen eta sektorearen krisiaren eraginez. Testuinguru honetan, inoiz baino garrantzitsuago bihurtu da BERRIAk papereko eskaintza horri eustea, euskaldunek behar duten eta merezi duten zerbitzua emateko.

Berritua etorriko da, gainera. Diseinua berrituko dugu digitalean eta paperean, modu integralean, produktu argiagoa, arinagoa, irakurterrazagoa eta erabilgarriagoa egiteko. BERRIAren nortasunari eutsita, euskarri guztiak berrituko ditugu: ordenagailua, papera. Sakelako telefonoa, tableta eta aplikazioak. Gure bi zutabeak indartuko ditugu: kultura eta iritzia. Eta egungo kezka nagusi batzuetan ere indar handiagoa jarriko dugu: feminismoan eta ingurumenean.

Berrikuntza horiek guztiak zure babesari esker egin ahal izango ditugu. Komunitatearen babes ekonomikoa da BERRIAren independentziaren bermea. Irakurleen eta publizitatearen ekarpenei esker lortzen du BERRIAk bere diru sarreren %70. Horrek aukera ematen digu inongo menpekotasunik gabeko kazetaritza egiteko. Apustu horri eutsi nahi diogu, irakurle gehiagoren babes ekonomikoa lortuz eta komunitatea gure jardunaren erdigunean jarriz. Herritarrek egin zuten BERRIA, eta herritarrek egin behar dute BERRIA. Komunitateari parte hartzeko aukerak eta zerbitzu hobea emateko baldintzak sortuko ditugu berrikuntza horiekin.

Berrikuntza izango da zuzendari aldaketa ere, eta ez nuke amaitu nahi Martxelo Otamendiri eskerrak eman gabe. Lankide paregabea izan da, eskuzabala, gertukoa, eta sekulako jakintza jarri du gure eskura. Gure proiektuan bete-betean sinetsi duelako eta aurrera eramateko gaitasun aparta eduki duelako izan zen herri honetako gertakari lazgarrienetako baten protagonista, baina ez zuten lortu mendean hartzea, eta indartsu eta gogotsu jarraitu du, munduari erakutsiz euskarazko egunkari bakar eta bakanak zuzendari bikaina duela.

Martxelo badoa. Lankide batzuk joan dira, eta beste batzuk etorri, baina talde sendo bat du BERRIAk oinarri, eta egiteko modu bat, elkarrekin aritzea baita daukagun baliorik handiena. Gizartea ere hala ulertzen baitugu: solidarioa, kolektiboa eta zabala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.